Isiltasunak bilatzen gaitu edo guk geuk bilatzen dugu?
Isiltasunak bilatzen gaitu edo guk geuk bilatzen dugu? –
Irudi polita eta iradokigarria oso, aurrekoan Tagoreren testigantzak luzatu ziguna. Steinerrek ere gako interesgarri bat gehitu zigun Tagore eta beste zenbaiten horrelatsuko bizipenak ulertze aldera (Tagore, Isiltasunak harrapatuta II). Aurrez ere, eta logika-segida berari eustea asmo zuten azken hiru artikuluen sortari hasiera emanez, Patanjilik isiltasunerako ezarri zuen ekinbidea aurkeztu nuen, hau da, bere “Yoga sutrak” idazkia.
Zinezko isiltasunak zabaltzen duen bizipen estreinako delako horiek nola gerta lekizkigukeen, beroiek bultzatu-sustatu ote genitzakeen edo ez, gure esku al dagoen kontua eta hortaz, geurez irits ote ditzakegun…ezin ebatzi, ez dago oso argi, eta hala ikusi ahal izan dugu artikulutxo horietan zehar. Bateko, hor dugu Patanjili eta horretarako bide bat-edo ezarri asmo leukakeen bere idazkia. Beti beretik joan zen Lanfranchi, oraintsu arte arrunt ezezaguna genuen XX. mendeko pentsalari ezin interesgarriagoa, pentsalariz gain, mistiko akonfesional garakiditzat ere har genezakeena. Pantajilik metodo bat luzatu zigun, tradizio luze batek pilatutakoa arautzen eta egituratzen zuena, baina, finean eta buruan, bide baten, metodo baten, berri ematen ziguna. Lanfranchi, aldiz, buru-esperimentatzaile huts dugu, egunetik biharrera bere buruarekin esperimentuka hasi zena, eta bere “egoaren”, bere “niaren” frekuentzia guztiz apaltzea xede izan zuena. Biak ala biak, bat metodo bat baliaturik, eta bestea, aldiz, bera berori, bakarka eta bere kaxaka, euren nahia eta borondatean zetzala kontua aditzera eman nahi izan zuten. Besteko, eta kontrako muturrean, Tagoreren testigantza dugu. Berorretan, bere aldetik nolabait edo besteko aurre-jarrera-edo egon liteke (arratsalde eta arratsaldeak egonean eta balkoitik ikusmiran igarotzen zituen aldetik), baina, egia esatera, badiurdi bene-benetan ustekabean harrapatu zuela bizipenak, ustekabean eta bere esku egon zitekeen ezer egin ez zuelarik. Zer dagoen batetik eta zer bestetik, ezin argi jakin, agian bietarik zerbaitxo, kasuan kasu bakoitzaren dosia aldatzen delarik, agian kasu batzuetan ere, geure borondatea da, huts-hutsik, itxuraz eragile bakarra, eta, beste batzuetan, aldiz, guretik kanpo dagoen Hori dugu bultzagilea.
Ezin konta ahala beste zenbait testigantza ekar genitzake hona. Asko izan dira-eta bizitza sakontasun horrelako batetik bizitzeko aukera izan dutenak. Asko izan dira, nahiz-eta gehienok, tamalez, horrelako bizipenen berrri zipitzik ere ez dugun sekulan izan, ez izango. Osagai partekatu batzuk baina dituzte komunean aipatu horrelatsuko bizipenek: iritsitako bake eta lasaitasun guztizkoa, ordura arte ezagutu gabeko errealitate bateratze bat, “behin betiko dena dagoen dagonean ondo eta bere betean” dagoelako irudipen-ustea… Bestetik, bizipenaren muin-muinean “nia” edo “egoaren” hutslatze, apaltze edo agian are alde egite bat ere suertatzen da. Geure ohiko hautatemateko moldea “egoak” guztiz balditzatua dago. Berau apaltzeak, bere indarra apalarazteak, bestelako begirada molde bat izatera garamatza, munduari oso bestelako esanahi bat antzematera, errealitate beste esanahi askoz zabalago eta orohartzailegago batez ulertzera, eta gu-geu, geure burua, oso bestela ikustera. Hori guztiori suertatzen da gure aurrejuzku, beldur eta nahien errezela urratuz gero. Aipatu errezel hori urratzera ausartuz gero, misterioak hartzen du guztia bere bete-betean, guzti-guztia blaitzen eta barne-hartzen duen misterioak. Gerakariaren apartekotasunari legokiokeen behar besteko arreta eskaintzen badiogu, hortik aurrera ezer ez da ordura artean bezalakoa izango, egunerokotasuna errotik eraldatuko zaigu hortik hara.
