Tagore, Isiltasunak harrapatua
Tagore, Isiltasunak harrapatua –
Aurreko artikuluan, Patanjiliren “Yoga Sutra” idazkiaren harira, norberak, benetako isiltasunarekin topo eginez gero, izan litzakeen bizipenen eta bizitza aldaketaren gainean hausnarketa bat zabaldu nahi izan nuen (Patanjiliren Yoga Sutrak, norbere burua ezagutzeko lehenengo eskuliburua). Gaurko honetan bide horretatik jarraitua, Rabindranath Tagoreren lekukotza ekarri nahiko nuke hona.
Isiltasunarekin topo egiteaz aritu izan naiz honainokoan, baina, egia esatera, ez dakit nik bada, noraino lekukotza honelakoetan norberak benetako isiltasunarekin egiten ote duen topo, edota, aldiz, ez ote den zinez ausaz eta ustekabean isilatasuna bera beraiek harrapatzen dituena. Batera zein bestera izan, pertsonaz pertsona, eta lekukotzaz lekukotza, gertakari bakoitzari, edo berorren gaineko kontakizunari kontu egitea da zinez merezi duena. Oraingo honetan, Tagorerenari eskaini nahi diot nire arreta.
Rabindranath Tagoreri, Joraranko-ko bere etxeko terrazan, beste ilunabarretariko bat baino ez zen horietarikoren batean, ordura artean sekulan bizi izanda ez zuen zer edo zer gertatu zitzaion, zer edo zer izugarria, eta harri-harri eginda utziko zuena behin betiko. “Zer gertatu zen baina? zein izan zen gertatutako horren eragile?” galdegin zion bere buruari olerkariak. Jarraiko hau guztiau arrapostu egingo zuen berak berorrek:
Eguneroko egunerokotasunaren gaineko errezala estreinako aldiz zabaldu izanak zer izan zuen eragile? Izan al zitekeen orduko iluntze zehatz horren ondorio magiko bat? Hori izan al zitekeen? Ez, ez eta ez. Iluntze delako horretan, bera-berau nire baitan baitaratu zela hauteman ahal izan nuen; iluntze horren itzalek nire “ego” bera une batez ezabatu ahal izan zuten. Ordura artean, egunean zehar, nire mutur aurrean suertatzen zen guzti-guztia nire “ni”-ak, nire “egoak” zipriztintzen zuen. Orduko horretan, izandako bizipen-gertakari horretan, aldiz, nire “egoa” ahanzturan oso atzendua geratu zen, eta, horren ondorioz, mundua bere benetako koloreetan ikusi ahal izan nuen lehendabiziko aldiz. Hauteman modu berri honek tribialtasun guztia erabat bazter utzia zuen, eta hautemandako guzti-guztia baztergabeko edertasunak eta pozak gainezkatua zegoen.
Bizipen hau izan nuenez geroztik, errealitatearen hautemenetik nire “egoaren” apurñorik txikiena ere erauzten ahalegindu nintzen eta, hartara, mundua ikusle huts-hutsa baino ez nintzela hautematen. Honen ordainetan, sentimendu aparta batek hartzen ninduen. Goiz batean, zuhaitz-adaburuetan eguzkia agertzen ari zenean, eta ni begira eta begira nengoelarik, nire begien gaineko betidaniko errezel moduko bat erori berria zela ematen zuen, eta hainbesteraino zen kontua, ezen, ordura arteko mundua orduko horretan irradiazio ezinago eder batek argiztatua zegoela ematen baitzuen, alderik alde, ezker eskuin, poztasun eta edertasun olatuek atergabe laztandutako mundu bat zirudiela. Ezin geldituzko irradiazio honek, tupustean, urteen poderioz nire bihotz-hondoan pilaturiko kezka, frutrazio eta tristezia guztiak uxatu zituen, eta beroien ordez, berau esan ezinezko argi unibertsal batek hartuta izan zen.
Hori guztia gertatu zitzaidaneko egun horietan honako bertso hauek idatzi nituen: “ez dakit nola, baina nire bihotza parez pare zabaldu zen eta ezin konta ahala mundu nire baitan sartu ahal izan ziren, sartu eta sartu zebilzkidalarik niri agurka bezala. Eta diodan hau ez da gehiegikeria poetiko hutsa, hurrik eman ere; ezen, egia esan, sentitu nuen guztiaren berri emateko guztiz ezindua nuen neure burua. (R.TAGORE, Recuerdos, 232-236 or.)
Tagoreri kezka eta larriminen errezela erori zitzaion, nonbait, baina ba al legoke horrelatsukorik gerta dakigun guk geuk, geurez, zer edo zer egiterik?, halako moldez, non, behin kezken errezel hori goitik behera erorita, errealitatea parez pare zabalduko baitzaigu, “beti hor egon den Hori” agerian izan dezagun, bere ederrean ager dakigun, behin horrelakorik eragozten zuena erori zaigula.
Igor Goitia