Ilunabarra
Ilunabarra –

Frustrazioa aienatzeko nork bere trikimailuak baititu, nik liburu zaharrak erosiz arintzen dut eguneroko bizimoduak sortzen didan ezinegona. Liburu zaharrak, erran nahi baita bigarren eskukoak, merke samarrak betiere; tarteka erosten ditut, funtzionarioa izanda ere ez baitut eskuineko eta ezkerreko populismoak imajinatzen didan ahalmen ekonomikoa.
Liburuak erosi bai, baina ez dut denak irakurtzeko astirik izaten, jakina; nire fantasian, halere, irudikatzen dut ni hil ondotik norbaitek, nire liburutegia aztertuta, dudana baino kultura zabalagoa egotziko didala eta pentsatuko duela naizena baino aise interesgarriagoa izan naizela.
Kontua da azken bolada honetan bi liburu jaso ditudala, orriak moztu gabe dituztenak. Bertze jabe batenak izandakoak alegia, baina oraindik irakurri gabeak, eta orain galdera berriak ditut: posteritateko balizko aztertzaile horri begira, orriak bereizi baina liburuak irakurriko ez banitu, ez litzateke itxurakeria handiegia nire partetik? Eta irakurriko banitu, zer, Espainiako film hartan bezala, Amanece que no es poco-n, gaizki irakurri eta hondatuko banitu? Baina, orriak moztu gabe utziko banitu, ez lioke horrek etorkizunean nire liburuak miatuko dituen alegiazko pertsona horri gainerako guziak ere agian irakurri ez ditudalako susmoa piztuko? Edo, nire oinerdekoak gogoan hartuta, beharbada galdemodu inportanteena: nola izanen lukete prezio handiena Wallapopen, orriak moztuta edo intonso daudela erranda?
Errutina frustragarriari itzuri egiteko nork bere bideak dituelako egiten ditut nik gogoeta horiek. Jakinki alferrik ari naizela. Begi-bistakoa baita fite adimen artifizialak antigoaleko zabor bihurtuko dituela nire liburu horiek guziak edo, bertzenaz, kiskaliko direla bakea bermatzeko ekoiztu behar dituzten bonba horietako batek eragindako sute batean.
[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioa, ‘Minutu bateko manifestua’, 2025eko martxoaren 18koa]