Gorago esanda moduan, nahi beste testigantza ekar genitzake hona, oraintsukoak zein aspaldi zaharrekoak, estreinako “txinparta” guztiz eraldatzaile horiek guztiak zer-nolakoak izan ziren azaladuko digutenak. Horretan sobera luzatzeak ez du gehiegi axola, gutxiren batzuekin irudikatu ahal izango baitugu beroein muin-muinean zer dagoen. Horietariko testigantza bakar batek ere garrantziskoenaren berri ematen digu. Norbere gaitasunak eta egin moldeak ezdeus bilakatzen dira tupustean bizitako gertakari aparta horietariko bakoitzean. Bizitza beste zer edo zer dela ikusten da bat-batean, eta, hortaz, molde oso ere oso bestelako batez bizi daitekeela, askoz sakontasun handiago batez, alegia. Partiturako oso nota gutxi batzuk baino ez ditugu baliatzen maizenanean, diosku Lanfranchik. Zer egingo ote zuten hortaz pertsona horiek bizi izandako gertakari horrek gerora euren eguneroko bizimoldeetan bere esana izan zezan? Denetariko ahalegin-moldeak etor dakizkiguke burura, denetariko saiakerak irudika ditzakegu, “niaren”, “egoaren” “bolumena” eta bere proiekzioak jaistea xede izango duten denetariko saiakerak. Ahalegin horiek baratz-baratz zenbait praktikatan hezurmamituz joango dira, denetariko aholkuetan, eta are ikasbide guztizkoetan ere.
Hartara, mendeen poderioz, ezin zenbatu ahala bizipenen testgiantza-testu ailegatu zaizkigu. Isiltasunaren, letra larrizko Isilatasunaren benetako lekukotzak ditugu, gerora testuratuak izan direnak, gure esku jarriak izan direnak, eta guk-geuk, nahi duen orok, bizipen aparta horietan parte har dezagun helburu dutenak. Testuratutako testigantzek irudiak baliatzen dituzte, denetariko irudiak, “errezelarena” bezakotsuak, baina, irudiak diren aldetik, gerturapen irudikatuak baino ez direnak, eta beti ere hitzen ezinak hala behartuta.
Ziurrenik, uste baino askoz jende gehiagok ditu gertakari hauen berri, norberak berorrek bizitakoak inoizko batean akaso; agian lasaitasun handi-handiko egunen batean suertatu zitzaien; edota gertuko baten heriotzaren ostean; edo izandako istripu edo gaixoaldi larriren batean; edota, ezin gogorrago, bete-betean, gure “egoa” jotzen duten gertakari horietariko batean…Nolanahi ere den, halakoren bat jada bizitakoak baldin bagara, eskuarki, sarri askotan, behin jazota, handik laster gure egunerokora lehengo berean bueltatu ohi gara. “Dei bat” jasotakoak izanda ere, “hots egite bat” izan badugu ere, ez gara behar bezalako harreraz beroiei erantzuteko gai izan akaso, agian ez dugu oraindik egoeraren zer-nolakoak eskatzen duen erantzun mota emateko intuiziorik. Hala da askotan, eta horregatik ezerezean geratu ohi da kontua.
Oso bestela aritu izan dira zenbait eta zenbait historian zehar, zein bakoitzak bere bizipen propiotik, eta bere testuinguruak eta kulturak eskainitako kategorien bidez adierazi dutelarik. Hitzak hitz, eta baliaturiko kategoriak kategoria, finean eta buruan isiltasuna baino ez dugu, benetako isiltasun sakona. Halarik ere, kasuan kasuko testigantzak, eta berorrek erabilitako adierazbide bakoitzak, ñabardura gehigarri bat eskaintzen digu beti. Santo Tomasek esango ligukeen moduan, “sinesteko ikutu behar dugula” esan dezakegu. Guztiarekin batera baina, kulturak kultura, eta hizketa-moldeak hizketa-molde, bizipenen eremu berberera ari dira begira esperientzia hauek guztiak, “altxor ezkutu” berberera. Gerora, berau intereseko izango dugu edo ez, baina hain modu intimo eta pertsonalean bizi izandako esperientzia horiek guztiak elkarren artean hain antzekoak izatea ezin kasualitate huts izan, ez eta beroiek kontu asmatu hutsak. Elkarren artean asko dute komunean testigantza hauek guztiek. “Niarekiko” nolabaiteko jarrera apal batekin dute lotura estua kasu guztiek, eta, hortik abiatuta, egiaren, edo egia izan litekeen horren, oso bestelako bizipen-ulerpen bat iristen da.
Geure-geure esku ote dagoen ziur ezin jakinda, isiltasun delako horren aldeko esfrotzuak egitea mereziko lukeelakoan nengoke ni. Isiltasunarerako atea zabaltze alderako ahalegin ausartean animatzea mereziko lukeela esango nuke nik. Ez da samurra baina kontua, egin erraza balirudi ere. Finean eta buruan, lortzear izan genezakeen horren tamaina eta horretarako ahaleginarena paretsuan daudelako, ez dakit.
Igor Goitia
Isiltasunak bilatzen gaitu edo guk geuk bilatzen dugu?