Izotzaren aroa
Izotzaren aroa –
Duela hainbat urte, lana medio, kotxe pribatuaren atzaparrek harrapatu ninduten arren, autobuseko ordu luzeak eguneroko ogi ziren garaiak ez zaizkit oso urrunekoak. Jakin nahiko nuke unibertsitatean emandako sei urteetan, zenbat kilometro egin ote nituen bidaiotan.
Denbora hartan guztian, ondoan eserita joan ginen, kotxe ilara luzeak pairatu genituen elkarrekin (zutik, eserleku denak beteta egotearen ondorioz), elkarri itsatsita egon ginen, irratiko uhin berberen entretenimenduan… Baina ez genion elkarri hitz bat bera ere egin, ez ginen elkar ezagutu, ezta elkar agurtu ere.
Nahiago izan genuen bakoitzak bere bakardadean egin eguneroko traiektu monotonoa. Bakarrik eta isilik, mugikorra edota aurikularrak belarrietan. Begirada kristaletik at galduta, norbera bere pentsamendutan murgilduta, bere harresi ikusezinaren barnean babestuta. Nolakoak ginen azaldu eta besteekin hitz egiteak lotsa emango baligu bezala.
Berdin gertatzen da gure erosketa ohiturekin, zehazki erosketak egiteko hautatutako establezimenduekin. Dendari – erosle harremana Travel-a duzun galdetzera edo diruaren hartu emanera mugatzen den merkatal zentro handiak ugaritu egin dira; konfiantzan eta gertutasunean oinarritutako denda txikiak pixkanaka ixten doaz. Batzuentzat, lehia librearen doktrina da. Bizimodu berriaren ondorio dela diote besteek.
Tren geltokietan ere antzeko egoera atzeman daiteke: ticketen salmenta edo egiaztapenean, makinek erabat ordezkatu dute gizabanakoa. Pertsona batekin hartu-emana izatea baino eraginkorragoa da, antza, makina baten zerbitzu azkarra.
Egungo gizarte modernoan, norbera bere burbuilaren barnean bizitzeak dirudi jarrera gogor edo matxinoa. Edo hala saldu nahi izan zaigu. Bakoitza bere gora-beherekin zentratuta bizitzera ohitu gara: itsu, mutu eta gor gainontzeko guztiarekiko, beste guztiekiko. Ezezagun batekin solasaldia izan duenari barre egiteraino iritsi gara…
Ezin uka daiteke, lehen begiradan anonimotasunaren gotorleku diruditen medio inpertsonal, zeharkakoen bidezko harremanak (sare sozialen ozeano zabala) azken urteotan izan duten hazkundea. Horrek, berekin dakartzan zenbait abantaila eta are arrisku gehiagorekin. Askok, erreala ez den mundu bat azaltzen dute, benetakoa ezkutatu, ahantzi nahian bezala; ia denak sistemaren begi zelatarien kontrolpean mugitzen dira.
Teknologiaren aurrerapen bizian, pertsonen arteko komunikazio zuzena izoztuz eta aurrez-aurreko harremanak iraganaren putzu sakonean amilduz doaz, erritmo azkar bezain arriskutsuan. Bakoitza bere munduan biziz, denontzako mundu bat egitea zailagoa dela ohartu ezinean gabiltza. Ederki irentsi dugu goi esferetatik jarritako amua; pozik dira arrantzaleak, arrainak, bata bestearen atzetik, sarean jausten doazen bitartean. Zurrunbilo honetan, agian iritsiko da eguna non soilik gailu bidez komunikatuko garen; non jendez inguratuta, inork ez duen inor ezagutuko, eta ondorioz agurtuko, gizakiak inoiz eraikitako metropoli handienean…
Eduardo Galeano, diruaren ordez besarkadak eskatzen zituzten kaleko eskaleez mintzo zen memorian itsatsita dudan artikulu batean.
La delgada linea roja film aparta ikusi nuen berriro aurrekoan. Bertan, soldadu talde bateko kapitaina azaltzen zaigu, zeina beti bakarrik ibili ohi den. Egun batean, soldadu bat ea bakarrik ez al den sentitzen galdetzera ausartzen zaio. Soilik jendez inguratuta dagoenean sentitzen dela horrela erantzuten dio kapitainak.
Autobusean egindako bidaietaz oroitu nintzen. Edo eraikin erraldoi hartan inorekin hitzik egin gabe egindako erosketaz. Gero eta hotzagoa da lehendik handia den elkarren arteko distantzia. Atzeraka goaz. Gertu da izotza.