Irabazteko premia hori

Irabazteko premia hori – 

Galdu-gordean paseo bat eman dut. -Nothing compares to you! -oihukatu dit Sinead O`Connorrek semarofo baten ondoan geldirik zegoen kotxe batetik. Birritan.

Astelehena. Gauez, telebistara begira arrautza frijitu bat afaltzen ari naizelarik, izeba Marisaren izpiritua agertu zait. Telediarioa, betiko legez, garaipenez eta porrotez, irabazteaz eta galtzeaz ari zen. Herrialde batzuek gerrak irabazten eta galtzen dituzte; alderdi politiko batek, inkesten arabera, hauteskundeak irabaziko lituzke. Errege Kopa, Champions, Conde de Godo, Alonso, Klasikoa… Talde batzuek irabazteko beharra, premia dute; beste batzuek badaramatzate jardunaldi ugari galdu gabe. Izeba Marisaren izpiritua agertu baino lehenago bururatu zait garaipenak asko zor diola porrotari; irabaztea ez litzatekeela gauza bera izango galtzeko aukera ezabatuko bagenu. Albisteen artean badaude inbertitzaileen konfiantza bereganatzen, irabazten ari diren enpresak; indarra galtzen ari diren matxinadak, jarraitzaileak irabazten ari diren modak; ospea galtzen ari diren presidenteak. Sinesgarritasuna galtzen ari diren bertsioak; Primitivan diru mordo bat irabazi duen tipoa. Iragarki batek pisua galtzeko gomendatu dit. Agian horregatik azaldu zait gaur izeba Marisaren arima; beraren oroitzapena.

Priscilla Du Preez

Ia haurtzaro osoan erabat konbentziturik egon nintzen Marisa, familiako lagun mina, munduko pertsonarik despistatuena eta oharkabeena zela. -Eskolan geundenean ezker eskua galdu zuen -esan ohi zuen amak. Nik, garai hartan sei urte nituela, uler nezakeen edozein objektu gal genezakeela -ahaztu, traspapelatu-, baina… esku bat, beso bat, hanka bat galtzea -baita hatz soil bat ere- despistearen gailurra iruditzen zitzaidan: ez nuen galera hura gertaera traumatiko, mingarri batekin lotzen, baizik eta deskuidu monumental eta esplikaezin batekin. Ni ere ume ahazkorra nintzen, burua hodeietan nuena, gauzak sarritan galtzen, aldentzen nituena; Marisaren lekuan jar nintekeen, Marisaren larruan. Ukondoaren parean kateorratz batez jasotako bere blusaren mahuka horrek markatu ninduen txikitan. Nahikotxo.

Izeba Marisaren begiradan sinesgaiztasun keinu bat antzematen nuen; ziur aski berrogei urte lehenago esku madarikatu hori non demontre utzi zuen gogoratu nahian zebilela. Bere buruari galdezka zegoela ea jolasordu bitartean edo ikasmahaira itzuli zenean haren falta sumatu zuen, ea inor konturatu ez zen, ea, nabaritzekotan, zergatik inork ez zion abisatu beranduegi izan arte, dedio! Izeba Marisarengan haserre eta gogaitasun puntu bat ere bazegoen eta -edo nik halaxe uste nuen-.

Asteartea. Antza denez, Ukrainako biztanleriaren artean gerra galduko dutelako iritzia hedatzen, irabazten ari da. Klasean Borgesen ipuin bat irakurri dugu; Trapagaranen euria ari du gu ipuinaren basamortutik genbiltzala. First Dates-en atal berri batean, Teruelgo neska gazte batek Kubako gazte bati esaten dio ez lukeela berarekin bigarren hitzordu bat izango. -Como amigo, sí -argitu dio doinu neutroegi batez, harremana galdutzat emanez.

Asteazkena. Osteguna. Ostirala. Hauteskunde-kanpaina. Hautagaiek -egunkariak dioenez- gorputzez gorputz borrokatzen dute. Beste une batzuetan etika gutxikoak iruditzen zaizkien argudioak erabiltzen dituzte. Irabazi egin behar da, eta burura bota behar dira iragana, oraina eta, suertatzen bada, geroa. Kanpaina lokaztu, lohiztatu da. 

Larunbata. Gogoeta-jardunaldia. Horoskopoak pazientzia gomendatzen die Sagitarioei; ausardia Geminiei. Antizikloiaren eraginpean jarraitzen dugu. – Has perdido la cabeza… -dio emakume batek beste bati metroan. Disimuluz begiratzen diot egiaztatzeko; ez, badirudi burua bere lekuan duela. Galdu-gordean paseo bat eman dut. -Nothing compares to you! -oihukatu dit Sinead O`Connorrek semarofo baten ondoan geldirik zegoen kotxe batetik. Birritan.

Igandea. Goizeko zortzietan hauteskunde-kolegiora joan naiz, duela aste batzuk mahaiburu gisa helarazi zitzaidan deialdiak eskatzen didan bezala. Probidentziari gomendatuta bigarren ordezkoa naiz eta. Etxeratzean izeba Marisa berriro etorri zait. Gogoan izan dut nire eskolako lehen hilabeteak, esperientzia bikario harengatik, tortura bat izan zirela. Eskolatik itzultzean, Marisari gertatu izana niri ez zitzaidala gertatu ikuskatzen nuen, nire organo eta gorputz atal guztiak nirekin bueltan zeudela: behin baino gehiagotan harrapatu ninduen anaiak ispiluaren aurrean, egiaztapen zehatz hori eginez.

Goiz oheratu naiz, hauteskundeak nork irabazi dituen jakin gabe. Bihar, gosalduko dudalarik, tostada marmeladaren aldetik eroriko zaidalarik, irratiak garaipenez eta porrotez hitz egingo du; irabazteaz eta galtzeaz; mota guztietako arrakastez eta porrotez. Alderdi politiko batek hauteskundean irabazi ditu eta beste batzuek porrota garaipen gisa salduko dute. Nazio batzuk, geografikoki oso urrun daudenak, lurraldeak irabazi eta galdu egingo dituzte; Errege Kopa, Champions… oraindik ere. Alcarazek, Djokovicek… pena handia ematen didate irabaztera kondenatuta daudelako. 

Denborarekin, izeba Marisak bezala, gorputz-adarren bat galtzeko beldur hori galdu nuen, baina hitzaren beste adiera eta eratorri asko barneratu nituen. Konortea, denbora, ilea eta duintasuna gal ditzakegula konprenitu nuen. Ordutik paperak, nerbioak eta bizpahiru pendrive galdu ditut. Aterkiak ere bai; batez ere, aterkiak. Iparra; hegoa. Gauza asko irabazi eta galdu ditut, baita pertsona batzuk ere. Batzuk ezinbestekoak; ura adina edo gehiago. 

Gero eta errazago galtzen dut pazientzia. Galdu ez dudana, ordea, beldurra da. Baina hori, azken finean, neurri handiagoan edo txikiagoan, guztioi gertatzen zaigu.

En fin

AsteRkaria

Irabazteko premia hori

Irakaslea, idazlea; hurrenkera ez daukat batere argi.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude