Imajina dezagun

Imajina dezagun –

Astelehena. Kosta egiten da onartzea, aitortzea astelehena dela. Astelehena izango dela egun osoan zehar. Horregatik, lehenbailehen onartu -ontzat hartu- beharko genuke. Errazagoa izango da. Onar dezagun hilaren amaierako egun hau ez dela ostiral bat bezala portatuko. «Yo sé que existo/ porque tú me imaginas», hasten da 4. Bko ikasle bat Ángel González-en poema errezitatzen. BOE irakurtzeko erabiliko lukeen emozio berarekin. «Soy alto porque tú me crees alto…». Agian «astelehena» ere imajinatu beharko genuke. Aintzatetsi, balioetsi, ahaldundu beharko genuke.

Imajina dezagun
Arg: pgbsimon

Asteartea. Kosta egin zaigu baina azkenean, Palestinako estatua aintzatetsi dugu. Palestinarrak beti egon dira hor, baina haiekin jokatu dugu ikusiko ez bagenitu bezala, entzungo ez bagenitu bezala; inoiz han egon ez balira bezala. Bitxia da nola errealitateak imajinazioa gainditzen duen. Erregutzen aritu dira, eskatzen, baina eroarena, gorrarena egiten ari gara. Ez zitzaigun komeni begien bistakoa onartzea. «Ya no hay entretiempo», dio emakume batek, zeruari begira, bankuan alboan daukan beste bati.

Asteazkena. Aitor dezagun Aita Santuak imajinatutakoa, esandakoa –en algunos seminarios hay demasiado mariconeo- ez dela oso egokia izan. Errekonozitu dezagun.

Osteguna. Amnistiako Legea onartu da. Batzuek aintzatetsi, balioetsi ere egin dute; beste batzuek, berriz, ezetsi. -Zure lagunekin horrela jokatzen jarraitzen baduzu, bihar ez gara parkera itzuliko -esaten dio gizon batek; bere txakurrari. Euria ari du; gogorik gabe.

Ostirala. Onartu dezagun Taylor Swiftarena. Aintzatetsi dezagun Taylor Swiften indar mediatikoa. Nahikoa da, horretaz jabetzeko, egun hauetan gertatzen ari dena Beatlesek bisitatu gintuztenean bizi izan genuenarekin alderatzea: dena erabat desberdina dela; dena, funtsean, gauza bera dela. Imajinazioa. Hori bai; zin egingo nuke 1965eko publikoak -egungo swiftiak bezain jaieratsuak- ez zeramala pixoihalik.

Larunbata. Bainu denboraldia hasi da hondartzetan. Onar dezagun luxua dela Kantabrikoa hor bertan izatea, minutu batzuetara. Gaur, azkenean ere, itsasoa aintzatetsi dugu. Urtean zehar gaur dagoen lekuan bazegoen ere, errekonozitu, antzeman -autobidetik, trenetik- baino ez genuen egiten. Gaurtik balioesten, imajinatzen hasiko gara.

Igandea. Eskola Publikoko jaia Ordizian. Hara noa. Inor onartzera, aitortzera ausartzen ez den hezkuntza-larrialdiko egoera batean bizi gara: jatorriaren araberako eskola segregazio-tasa altuena duen lurraldea gara, Save the children-en eta Esadek argitaratu berri den ikerlanaren arabera, eta bigarrena, Madrilen azpitik bakarrik, segregazio sozioekonomikoaren rankingean. Aitortzeko beharra daukagu hizkuntza eta ekonomia iragazkiez baliatzen garela ikasleok -umeak eta nerabeak, aintzat hartu- banantzeko. Aitortu behar da eta ezin da onartu…

Deigarriena da inor ez dela ausartzen erregea biluzik dagoela adieraztera; Eskola publikoko langileon lana azpikontratatuta dagoela esatera; horrek dakarren irakasleon omen-galtze eta gainkostuarekin. Bai, Eskola Publikoa aintzatetsi beharko genuke. Eskola Publikoa imajinatzeko, baliosteko, ahalduntzeko garaia da; hezkuntzarako zoru etiko bat erreklamatzeko unea. Renault 4 bat ikusi edo imajinatu dut; azken belaunaldiko telefono mugikorren denda baten ondoan aparkatuta. Naturaltasun osoz.

Bihar, berriro, astelehena izango da. Aukera bat eman beharko genioke astelehen, aste berri honi; konbentzitu behar dugu -gezurra bada ere- berarengandik ahalik eta gehien espero dugula.

En fin.

AsteRkaria

Imajina dezagun  Imajina dezagun

Irakaslea, idazlea; hurrenkera ez daukat batere argi.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude