Kilikak eta

Kilikak eta –

Kontatu behar dizkizuedan hurrengo xelebrekeriak, gehien-gehienetan etxetik kanpo gertatzen zaizkit, konparazio batera, kontzertu serioetan, bileretan, zinema aretoetan, antzokietan eta kideko lekuetan; baita kalean ere batzuetan.

Kilikak eta
Arg: Marcus Aurelius

Kontua zera da, halako toki “serio” horietan, batzuetan kilikak edota azkura sentitu ahal ditudala sudurrean, kopetan, belarrietan, begietan, lepoan, masailetan edo beste edozein lekutan, baina mahai egoki bat, bere altuera eta hanka aproposekin edo antzeko beste zerbait ez baldin badut ondoan, besaurreak ongi bermatu eta eskuak altxatu ahal izateko, orduan ezin izaten dut hazka egin, eta, kilikei edota hazkurari eutsi egin behar izaten diet, estutasun galantak pasatuta.

Hasiera batean, lotsagatik-edo, ez zitzaidan bururatu ere egiten konponbideren bilatzea, baina denbora pixka igarota, nire burua askatu eta aterabideren hasi nintzen pentsatzen, esate baterako, belaunen gainean eraman ohi dudan maletatxotik, makila txikitxo bat atera, eta, batere konplexurik gabe, harekin behar dudan lekuan hazka egitea.

Beste batzuetan gerta dakidake sudur zuloak lehortzeko beharra izatea, eta, hori, jada, konplikatuxeagoa da, hala nola filmetan, antzerkietan eta abarretan, hunkidurarengatik-edo, malkoak ateratzen zaizkidanean bezalaxe; xukatu nahi bai, baina ezin lehortu. Hasiera batean, estualdi handi xamarra izaten zen niretzat, zera pentsatzen bainuen: <Jendeak ze iritzi izanen ote du nitaz, egoera “bitxi” honetan ikusita? Ganbaratik nahasten hasita nagoela pentsatuko al du? Errukirik sentituko ote du nitaz?>. Auskalo!

Beste batzuetan, batez ere kalean zehar gurpil aulki motordunean ibiltzen naizenean, eskuin oina pixka bat mugitu egiten zait pedalean, aurrera pittin bat eginda, lurreko koskek sorrarazten duten dardararen ondorioz. Kasu horietan, oina berriz bere leku zehatzean jartzeko, zerbaiten aurka bultzatzen dut, alegia, zerbait hori izan daiteke horma bat, zuhaitz bat, zutabe bat, gurpil bat eta abar. Kontua, tope on bat edukitzea da, oina berriro bere toki egokian ezartzeko. Maniobra hori egiten dudan bitartean, eta, jendeak modu xelebre horretan ikusten nauenean, pentsatzen dut, beste pertsona horiek uste izanen dutela, ni, horma edo dena delakoa, bota nahian arituko ote naizen; hau da, erotzen hasita ote nagoen. Baina, bueno, gaur egun berdin zait. Hasiera batean bai, hasieran horrek era negatiboan eragiten zidan, baina dagoeneko konplexu gehienak kanpora bota ditut, eta, ni, nirera noa, jaramon handirik egin gabe besteek pentsatu edota esanen dutenari.

Kilikak eta

Auritz. Idazlea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude