Iñaki Segurolaren Ideia Pototoloen (IdPot) kritikaren harira…

Iñaki Segurolaren Ideia Pototoloen (IdPot) kritikaren harira… – 

Ismo” oro esplikatzaileez, edota sikiera nahikotxo esplikatzaileez jardun nuen aurreko artikuluan. “Ismo” direlako horien kontua Iñaki Segurolak Sed quia sua bere liburuan asmatu eta jorratu zuen IdPot (Ideia potoloa) kontzeptuarekin alderatu edo hartu-emanean jarri nahi dut oraingo lerro hauen bitartez. Hasteko eta behin, eta lehengo begi-kolpean, zerikusirik asko dutela komunean irudi, badirudi. Izan ere, Segurolaren ikusian, IdPot direlakoak, norbere konbikzio ondo errotu eta potoloak diren aldetik, zera izango dute xede: gizartearen, munduaren, ustezko edo izatezko arriskutik babespea eskaintzea. Darraidan segidan hona ekartzen zehatz mehazki zer nahi zuen aditzera eman Segurolak IdPot kontzeptuaren bitartez.

Beraren esanetan, IdPotak sinesteekin, sinestearekin, daude hertsiki lotuta. Hala berean, sineste direlako horiek nolabait edo beste maitatzean dute sorburu, dena delako ideia potolo hori bereziki gogoko izatean, dena delako horrekiko jaidura izatean…Honen harira, zera eratxiki digu Segurolak; hau gurean, gure euskaran, begi-bistako, agerikoa ez bada ere, “sinetsi” hitzak horrelakoren testigatzarik luzatzen ez badigu ere, ingelesez, esaterako, believe eta love hitzak etimologikoki harremanean daude. Horretara, zerbait sinisteak, ideia polo batean sinisteak, sinetsitako hori maitatzea du aurrekari, edo “baterakari”. Orobat, “oniritzi” (on-iritzi) hitzak hor ere bere zeresana izango luke, gogoraraziko digu Segurolak; “onerizteak”, hau da, ontzat jotzeak, bere jatorrian ere “maitatzea” eman nahi zuen aditzera. Hortik tiraka, sinetsi eta onetsi hitzei familia traza ikusiko die Segurolak. Sineste potolo horiei dagokienean, zera azpimarratuko du Segurolak; eskakizun handiak dituzte sineste potolo horiek, handi-handiak, eskakizun ez-gizatiarrak berauek, edo giza mailaz kanpokoak, alde batetik, baina, bestalde, bateratsu, eta guztiz eta zeharo, gizatiarrak diren eskakizunak, paradoxikoki.

Horrez gain, IdPot hauek (“ismo”ekin ere erraz erkagarriak izan litezkeenak) “kabitu ahal bat” dute eskakizun, beren baitan, bere baita oro-esplikatzailean, norbera kabitu-sartu ahal izate bat. Hein horretan, Segurolak sineste hauekiko, direnak direlako IdPot hauekiko, bere ezineramana aitortu eta onartuko du; ezineramanezko zaizkio berari IdPotak, besteetan beste, beroietan bere burua ezin kabituta ikusi-sentitzen duelako. Kabitu ezin honekin zer adierazi nahi zuen Segurolak? Bada… dena barruan, dena esplikatua uzte horrek eragiten zion atzerakada, esango nuke neurez nik. Desgogora ikusten zituen IdPot horiek guztiak, desgogoko zituen, nolabait edo besteko amorrua-edo sortarazten zioten, bere esanetan, nahiz-eta, jarrai-jarraian, eta bere era ez-bai-kariari segika, inbidia ere izan zitekeela, akaso, berarengan sortutako sentipena.

Amorru zein inbidiaren arteko joan-etorriko sentipen anbibalente eta kontraesankor hau oso lagungarria izan daiteke Segurolaren IdPot-ei buruz duen iritzia ulertzeko. Izanez ere, eta hau niri iritziz, Segurolak, IdPoten existentziari bainoago, are horietatik bakoitzak berekin daraman sineste-edukiei ere bainoago, horri guztiorri bainoago… Honako honi zion amorrua: nola eta zenbateraino atrapa dezaketen jendea, nola atrapa ditzaketen pertsonak, erak euren artean isolatzeraino, elkar inondik ez ulertzeraino, ez toleratzeraino…

Kontzeptu, artefaktu, potentzia handiko honelakoei buruz asko hitz egin da filosofian. Ortega y Gasetek, esaterako, “Ideas y creencias” liburuan ondo jorratu zuen auzi hau. Bere esanetan, sinesmenak (“creencia”) lurzoru moduan dihardu norbakoitzarengan, gure existentziaren eta bizimoldearen bultzagarri, sostengarri, modu diafanoan, oharkabean pasatzen zaigularik, euren funtzionamenduaren gaineko kontzientzia are gutxienekorik ere ez dugularik. Ezinbestekoak ditugu, ezin uka. Hortik agian Segurolaren inbidiak-edo aditzera eman lezakeena; baina amorru eragileak ere badira, euren baitan, existituko ez bailiran arituz gero, euren baitango babespearen epelean.

Nork ukatuko “ismo” guztiek, edo gehienek, egiatik, eta egia-gosetik, asko ere asko dutenik? Nork ukatuko beroietan behin murgilduta besteena, besten ismoetatikoa, nolabait gutxiestera-edo erraz bultzatzen gaituztenik? Soluziobiderik? Erraz eta borobil-borobilik, bat bera ere ez! Baina aholkutxorik? Horratx batto; egin dezala talka eta talka ismo batek bestearen kontra!, egin dezatela talka elkarren artean ismoek! Eta talkaren talkaz, azkenerako, egiatik dutenaz edo zutenaz gain, gezurretik ere badutela asko sumatuko dugu; izanez ere, eta Segurolarenetara bueltatuaz berriz, zera adierazi, “hemen egiarekin bakarrik ez duk inor bizi… ez politiko, ez enpresario, eta ezta eskalerik ere”. Izanez ere, Egia, Bitoriano Gandiagak esanda moduan, paperean ezin da jaso, papera erreko lukeelako.Hein horretan, ismoek “bai eta ez” aritu beharko lukete eduki uste duten egiarekin, betiere baliabide-tresna huts baino ez den “ismo” delako hori berori sekulan egia bilakarazi gabe.

Iñaki Segurolaren Ideia Pototoloen (IdPot) kritikaren harira…

Teologia ikasitakoa. Gai filosofiko eta espiritualetan jardunda.