Irakurketa eta beste superbotere batzuk

Irakurketa eta beste superbotere batzuk –

Aurten ere, ikasturte hasiera guztietan bezala, ikasleei esango diet nire klasean superbotereak lortuko ditugula. Eta ez diet gezurrik esango. Ez, noski, ez daude batere gaizki Superman, Hulk, Batman edo Spidermanen superbotereak – azalduko diet-, baina zerikusirik ez irakurketarekin, begiekin entzuteko gaitasun liluragarri horrekin.

Irakurketa eta beste superbotere batzuk
Arg: Dayan Rodio

Aitona-amonek irakurtzean xuxurlatzen zuten: ezpainak mugitzen zituzten testuak -oso gauza gutxi: gutunak, abisuak, herrixkako bandoak- deszifratzeko. Ez zeukaten hizkuntza-trebetasun hori, superbotere hori erabat garaturik eta hortxe zeuden, isil-misilka, lerro horietako ideiak bereizi  ezinean.

Alberto Manguelek ederki azaltzen du “Una historia de la lectura” liburuan. Manguelen entseguak oinarri dituen gertaera guztien artean, bi data nabarmenduko nituzke:

Lehenengoa: lehen puntuarena. Segundo bat baino gutxiagoan gertatu zena. Baina a ze nolako segundoa… Berrehungarren urtean, Kristoren aurretik, Aristofanesek luma pergaminora hurbildu eta ohiz kanpoko marka hori hitzen artean kokatu zuen. Irakurtzen dugun bitartean arnasa hartzeko beharraz konturatu zen lehena Alexandriako liburuzain hori izan zen. Lerroaren goialdean puntuak jartzen hasi zen pentsamendu oso bat amaitzen zen bakoitzean. Ordura arte, testuak eskura zituen irakurleak nahiago zuen moduan errezitatzen zuen -beti ozenki irakurtzen zen-. Zer esanik ez, leitzen zekienak -oso pertsona gutxi- egundoko boterea -superboterea- zeukan gainerakoengan. IX. mendera arte itxaron behar izan genuen puntua errenkadako behealdera mugitzeko. Bertan mantentzen da gaur egun.

Imajina dezagun ikur hori desagertuz gero zer gertatuko zen…

Bigarrena: San Agustinek flipatu zuen egunarena. Kristoren ondorengo 383. urtean San Agustinek Anbrosio apezpikua Milanen bisitatu zuen lehen aldian. Hauxe da Hiponakoak topagune horretaz bere “Aitorpenak” lanean azpimarratu zuena: «Bere begiak orrietan zehar zebiltzan eta bere bihotzak mezua ulertzen zuen, baina bere ahotsa eta mihia geldirik geratzen ziren».

Irene Vallejok «superbotere» hori elkarrizketa batean deskribatu zuen: «Nolabait, irakurtzean ahots bat entzuten dugu: uste dut leitzea, azken batean, begiei entzuten irakastea izan dela (…). Hitzak marrazteari, hizkuntzaren partitura bat sortzeari, ekin genionean begiek ikasi zuten letretan kodetuta zeuden ahots horiek entzuten».

Gaur egun, biztanleriaren alfabetatzea ia erabatekoa da. Denok dakigu, funtzionalki behintzat, letrak lotzen eta letra horiekin hitzak, perpausak eta testuak -mezuak- osatzen. Arian-arian praktikak aukera eman zigun azken pauso magiko hori emateko, iaiotasun zoragarri hori eskuratzeko: ezpainak mugitu gabe testua bereganatzekoa, leitzen ari garenari ahotsa ematekoa.

Bai, noski, ondotxo samar daude Amerika Kapitainaren, Thor-en, Wolverine-ren, Black Widow-ren eta Mendekatzaileen trebetasunak; beraien indarra, abiadura, bizkortasuna, metamorfosiak eta hegaldiak; beraien jauziak, pertzepzioak… baina zerikusirik ez, esate baterako, idaztekarekin: pentsatzen, imajinatzen, sentitzen duguna marrazteko abilezia zoragarri horrekin. Halaxe esango diet. Aurten ere.

Bai, xuxurlatzen zuten; biek. Beraien falta sentitzen dut.

En fin.

Irakurketa eta beste superbotere batzuk

Irakaslea, idazlea; hurrenkera ez daukat batere argi.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude