Kokaina, Freud eta Coca-Cola

Kokaina, Freud eta Coca-Cola

kokainaHistoria aldakorra da, kokainarena barne. Esaten ari naizenaren erakuslerik onena da XIX.mendeko portzelana pieza honen argazkia. 

1879an kokaina morfinaren dependentzia saihesteko asmoarekin erabili zen, baina berehala ohartu ziren lokatzetik irteten ari zirela zingiretan sartzeko. 1884an Alemaniako hainbat kliniketan anestesiko gisa probatu zuten, anestesia lokala. Garai berean, Sigmund Freudek, historiako kokaina zale ezagunenetako batek, gaiaren inguruko idatzi mardula plazaratu zuen: Über Coca. XX.mendean eragin handiena izan duen pertsonetako bat da Freud, Marxekin batera, eta bere liburu ezagunenak kokainaren eraginpean idatzi zituen.

Baina kokainaren historian protagonista nagusienetako bat da Coca-Cola edaria, izenetik hasita. Hastapenetan, edaria koka hostoen estraktuekin egiten zen, eta Coca-Cola baso bakoitzak 9 kokaina miligramo inguru zeuzkan. 1903an praktika honekin amaitzea erabaki zuten, eta kokainaren ordez kafeina sartzea deliberatu.

Denok dakigu edari honen errezeta top secret dela, ezta? Nork ez du entzun txutxumutxurik? Adibidez, munduan Coca-Colaren formula dakiten lau pertsona daudela, ez direla elkar ezagutzen eta beti multinazionalaren begiradapean daudela, ez dezaten garraio berean kointziditu, esaterako. Irudimena boterea da, aizue.

Ba nik sekulako ikerketa egin dut gaiaren inguruan. Wikipediaren arabera, Coca-Colak oraindik ere kokainarekin zerikusirik ez daukaten koka hostoaren estraktuak erabiltzen ditu. Lehengai hori Chicagoko Stephan Chemicals enpresak hornitzen omen du, eta gainera, haiek omen daukate patente bakarra munduan koka hostoari kokaina kendu eta zaporerako bizigarri gisa erabiltzeko.

Historia aldakorra da, eta inflazioa, eta prezioak… Lehen kokaina familia dirudunetako jendeak bakarrik hartzen zuen, eta orain, aldiz, asko sozializatu da. Baina historia ez da hainbeste aldatu. Kokaina gramo estandarrak 60€ balio ditu, batazbeste; aberatsek hartzen dutena garestiagoa da. Orain, lehen bezala, langileei bideratutako drogak daude batetik, kalitate hobea ordaindu dezaketenentzako sustantziak bestetik. Diru asko behar da portzelana potea betetzeko.