Izateak baino ez du garrantzirik
Izateak baino ez du garrantzirik –
“Zinez izateak baino ez du garrantzirik” zioskun Nisardagattak. Norbera izateari berari besteri ez atxikitzea, Gelassenheit kontzeptuaren harira azken artikuluetan zetorkiguna, norberarekikoaz zein noberaz kanpokoarekikoaz harago zegoen, alegia, subjektiboaz zein objektiboaz haraindi. Bada, halaberean, ekin behar izatearen eta, hori ez, eta jarrera pasibo batean egotearen artean aukeratu beharraz ere harago dago.
Izateak, garen hori izateak, baino ez du garrantzirik; “Ni naiz” esan ahal izateak, berorrek berekin dakar guztiarekin, soilik inporta du, horrek baino ez. Eta norbere izate hori, presentzia ezin trinkoago hori, ez dago inondik ere “absortziozko” jarrera harberak bermatua. Aipatu honekin batera, norbere huste guztizkoa du eskakizun, aurrez norbere jarrera objektibista arrunt bazter utzirik. Nork bere burua guztiz hustea du hortaz aurrebaldintza.
Bateko, jakin badakigu jarrera harbera pasiboak zenbait eta zenbaitetan ez duela inondik bermatzen gauzak eta errealitatea diren direnean izan daitezen eta izan dakizkigun. Egoera bakoitzak bere barne eskakizunak ditu; izanez ere, egoera dena delako batek “ni objektiboaren” esku hartzearen beharra izan lezake zenbait eta zenbaitetan.
Baina, besteko, badakigu ekite aldera ekiteak, beti helburu instrumental batek itsutu eta bultzatuak, iritsi asmo dugun Gelassenheit-etik aldentzen gaituela guztiz. Hor egote harberak eta aurrez aurreko errealitatearekiko ekiteak orekan egon behar dute. Ustezko pasibotasunak eta ustezko ekintzailetzak elkarrekiko jardun beharko luteke betiro, unean unekoaren beharren arabera, behin bata besteari gailenduko zaiolarik, eta bestetzuetan alderantzira. Armonian beharko lukete biek ala biek, betiere elkar baztertu gabe.
Gelassenheit, ikusiz joanda moduan, aurrez aurreko errealitatetik aske izatetik segitzen da. Des-atxikimendu eckhartiarrarekin dago hertsiki loturik. Jasan edo ekin, ez ekitari eutsi edo egiteari ekin itsu-itsuan, batera edo bestera egitea gerorako kontua izango dugu. Aurrez ez gaude berenez balditzaturik; aurrez ez dugu zertan baten edo bestearen alde egin. Aurrez eta hasteko eta behin, izan, bagara. Izan bagara, errealitearekiko guztiz abegikor, izan bagara.
Itxura batean, sorgortasun (pasibotasun) estoikoaren antz handia izan dezake jarrera honek, “ataraxia” estoikoarena, alegia. Halere, historian barrena eman diren agerpen estoiko zenbait eta zenbait urrunduz joan dira oraintxe darabildan jarrera honetatik; izanez ere, estozismoa, denboraren joanez, zenbaitzuetan, doktrina oso trinko eta pisutsu bilakatu da, eta hasiera aldeztu zuen askapen guztizkotik urrunduta, oso “ni” zehatz-objektiboaren alde egin izan du, alegia, bizimodu oso zehatz, mugatu eta preskriptibo baten alde: eguneroko lorpen mundutarrei uko egitea, inplikazio afektiboa bertan behera uztearen alde… Eta direnak direlako des-atxikimendu hauek guztiak, des-atxikitzearen moldeak direlarik ere, nahas gintzakete asko. Izanez ere, ezezko eran moldatutako eginbeharretatik segitzen dira des-atxikimendu hauek guztiak.
Arrunt bestelakoa da baina hemen darabildan des-atxikitze guztizkoa. Honako hau askoz harago doa. Des-atxikitze asintotikoa da, mugarik gabea, guztizkoa, sekulan zin-zinez gauzatzea izango ez duguna… Ezin du ezein bizimodurik aldeztu. Izanez ere, behin erdi gauzaturik sumatuko bagenu-edo, gauzatze horretatik ere des-atxiki beharko genuke geure burua berriz ere. Are des-atxikitzearekiko ere des-atxikimendutzat jo beharko genuke. Geure burua zinez eta bete-betean bizitzara ematea bada ere, den-dena barne distantzia baztergabe batetik bizitzea ere bada. Sakon biziko gara, estu hartuko dugu bizitza, baldin-eta jakin ondo badakigu, finean, esentzialki, ez dagoela zer defendaturik, ez zer loturik.
“Pasio handiz izan zaitez pasiogabea; hori baino ez da” (NISARDAGATTA, Yo soy Eso, 165 or)
“Serio eta estu hartu bizitza, den-dena zure esku balego bezala, jakinda, azken finean, sakonean, ezertxo ere ez dagoela zure esku” (Loiolako San Inazio)
“Zein da gizakia? Bera berau den horren lekuko izan behar dena” (HEIDEGGER, Quién es la persona, 36. or)
Igor Goitia