Kaka

Kaka –

Nerea Ibarzabalek, Bizkaiko Hitzan.

Mundua ezaugarri askoren arabera banatu daiteke bitan, baina oinarrizkoenari erreparatuko diot; nire ustez, multzo batean daude kaka edonon eta edonoiz egiteko gaitasuna dutenak, eta bestean, bakarrik, atea itxita eta denboraz egin behar dutenak, diskretuki. Edo bestela esanda, a) inguruaren baldintzapenik barik edozein lekutan beren buruari libre eta eroso sentiaraztea baimentzen diotenak, eta b) inor deseroso ez sentiaraztearren edo norbere zaurgarritasuna ezkutatzeko, kaka egiten dutela nabaritzerik nahi ez dutenak. Iruditzen zait gure komunerako ohiturek gainerako kaka guztiak kudeatzeko dugun moduari buruzko pistak ematen dituztela.

Ez dakit zu zein multzotakoa zaren, edo denboraldika zoazen, baina b) taldekoa baldin bazara, agian arazo guztiei eutsiko diezu komunerako gogoari bezala. Idorreria emozionala dei dakioke horri.

KakaDena gordetzen eta lehortzen zaizu barruan, esan edo konpondu gabekoz sabela bete-bete egin eta pasatuko dela sinesten duzu, ahaztuko duzula, hustu beharrik barik.

Bitartean a) multzokoak ikusten dituzu inguruan oihuka, “ei, kaka egitera noa!”, “kaka bat kontatu behar dizut”, “kakagura eman dit esan didazunak”, “kaka eginda nago”, eta inbidiaren eta lotsaren arteko nahaste bat sentitzen duzu, zuk ere esan nahiko zenituzkeelako gauzak horrela, baina zerbaitek diotsu gauza horiek, barrukoak, ez direla jendaurrean esan behar. Deserosoa dela besteentzat.

Eta, batez ere besteen emozioek inporta dutenez, inor deseroso ez sentiarazteko ahaleginetan joaten zaizu bizitza; hainbeste saiatzen zara batzuetan, non ia zure existentzia ere lausotu egiten den, keinurik, hitzik, ekintzarik txikiena ere izan daitekeelako norbaitentzat deseroso.

Baina egun batean mina iristen da, justu uste zenuenean ondo zeundela eta zure gorputzak lortu zuela materia hori guztia —zuloren batetik kanporatu beharrik barik— desagerraraztea. Idorreriak gain hartzen dizu, hiru hilabeteren ostean edo 40 urte igaro eta gero agian, nork daki. Ez dago aukera gehiegi horrelakoetan: laxanteak hartzea —zuk aukeratu zein modutakoak— eta dena kanporatzea hasierakoa baino prozesu deserosoagoa eta luzeagoa-, edo eusten jarraitzea eta guztiz gaixotzea.

Teoria txatxu bat dirudi; ziurrenik izango da, eta baliteke zuek, komunera oso erraz joan arren, barruko hitzak adierazteko arazoak izatea, edo alderantziz. Beharbada ni naiz, besterik gabe, elkarrekin loturarik ez duten bi arazo dituena.

Hala ere, momentuz bientzako konponbide bera hautatu dut: ahalik eta sarrien esertzea — eta hitz egitea—.

Kaka

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.