“Ismo” guztietatik oporretan
“Ismo” guztietatik oporretan –
Pentsamenduaren haurtzaroan, aurre pentsamenduan, edota zorrotz mintzatuta, aurre ez-pentsamendu aspaldiko harako hartan errealitatea bere izate gordin, zabar, hezigabe eta hesigabean on-hartuko ote zuten, ez dakit nik, bada, pentsagarria, pentsatzeko modukoa izan daitekeen. Errealitate aberats, hesigabe zein baztergabe, gordinegitxo-edo da gure adimen edo harmen-liseriketarako, eta derrigor, ezinbestean eta azkar batean, etxekotu behar izan zuen gure kulturak. Errealitatearen ordez, berau bere gordinean hartu ordez, bada, izate borobil eta perfektuxearen ideia kolatu zitzaigun. Gerora baina, izate borobil itxi eta perfektuetan ulertzeko ontzi-produktuetan (“edalontzika”) hartu dugu errealitatea, beti “ismo” delako batetik etxekotua, areago ere, denboraren denboraz, dena delako “ismo” bat beste “ismo” baten galbahetik iragazirik, eta, adibide baterako, platonismotik neoplatonismora pasa…
Dena dela, “ismo” horiez guztiez zer edo zer irmo eta konbentziturik esan bainoago, eta bidenabar gure (nire) esate horretan oraingoan, berriz ere, beste “ismo” batera lerratu beharrean, hori bainoago, edo bestela “ismo” ad hoc propio batean errenditu beharrean… goazen, noan, umilki eta apalki, “ismo” guzti horien itogarritasunari, edota errealitatearen pobretzeari, kontu egitera, eta, aldi berean, betiere, hori egiten dugun heinean, beste behin ere bestelako “ismo” probisional batez baliatzen ari garela ondo kontuan izanda, eta horregatik hain justu ere barkamena eskatu, nola ez.
Ez dakit nik bada “ismo” orotatik askatu-libratu ote gaitezkeen, edo hala ahal balitz, komenigarria ote litzatekeen, edo lau segundoko ilusio iragankorra baino ez ote genukeen, edo, laster batean eta azkenerako norberanismora lerratu baino ez ginatekeen. Dena dela, eta lerro hauen bidezko ariketatxo honetarako besterik ez bada, anima gaitezen une honetarako “ismo” orotatik kanpo bizi gintezkeela pentsatzera, egin dezagun hori, bada, baina beti erne eta hadi, pisutsu, irmo, tinko, pentsatzera lerratu gabe gure ariketa-ahalegintxo honetan. “Hala posible balitz-edo… zer nolako bizipenetarako bidea zabalduko litzaigukeen, zer bide-zabaltzea izango genukeen”… pentsa dezagun.
Hasteko eta behin, zer dakarkigute ismoek? Zer ekartzen digute? Izate borobil bat, esan nuke nik. Izate borobil hori, agian, ez da zertan ontologikoki hartu, sektoriala ere izan liteke. Gerta liteke izate borobil hori errealitatearekiko, berau bere osoan hartuta, ez izatea, eta soil-soilik gizartea, edo gizartearen eremu inportante bat, azaltze alderakoa izatea, edo gizarteak zer-nolako beharko lukeen esate alderakoa baino ez izatea. Ismo sektorial horien bidez, gizarte ikuspegi baten zedarrien barruko kokapenetik parte hartuko genuke gizartean. Horretarako, “ismo” zenbaitzuen eskaintza izango dugu aukeran, hala nola marxismoarena, sozialismoarena, feminismorena,… edo dena-delakoismoarena.
Norberak horrelako ismo eskaintza zabalaren aurrez aurre, horietariko baten batera errenditzen denean, bada, zenbait onura-etekin ezin ukatuzko iritsiko ditu, baina horren ordainetan, ezin ukatu ere, bere izatearen, bere buruaren, nolabaiteko zikiratze bat pairatu behar izango duenik. Segurtasunaren mesedetan askatasunaren apaltze bat eman ohi bada ordainetan gizartean bere orokorrean; bada, gertakari hau are nabarmenagoa da, baldin-eta gure gizartean egote hori “ismo” dena delako baten esterilizazio baten babespean egiten badugu.
Baina ez dezagun beldurrik izan, eta anima gaitezen ariketa honetarako dauden bi oztopo nagusiak gainditzera. Aurrenekoa jada aipatu dut, esterilizazio eremu hori, zonalde seguru sentitzen dugun hori, alde bat, bazter, uztekoa. Beldurra izugarria da. Horretan izan gara heziak, nork bere parrokiatxoetan, domestikoagoetatik hasi eta, mailaz maila, unibertsalaxegoetara pasa, aurkitu du bere segurtasun giroa. Hor lehenengo beldurra; berau nahikotxo eramana hizpidera dagoeneko, berorretaz jada sobera hausnartu da. Ismo bat, ismo oro, abandonatzeko bigarren beldurra, edo bigarren motiboa, zer eta honako hau dugu: ismo guztietarik libro ez ote garen lerratuko zabaldu-hedatu bezain kondenagarri deritzogun indibidualismoan.
Bigarren honi baina, ez genioke beldurrik eduki behar, eta barka bekit erredundantzia. Indibidualismoa dugu “ismo”etan ismoena; indibidualismoan jausita, ez dugu ismoei uko egiten inondik ere (pentsaturik berauek kolektiboak, talde-mailakoak, behar dutela derrigor). Indibidualismoa ismoetan ismoena dugu, norbanakoan errotua, nonbait merkatuan du parrokia, mugarik gabeko merkatuan, eta finean eta buruan ez da inondik ere benetako “norberaismo” bat, baizik-eta, izatekotan indibidual-merkadismo edo indibidual-liberalismoa.
Nik, oraingo honetan, “ismo” guztietan oportxo batzuk egite alderako aldarri eginez, egitekotan, norberaismo baten alde egingo nuke, eta horretara, norberarengan edozein bestelako ismorako aukera guztiak itoarazi. Egin dezagun norberaismoaren alde, egin dezagun, eta, hurren, ea ernatzen zaizkigun, koskaz koska, mailaz maila, biharko ezein “ismo” gatzaturik gabeko gu bat. Ea!
“Ismo” guztietatik oporretan