Kolonia ezin merkeagoz blai-blai eginda orraztutako ume gaixo horiek

Kolonia ezin merkeagoz blai-blai eginda – 

Orain hiruzpalau hamarkada zer nola otzatzen zuten ume koskorren ilajea botetzar horietako kolonia ezin kalitate txarragoz. Hori etortzen zait akordura tarteka marteka. Garai guztiek dute beren ustekizunak, bere baloreak, eta nola ez, horien guztien isla badiren zenbait zenbait ohitura eta praktika. Praktik diren hauek, direnik eta zehatzenak eta ustez eta itxuraz beregainenak eta, hortaz, itxura batean, ezein barne ideiarekin loturik batere gabekoak, finean, sakonean, eta beraietatik tira egitera, azkenerako, garai horretako uste eta kredoaren isla baino ez dira. Praktika itxuraz inozo eta tonto horietariko bat kolonia txar horien txorrotada indiskriminatu horiek dira, umetxoek, nahitaez, eta bai edo bai, pairatu behar zituztenak, gure helduon ikusirako ezin menderakaitzago omen ziren ilaje horiek otzantze aldera. Ez zen beste munduko ezer, baina gozagarria behintzat ez zen, ez umeentzako, beste guztion usaimenerako. Baina hala behar zuen derrigor; garai hartako umeek, kalera baino lehen, ilearen blaitze kirasdun horretarik pasa behar zuten ezinbestean. Usaia nazkagarria zen, baina helduen esanetan ilaje hezikaitz omen ziren horiek kolonia txorrota guztiz neurriz kanpoko horiek jaso behar zuten ume horiek.

Memelokeria huts eman lezake kontu honek, komentariorik batere berez mereziko ez lukeena. Agian hala izan liteke. Halere, nago garaia harako hura, egungo egunekoaren aldean, hainbat konbikzio ez-azalekoren isla ere bazela. Kalerako umeak ziren harako ume haiek. Beti etxetik lehenbailehen kareratzeko umeak ziren garai hortakoak. Kalera baino lehen, norbere ezberdintze hautu-aukera handirik gabe, gutxi-asko berdintsu samar zihoazenak kalera, molde berekoak, kolore aniztasun askorik gabeak, eta, bateratsu, den-denak estandar homolagoturen baten aterkipean. Kolonia naskagarri horiekin egin ohi zituzten aipatu gehiegikeria hau umearen kalerako pack barrukoa zen, besteetan beste. Kolonia ezin txar eta merkeago horien kiratsari orduko garai hartan kasu zipitzik ez, eta berez kalpartsutzat zituzten ilaje horien otzantzearen bermea zela ikusirik oso gustora.

Ez dakit zer demontre agitu den ordutik hona. Ez dut, egia esatera, gaur egun arteko jarraipenik egin umeen ile kontu honekikoan. Baina, ez dakit mutazioz-edo, ilaje kalpartsu harako horiek, egun, “serieko”, genetikoki-edo, jada otzan-otzan eta ezin esanekoago datozkigun…Ez dakit, egia esatera. Baina aspaldi-aspaldi ez dut horrelatsuko ilaje kolonia txarrez mela-mela egindakorik kalean ikusten. Bestetik ere, lote handietan saltzen zuten, eta egungo egunean koloniatzat ere jotzera nekez ailegatuko ziren horiek merkatutik, edo gutxienez gure usnamenetatik, guztiz bazter geratu direla ere esango nuke nik. Ez dakit zer gertatu den, egia esan. Ez dakit etxe barruko pribatsunean bestelako formula berri eta arraroren bat ibiltzen duten, niri eskapatzen zaidana, ile horiek otzantze aldera, gerora kalean umetxo horiek ilea blai-blai eginda ez agerrarazteko, ez dakit. Egungo egunean, gure kanporako irudia estetikoki askoz ere anitzagoa da eta horrek, zeinek jakin, agian, akaso, ilajeak, edozein moldepean bada ere, are guztiz oldartuak ere, egun, lehen ez bezala, izan lezake gizarte poliestetiko honetan bere leku duin, bere zertaz lotsaturik izan ez, ez dakit. Bestela ere, agian, zeinek jakin, nork bere etxe barruko formula sekretua izango du, eta nork bere erara etxekotuko du kalerako den ilaje hori, gerora erabilitako formula guztiz pribatuan geratuta, inortxok ere horren berririk izan gabe, ez dakit. Edota, agian, sarera, plataformetara eta pantailetara aurreko ume menpeko eta dependiente horien kopuru gero eta handiago horrek ume asko eta asko atera ditu kaleetatik; igual pantailen gatibualdiko ume andana horren barruan ilaje kalpartsu eta hezikaitzeko horiek daude, jada kalerako izan beharrik gabe. Ez dakit zer den, egia esan. Ez dakit ile genetikoki egokituagoak ote diren, ez dakit kolonia nazkagarri aspaldiko horiek ziur osasunerako oso kaltegarriak jada baliatu ezina ote den, ez dakit egungo ume gehienak jada soil-soilik pantailetarako eta kalerako ez izatea ote den, ez dakit kontu hau umeak inondik eta inolaz ez traumatzea eta oztoporik ez jartzeko korrente arrosa koloreko horrekin bat-bat egiten duen. Ez dakit oraindik nondik, nola, azaldu umeen eta oro har denon usaimenerako ekintza kasik terrorista zen kolonia erabilpen honekikoan emandako eraldeta. Hutsune eta askapen ederra utzi digu gure zentzumenetariko bat den usaimenean. Alabaina, gauzak ez dira doan gertatzen, edo hori da bederen nire usmoa, eta honako libratze honen atzean argitu beharko genukeen zer edo zer egon liteke. Ez dakit ez ote zatekeen hobe izango ohitura-praktika horiek oraindik ikustea (usaitzea, batik bat). Izanez ere, gizarte praktika guztiek beren zergatia dute eta hau, bereziki bortitza izanik, egunetik biharrera guztiz desagertu izanari zinez susmo txarra hartzen diot; kontu honek ez dit usain onik ematen, egia esan.

Igor Goitia

Kolonia ezin merkeagoz blai-blai eginda orraztutako ume gaixo horiek

Teologia ikasitakoa. Gai filosofiko eta espiritualetan jardunda.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude