“Jakin izan banu” ugari datozkigunean

“Jakin izan banu” ugari datozkigunean –

Beti iruditu zait mundu honetan barrena, nork bere formula behar duela. Ez dago formula bakarrik, eta nor bakoitzak behar du berea. Zenbat ate, hainbat maratila, dio esaera zaharrak. Halere, mundua ate bakarrekotzat jo bagenezake ere, eta halakotzat jo beharko genuke derrigor komunean zer edo zer ahotan eta burutan hartuko badugu, ate zabal-zabala geneukake mundukoa, nor bere norberatasun errepika ezin horretatik igaro ahal izateko adinakoa. Ezin konta ahala maratila dituen ate bakar moduko bat geneukake hortaz mundua.

Hori horrela ere, badago zerbait edozeinen bizialdiaren prozesuaz esan daitekeena; norbere bizi-ibilbidea propio eta errepika ezina delarik ere, eta hortaz horretan sartu gabe ere, badago zerbait bizialdiaz, edozeinaz, bere orokorrean, esan litekeena. Izanez ere, nor bakoitza, bere bizialdian zehar aurrera egin ahala, urteetan sartzen den heinean, eskura duen maratila ere aldatuz joaten zaio, halako moldez, non ez duen zerikusirik batere egun duen maratila, eta umetan edo gaztetan izan zuen aspaldiko harako hura, eta gaur duen horrek ziur askoan ez du zerikusi askorik izango zahartzaroan izango duen etorkizuneko harekin. Umeak, gaztetxoak, dena du harkizun, dena du ezagutzeko, ikasteko. Hor datza hain justu ere bere ez-ziurtasuna, bere izate des-ziurra, oraindik ez dakien horretan guztian; eta horrekin batera, ikasiz joaten den guztia, barneratzen duen guztia ziurtzat du hartzen, eta ziurtzat hartu behar du. Ikasiz joaten da eta ikasten duen oro beharrezkotzat, ziurtzat hartzen du. Orain ikasi behar duela, gero lan egin, derrigor honela eta hala egin behar dituela gauzak esan eta esan egiten zaio. Bere egingo dituen ezin konta ahala argibide luzatzen zaizkio heldu bidean dabilen horri. Denak ditu sinesten, eta sinetsi ahala bere bizitzaren ziurtasunaren lursoroa du harian-harian zabaltzen eta gotortzen.

Ziurtasun irabazte goranzko bat ematen da norberarengan bizitzan aurrera egin ahala. Hala da, baina adin-mugarri batera ailegatu arte. Adin batetik aurrera, bat-batean ziur-ziurtzat genituen ez dakit zenbat konbikzio, uste, ustekizun…emeki emeki beratuz, ahulduz, are ezdeustuz ere joaten dira; mundu des-liluratze moduko bat da ernatzen norbere baitan. Ai, kontatu zidaten hori guztia orain dakidan moduan ikusi izan banu! Kontatu izan balidate! Jakin izan banu!

Alperrik dena! Isil gordean izan zuten hori guztia zuretzat, guretzat,  zure, gure, hobebeharrez gorde ere. Istorio fin eta borobil kontatu behar izan ziguten helduarora ailegatu ahal izan giintezen, bestela ez genukeen-eta aurrera egingo. Isil gordean mantendu behar izan zuten dena. Egonkor eta ziur den Egia orain ikusi, sentitu edo intuitu dezakegu, orain baino lehen inondik ere ez. Horretarako baina, honaino ailegatu behar ginen geurez, eta guk geuk parte hartu, horren parte izan, eta ezagutu dugun horren parte izan. Orain artekoa? Bideko loreak!, bideko loreak baino ez. Baina ezin kontatu deusik ere gu baino nahikotxo gazteago diren horiei! Utz diezaiegun beren bidea egiten.

Jakin izan banu bizitza horren laburra zela!
Jakin izan banu kasik instant batean eskuetatik joango zitzaidala!
Jakin izan banu bizitza neure hau nik neuk bizi nezan zela!
Jakin izan banu bizitza honetan ni neu izatera deitua nengoela!
Neroni nintzela bizitza honetarako
eta bizitza hau neronentzat,
jakin izan banu!

Jakin izan banu, ez zitzaidakeen damutuko, ez!
Jakin izan banu…

Hortaz, “jakin izan banu!” ugari eta gehiegi
orain burura datozkidanak!
“Jakin izan banu!” orain honetatik,
aurre-intuitu,
etorkizun, etortzear agian litezkeenak.

Horixe da, orain, urrunetik, jakin, ondo dakidana.
Jakin, ondo dakidalako ez dudala geroan inongo “jakin izan banu”-rik nahi.
Jakin, ondo dakidalako orain dudala parada benetan bizitzeko,
orain dudala aukera nire bizitzaren instant bakar eta guztiez harro egoteko,
orain dudala abagune inoiz inolaz ezertaz ez damutua izateko.
Jakin ondo dakidalako bizi nahi dudala, sakon eta zinez bizi ere!

 

Teologia ikasitakoa. Gai filosofiko eta espiritualetan jardunda.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude