Isilkume izan nahi duen gizakume ezindua

Isilkume izan nahi duen gizakume ezindua – 

Isiltasunerako ahaleginean. Niretik aterata, nobaitek gomendatuta, bietataik puska bat akaso, ez dakit. Bere garaian, aspaldi jada, etreinakoz otu zitzaidan halakorik. Isiltasunean ahalegindu nintzen behin, barne isiltasunean. Kanpoko isiltasuna behar duen horretan, baina, benetan, finean, barneko isiltasuna ezinbeste duen horretan. Isilune istant bateko baino zertxobait gehiagokoa behar zuen denbora-tartetxo horretan ahalegindu nintzen behin, denboratxo batez neure burua barne biltzen ahalegindu. Eta gaur egun, egunero ez bada ere, horretan ere ahalegintzen naiz maiz, kostata gehienetan, nahiz jada hasiberrria ez naizen.

Istant iheskor huts besterik ez litzatekeen hori baino apurtxo bat gehiagoren bila, baina nekez, ezinetetik ezinera. Kanpotiko zarata interpelantetik errez apartatua, isiltasun fisikoko bakardadea errez lortuan, baina barne zurrunbilo zaratatsua artean ernegatzen.

Hortaz, nola lortu ideiatik ideiara, pentsamendutik pentsamendura atergabeko kate hori isiltzea, edo sikiera apurño bat apaltzea? Hau besterik da. Hau ez da kanpoko isiltasun fisikoko kontua, guztiz besterik da. Ideiek ideiak deitzen ditu. Eta beti ideia baten gosez dago gure buru barnea, ideia baten beharrez, bere edotariko formapean, izan ideia huts, izan asmo, beldurra, nahikari… edota, are sentimendu edo emozio erapean ere. Horiez osaturiko zurrunbiloak berea egiten du, une oro berea egiten  zinez horretara aurrez inork deitua izan gabe. Pentsamenduen barne zurrunbilo temosoa, borondaterik gabe temoso bere teman, temoso ahaleginik egin gabe. Hor dabil zurrunbiloa ekin eta ekin…

… eta berori isildu, apaldu ahaleginean,
horretarako arnasketari arreta deituaz,
edota puntu bakar bati adi-adi begiratuaz,
kontenplazioan,
zein gure gogoetagai atergabe mantra labur bat bilakaraziz …

errekasto xume moduan agian,
beti zurrunbiloa hor, ebatsi asmo zaiona berreskuratu nahian,
errekasto xume moduan,
edo ez,
edo bortizki, uholde,
beti berea, berriz, lehen baino lehen, berreskuratu nahian …

Ezin batean geure burua honatu nahian,
ezinean une oro arnasketaraka hartaratzen beste behin ere,
ezinetik ezinera, nekez,
eta halere, hor, ahaleginaren ahaleginez,
une oro bueltatzen barne isiltasun deritzan horretara,
une oro honatze ahaleginean,
eta une oro kontua badoakigula,
gu geu bagoazela ihesi,
guregandik ihesi … 

Gu geu izan nahian,
deitzen dugu geure burua hona,
geure burua arnasketara,
isiltasun desiratu horretara,
deitzen dugu geure burua,
eta bera, aldiz, badoakigu,
iheska,
bera izan nahian, bera berau …

Une oro joan-etorrian,
inoizko batean-edo gu zinez izango garelakoan …
ISILKUME

 

Igor Goitia

Isilkume izan nahi duen gizakume ezindua

Teologia ikasitakoa. Gai filosofiko eta espiritualetan jardunda.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude