“Inurritegiaren erorketa” ipuina

“Inurritegiaren erorketa” ipuina –

Bazen behin, basoaren bihotzean inurritegi bat, hiru milioi pasatxo inurriz osatua. Iñurritegi horren inguruan beste bi iñurritegi erraldoi zeuden, beste espezie batekoak. Ez ziren ongi moldatzen, eta inurritegi txikia handien menpe bizi zen. Zapaldutako inurritegian bazeuden bereziki langile eta errebeldeak ziren inurri beltzak. Inguruko inurritegien erasoei aurre egiten saiatzen ziren eta inurritegia zutik irauteko ahalegin guztiak egiten zituzten, bizitza emateraino. Ez zen erraza erresistentzia mantentzea, galtze ekonomiko eta humano handiak izaten zituzten, eta beste espezieko inurriek ongi zekiten hori…

Egun batean orduan, etsaien mesedera zegoen inurri bat, inurri borrokalarien lidertxo batekin elkartzen hasi zen bere bizitokiko aterpe batean. Elkarrekin jan, edan, familietaz hitz egin eta lagun minak bilakatu ziren. Orduan lidertxoak lagun batzuekin batera ideia berri bat martxan jarri zuen isilpean. Inurri borrokalariak txuriz margotu behar ziren, usoa bezain txuri. Ondoko iñurritegikoek lider hori bahitu eta askatu zutenerako lidertxo izatetik lider oso izatera pasa zen. Horrela bere ideia arazorik gabe aurrera eraman ahal izan zuen, eta inurri errebelde gehienak txuriz margotu ziren, usoa bezain txuri.

Hala ere inurri batzuek beltz izaten segitu zuten ez baitzuten liderraren ideian sinisten. Erresistentzia hori ezagutu ez zuen inurri kume bat, Zipotz izenekoa, inurri beltz horiengana hurbildu zen. Bat egin zuen haiekin eta iñurritegia zutik mantentzeko lanetan hasi zen. Zipotz ez zen besteak bezalakoa. Ez zituen garai latzenak ezagutu eta orduan, ez zituen garai latz haiek transmititiarazten zituzten baloreak barneratu: Errespetua, zintzotasuna eta konfiantza.

Garai nahasiak ziren, inurri txuriak noraezean zihoazten, baina noski inurri txurien kumeak ere txuri baino txuriagoak ziren. Zipotzek kume txuriengana jo zuen inozente aurpegi batekin, agian txuriz margotu nahi zuela esanez. Horrela inongo eskrupulorik gabe aktore lana egin eta txurien konfiantza irabazi zuen. Txurien intentzio guztiez jabetzen zen, eta noski informazioa zabaltzen zuen.

"Inurritegiaren erorketa" ipuinaHortik denbora batera, oroitzen ez dudan mendi izena zuen inurri batek, denbora bat etsaien inurritegian ikasten pasa ondoren, inurri gorria zela aldarrikatu zuen, eta pixkanaka pixkanaka, zuria baino zuriago ziren kume horiek gorputz osoa gorriz margotzera pasa ziren, gorri baino gorriago. Inurri gorri horiek egunak eta egunak pasatzen zituzten inurritegian gordeak, irakurri eta irakurri, eztabaidatu eta eztabaidatu. Oso argi zuten inurritegia nolakoa izan behar zen, teoria aldetik oso jantziak zeuden, modu nahiko pedantean hitz egiten zuten eta hitz potolo mordoa erabiltzen zuten. Ahaztu zuten ordea beste inurri ezpezie batzuek menperatua zutela inurritegia. Teoria gora eta teroia behera, baina hor gelditzen ziren: Teoria hutsean, eta arazo guztien konponbidea kolore gorria zela zeritzoten, fededunentzat jainkoa bezala.

Zipotzek bazituen lagunak inurri gorrietan, eta inuztente baten plantak eginez, galdua zegoela esaten zien. Bitartean lagunei traizio egin eta informazio guztia zabaltzen zuen. Kuriosoa zen Zipotzek zein erraz egiten zuen hori, eta gustatu ere egiten zitzaion besteak tontotzat hartzea.

Nahasmen guzti horretan, inurri gorriekin pertsonalki haserretu ziren inurri batzuek beraien burua modu nahasian margotu zuten, beraien beltza gorriarekin nahasi baitzuten. Ez ziren gorri izatera iristen, ez beltza, eta batzuetan txurien atzean ezkutatzeko erreparorik ez zuten. Tarteka gorriago eta tarteka beltzago.

Zipotzek berriz ere bereak egin zituen, oraingoan inurri beltzekin. Haietako batekin harreman estua ere egin zuen arren, ez zen nahikoa izan bere azpijokoak gelditzeko eta zintzotasunaren izpiren bat agerrarazteko. Beltza zela aldarrikatzen zuen arren, nahasketa gorri arraro apur bat sumatzen hasi zitzaion. Aurpegira galdetzean, presiopean negarrari eutsi nahian egon arren ezpainetatik gezurra besterik ez zitzaion ateratzen. Beltzei ere beraz traizio egin zien eta beltz gorrixka arraro batez estali zen.

Ipuina ez da oraindik bukatu, baina spoiler batzuk egitera ausartuko naiz:

Zipotzek, bere filosofiari jarraikiz, han eta hemen azpijokoetan eta traizioz kolore gorrixka-beltza abandonatuko du, beste kolore bat gustoagokoa izango duelako. Eta bestetik, olatua hautsi eta gero, itsasoa erretiratzean ongi iraungo duten iñurri beltzek, olatu indartsu berri batekin arrasatuko dute eta iñurritegia inoiz baino hoberen defendatuko dute, beste espezietako iñurri zikinengandik.

Post data: Ipuin honek gaur egungo egoera oroitarazten badizue, zuen irudimenaren besterik ez da.

“Inurritegiaren erorketa” ipuina