Jendartea emakumetu

Jendartea emakumetu

Euskaldunen erdigunean emakumeak aurkitu ditut. Nire burua euskaldundu ahala, emakumetu ere egin da. Euskaldun huts batek bezala pentsatu ahala, emakumek bezala ere pentsatzen hasi naiz.

Jendartea emakumetu behar dugu. Horretaz ia guztiok ados gaude.Baina askotan, gehienetan ez bada ere, emakumetze hori gizontze bilakatzen da. Jendartea emakumetzea oztopatzen duten trabak ez dira nolanahikoak, hominidoen egitura biologikoan sustraituta daude eta. Argudio hori, jakina denez, patriarkatua saihestezina dela frogatzeko erabili da. Biologiak erakusten duenez, dioskute, emakumeek gizonen mende egon behar dute. Interpretazio hori ideologia matxistak sortutakoa da, halere. Baina  ustezko oztopo biologiko sakon horiek kontuan hartu behar ditugu, jendartean emakumeen bidea ireki ahal izateko.

Jendartea emakumetuLehenengo oztopoa: kontzientzia ez da adimen eta arrazoiaren eremua, pasioen eremua, baizik. Humek zioenez: gizon-emakumeak pasioen esklaboak dira eta izan behar dute. Hau da, kontzientziaren pasioak beste pasio batzuekin baino ezin dira menderatu edo bideratu. Arrazoiak ezin du ezer egin pasioak aldatzeko, beste pasio batzuen laguntzarik gabe. Gizonezko pasioei aurre egin nahi izanez gero, arrazoia emakumezko pasioekin ahaldundu behar dugu.

Bigarren oztopoa: Gizon-emakumeen kontzientzian gizonezko pasioek,  boterearen pasioek alegia, nagusi dira. Horrek esan nahi du gure kontzientzia egituratuta dagoela emakumeen eta gizonen arteko erlazioak gizonezko ikuspegitik atzemateko. Bestela esanda, gure kontzientziak gizonezko  mundua benetako eta funtsezko mundua dela sinestera garamatza. Mundu horretan, zeinean oldarra, hierarkia, jabetza eta halakoak nagusi diren, nabaria da gizonak emakumeak baino azkarragoak eta garrantzitsuagoak direla. Nola ukatu gure kontzientzian nabaria dena?

Arrazoia emakumeen alde dago, halere. Baina, dakigunez, arrazoia pasioen laguntzarik gabe indargea da.  Tamalez, gizon-emakumeen  kontzientzia emakumetzeko,  emakumezko pasio isilek «Kongo ibaia» (ik. “Zertarako arrak”) gurutzatu behar dute; hau da, kontzientziaren eremuan agertu behar dute.

Hori da gure erronka: txalupa bat aurkitu behar dugu Kongo ibaia zeharkatu eta emakumezko pasio isilak eta baketsuak gizonezko lurraldera eramateko.

Badugu txalupa hori. Idazkeraren txalupa da, hain zuzen.

Garaia iritsi da. Emakumeek ere, euskaldunek bezala, ezin dute gehiago itxaron. Andereñoaren aginte makila hartuz, dioskute: Ixo! Orain idazkeraren txanda da, kanta eta liburuen txanda. Orain nesken eta emakumeen txanda da.

Jendartea emakumetu

FILOSOFO OHIA