Iragazkirik gabeko gizona
Iragazkirik gabeko gizona –
Marisari esker iluntzen dela aspaldian konprenitu nuen; Marisak sukaldeko argia pizten duelako. Etxeko patioan arratsaldean pizten den lehen argia berarena da, eta horri gainerako bizilagunenak gehitzen zaizkio, egunak, astearteak, ostegunak amore eman eta atzera egiten duten arte; gauari lekukoa ematen dioten arte.
Ez, ez da bata bestearen sinonimoa. Ulertu eta konprenitu, esan nahi dut. Konprenitzeak badu -niretzat behintzat- ulertzeari falta zaion barneratze, intuizio, konbentzimendu-puntu hori. Ustekabeek, norbanako deskubrimenduek daukaten zera hori. Wikileaks-ena edota Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren antzezlana ulertzen ditugu. Berriz konprenitzen dituzu bizitzako beste urrats batetan zaudela, bigarren seme-alaba bat nahi zenuela.
Pasa den astean, esate baterako, konprenitu nituen gauza batzuk. Konprenitu nuen euria egiten duela Balbinori esker edo Balbinoren erruagatik; Balbinok larunbatero kotxea garbitzen duelako. Ez, noski, ez daukadala ebidentzia zientifiko eztabaidaezin horren frogarik baina jakin badakit asteren batean Balbinok, lehenengo solairuko jubilatuak, errutina hori beteko ez balu antizikloi indartsu eta iraunkor bat jarriko litzatekeela Euskal Herriaren gainean. Konprenitu nuen, era berean, Antonio López gustatzen zaidala. Bai, noski, baita Antonio Lópezek egiten duena ere; bere obra, bere pintatzeko modua. “Konketa eta ispilua” margolanean agerian dagoen hiperrealismo hori: argazkigintza oraindik asmatu gabe balego bezala. Baina bera batez ere: bere izaera, mundua begiratzeko bere modu gogoetatsu, burutsu, zuhur hori. Bere langile itxura… bere izen-abizenen –Antonio López García– apaltasuna, normaltasuna; bere arropen umiltasuna. Bere iragazkirik gabeko lana eta nortasuna.
Saiatu naiz ulertzen, konprenitzen zergatik Antoniok sentitzen duen ikusten duena fideltasun horrekin, birtuosismo horrekin erreproduzitzeko beharra. Zertarako pasatu orduak oihalaren aurrean, klik bakar batez eta irudia editatuta emaitza bera edo hobea lor badezakezu? Ikuslearen pertzepzioa desafiatzen du, teknikak sortzen duen ilusio optikoak engaina dezakeelako. Obra hiperrealista bat -”Emakumea bainuontzian”- behatzean, ikusleek nahasmen edo harridura sentsazioa izaten dute, ez baitakite ikusten ari dena benetakoa den ala ez. Errealitateak, bere koadroetan, intentsitate mingarria du, inolako makillajerik gabe. Errealitatea baino errealagoa da.
Aste honetan ere jakin izan dut laurogeita hamabost milioi argazki egunean instagramera igotzen ditugula. Gutxi iruditzen zaizkit. Eta %93an edizio-iragazkiren bat erabiltzen dugula: Ludwig, Blue Valley, Aesthetic, Dazzling… Errealitatea txukuntzeko, apaintzeko premia dugula konprenitu izan dut.
Marisari esker iluntzen dela ere aspaldian konprenitu nuen; Marisak sukaldeko argia pizten duelako. Etxeko patioan arratsaldean pizten den lehen argia berarena da, eta horri gainerako bizilagunenak gehitzen zaizkio, egunak, astearteak, ostegunak amore eman eta atzera egiten duten arte; gauari lekukoa ematen dioten arte. Jakina, ez daukat ebidentzia zientifiko eztabaidaezin horren frogarik, baina jakin badakit egunen batean Marisak errutina hori beteko ez balu, eguna, mugarik gabe, luzatuko litzatekeela.
Ez, ez daukate esanahi berbera. Arkimedesen printzipioa edota Eurokopako sailkapena ulertzen dituzu. Berriz konprenitzen duzu jadanik berandu egin zaizula, bizitza serio zihoala. Zerbaitek adierazten dizu hori justu -eta ez beste bat- dela esperoan zeunden unea, tipo hori -ez duzu ulertzen zergatik- maite duzula; emakume horrek maite zaituela; zerbaitek adierazten, ziurtatzen digu, inolako iragazkirik gabe, lortu dugula, kakaztu egin dugula. Balbinori eta Marisari zor dieguna.