“Kantzelaziorako” garai erraza

“Kantzelaziorako” garai erraza –

Separatu-bereiz al daitezke obra eta artista? Hau da, eta horrekin oso lotuta, eta hain moda-modan dagoen kantzelazio delakoaz zer? Betidanik egon da, beti-betidanik, eta are indar askoz handiagoz aspaldiko denboretan. Hainbesteraino non, egun kantzelazio deritzogun esparru semantikoaren zedarriak ondo ere ondo gainditzen zituzten iraganeko praktika harako horiek. Izanez ere, kantzelazioa guztiz motz geratuko litzateke, eta hori bainoago, kondena zen, guztizko gaitzespena, obrarena, artistarena eta honek igurumarian utziriko arrasto guztiena, itzala eta guzti. Behialako sistema hertsi, kolore bat eta bakarreko, betibateko, inkisitorial, eta ondo kontrolatu horietan, edozein desbiderabeni edo horren tankera har zezakeen edozeri, zast!, paretik erauzi eta “anatemen” zaku handira!

Egungo egunean baina, besterik dugu kontua. Sistema inkisitorial antzinako horiek ahanzturara lerratuak ditugu jada. Eskerrak! Alabaina, moda-modan jarri zaigu kantzelazio delako hori. Agian betidanik jardun du bere erara kantzelazio delakoak. Orain baina, oso indartsu dabilkigunik ezin uka. Sare sozialeek luzatutako botere itxuraz demokratiko horrek seguruenean zer ikusirik asko izango du. Egungo eguneko azaleko politikak ere bere parte izango du. Kantelatzaileak, kantzelatuak eta kantzelagaiak hor ditugu, honen guztiaren ekuazioan.

Kantzelagaiei dagokienean, zer esango nukeen? Bada, berez, ondo deritzedala. Arrrazkeriarekin loturiko zenbait jarrera ez ditugu zertan jasan behar, noski. Genero berdindasunaren kontrako zenbait jarrerei dagokienean, edo genero orientazioarekiko ezin onartuzko zenbait jarrerei dagokienean, bada, beste horrenbeste. Halere, dena ez da arrosa kolorekoa. Ezen, lau gai horiek, lau diot gutxi direlako, gure gizartean guztiz alderik aldekoak badira ere, injustizien balantza globalean pisu han-handia badute ere, askoz gai gehiago daude, askoz bidegabekeria gehiago, ezinduak direla, kale gorrian bizi den jendea dela, bizitza kapitalista honen lan zama estresanteak bihotzeko emandako horien guztien ezina dela, sistema hau, lana eta lanetik kanpokoa, eroapenez jasan ahal izateko antsiolitikoez mukuru dopatauak (drogatuak?) joan behar diren horien ezina dela… eta ezin konta ahala kontu eta kontu ikusi nahi ez ditugunak, apaiatu ere nahi ez ditugunak, areago ere, izenik ere, etiketarik ere, oraindik ez dutenak… Pena, baina sistema simple eta azal-azaleko behar dugu, zenbatenaz eta gehiago, hainbat hobe, festak jarri dezala! Injustiziekin aukera gutxi-gutxiko menua dagokigu hortaz, zer egingo diogu, bada!

Kontuak horrela egotea guztiz normala eta guztiz espero izatekoa dugu. Ezen, etikoki emaitza eman zaigu, hau da, zer esan-pentsatu behar dugun gai hauen gainean eman, eman zaigu ondo prekozinatua. Eta, berez, ondo daude izan beharko genituzkeen jarrera horiek, etikoki ondo daude, Giza Eskubidei dagokienean ondo daude. Baina, berez, eta tamalez, ez dira oso geuretik atera, ez dira, egia esatera, gure hausnarketetatik atera… Alabaina, ez dugu errurik, batere. Aspaldindanik gaude hausnarketa etikorako, benetako hausnarketarako, ondo zikiratuak. Hezkuntzari besteri ez zaio begiratu behar; gai etikoa ondo zedarritua dago, eta aipatu lau gai horien larria zein beren sakona pentsatzen hasi orduko, edo pentsatu baino askoz lehenago, zast!, pentsatu beharreko hori jada ezin argiago mutur aurrean dugu… Hortik ziurrenik ere injustizien menua horren eskasa izatea. Igual, tamalez, gaur egun, arrazakeria, xenofobia, misoginia eta… are etikaren esparrutik ere atereak izan dira, eta ideologiaren esparrura aldatu dira; hortik hara, zer bando ideologikokoa zaren, honelakoak edo halakoak jarraitu beharreko argibide parrokial argi eta ezin klaroagoak… Gerora, gai hauen gainean norbere konbikzio moralak zinetan zeintzuk diren eta nondik nora doazen, hori besterik da, eta agian hobe ez jakitea, ikusita, banderak bandera, euren burua ideologikoki lasaitu orduko zenbat fatxa, megafatxa eta ultra fatxa dauden parrokia guzti-guztietan.

Baina, natorren berriz lerro hauek bultzatu dituen aipatu kantzelazio delakora. Bi parrokia nagusien arteko zein baino zein horretan, kantzelatuak eta kantzelagileak ditugu, bateko eta besteko. Erdibidean, jende-masa otzandua. Kantzelatuak eskuarki gutxi-asko beti berberak ditugu, horretara “bokazioz”-edo deituriko horiek. Biktimarena ondo baino hobeto egiten dakitenak. Eta kasu asko-askotan pairatutako “kantzelaziotik” nondik bizirik atera asmo dutenak (benetakoak badira, bene-benetakoak), behin kantzelatuak izanda bilaturiko helburua iristen dutenak. Kantzelagileak ere, bokazioz, onberen taldekoen ideologiaren beroak adoreturik eta, arrazoia izan badezakete ere, eta beraiekin bat egin besterik ez badugu ere, aspergarriak kapu gabe, apaiz postmoderno berriak, eta zin-zinezko konbikzio etikoz guztiz eskastuak.

Halere, erdian dagoen jende-saldoak kezkatzen nau gehienik. Kantzelazioen agendak argitzen die nora begiratu eta nondik desbideratu behakoa, zer entzun eta zeri egin entzungor… eta agian ondo dago, agian ez genituzke baserritar arrazista baten tomate goxuak erosi-jan behar. Agian ez, ez dakit. Artista eta bere obra noraino bereiz daitezkeen, edota noraino bereiz beharko genituzkeenez, eztabaida hori aspaldiko kontua dugu. Horri emandako erantzuna, baina, oso adakorra, arbitrarioa guztiz izan ez bada… Adibide baterako, zer izango zatekeen gure filososofia postmoderno dekostrukzionista superguai guztia gure Heidegger faxista goitik beherakoaren filosofia ezagutu izan ez bagenu, eta beorren bidez Nietzscherenaren berririk batere izan ez bagenu (misoginoetan misoginoen izan genuen hori, portzierto)…

Hortaz, separatu al daiteke obra bere obragilearen eskutik. Beharko!. Edo ez. Kaka txarrak dituen pertsona txintxo horrek bezala, pertsona moduan guztiz gaitzesgarri dugun horrek zerbait onik eman al lezake? Zeinek jakin! Agian arte-arloaren arabera. Edota, hori posible balitz ere, ez al ginateke pertsona horrek berez mereziko lukeen gaitzespen moral horren kontra arituko. Ez dakit. Historia garaikidean inkoherentzia handi-handiak eman direla argi eta garbi dago. Agian, tamala bada ere, ezin baten aurrean gaude. Izanez ere, obra-autore, subjektu-objektu, nahi eta nahi ez, elkarri lotuta egon edo ez, elkarri hertsiki lotuak irudikatzen digutu beti ikus-entzuleok. Haiserako obra on batek ebatz lezake zein dugun autore ona eta zein ez. Hasiera batean eta on-onenean; ezen agian beste botere ezkutu batzuek hartu dute benetako pisua erabaki delako horretan. Kontua baina zera da, behin artistak fama ondo bereganatuta, akabo, ordutik hara, lasai har dezala bere eginbeharra, lasai-lasai, egindako hori kakaren hurrena izanik ere, berea denez, maisulana izango dugu, ukatu ezinki, eta dudatan jar lezakeen oro… ezjakin-paleto hutsa.

Ikus daiteke, hortaz, kantzelazioaren kultur berri honek arinkeriatik (ideologia arinetik) asko badu ere, arrakasta handi-handia izan lezakeela, baina ez berezko duen ezergatik, hau da, bere merito propiorik gabe. Anti-arrazistak izanik, sakonean zergatik ote diren horiek bezalatsu, kantzelazioak, bere arrakastarako berezko deus gutxi izanik ere, bere sorreraren aurretikoa den zerbait du bere alde, aipatu berri dudan hori alegia, erraietaraino sartua dugun obra eta artistaren arteko lotura ezin bananduzkoa. Pega-pega eginda dakuskigu biak ala biak, pega-pega eginda eta betiere artistak, hau da, artistatzat dugun pertsona horrek, lehentasun guzti-guztia hartzen duelarik. Hartara, artista gustoko ez badugu, eta bost axola pertsona moduan den edo bere dimentsio artistikoan ote den, zabalik dugu bidea bere obra guztiari ezkusia egiteko. Aspaldi zaharreko kontua dugu aipatu hau, eta moda-modako kantzelazioari primeran datorkio, ezin hobeto:

“Denbora hunetaco izpirituac hain dira flacoak, non irakurtcen dutenec ezbaitute consideratcen cer irakurtcen duten, baicic norena eta noren escuticacoa den” (Joanes Etxeberri, XVIII. mendea)

Igor Goitia

“Kantzelaziorako” garai erraza

Teologia ikasitakoa. Gai filosofiko eta espiritualetan jardunda.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude