Ignacio Polo eta eskailera arrapaladuna
Ignacio Polo eta eskailera arrapaladuna –
Pasadizo honetan, berriro ere, Ignacio Polo Guilabert jaun bitxia agertzen zaigu, izan ere, Iruñeko Arrotxapea izeneko auzoan, etxe batzuen artean, bazegoen oztopo arkitektoniko bat, nire ustez, behintzat, konponbide erraz samarra zeukana, borondate ona edukiz gero, jakina. Izan ere, eskailera haiek luzeak, zabalak eta aldapa apalekoak ziren, eta, halabeharrez, urte batzuk lehenago, nik, Nafarroako Erriberako herri batean, oso antzeko kasu bat ikusia neukan, eta, gainera, oztopo arkitektoniko haiek gainditzeko, emana zioten irtenbidea, gogotik gustatu eta konbentzitu ninduena.
Hortaz, ba, herri hartako aterabide arkitektoniko hura ikusita, iruditu zitzaidan, Arrotxapeko etxarte hartarako ere, soluziobide egokia izan litekeela, pertsona guztien joan-etorriak errazteko.
Pixka bat azaltze aldera, esan beharra dago, Erriberako herri hartan, eliza aurrean, eskailera luze eta zabalak zeudela. Eta, nola lortu zuten, ba, eskailera haiek kendu gabe, eliza hura irisgarria izatea pertsona ororentzat?
Hona hemen azalpen xume bat: eskailerak, luzeak, zabalak eta malda gutxikoak zirela aprobetxatuta, beheko aldean hasita, arrapala luzetxo bat egina zuten, baina sigi-sagan, lekua hobeki aprobetxatzeko, aldapa handirik gabekoa, eta, gurpil aulkian, bihurguneak modu egokian hartzeko; ez zeukan beste misteriorik! Dena, logika egokiaren arabera egina zegoen.
Gauzak hala zeudela, pentsatu nuen, Iruñeko Arrotxapea auzoko eskailera handi haietan ere, aplika litekeela konponketa berbera, baina ez! Nahiz eta nik, Ignacio Polo Guilabert hiri-altzarien zinegotzi delegatuari, hamaika aldiz azaldu askabide haren onurak, proposamena ez zuen onartu nahi izan eta kito; halaxe, besterik gabe, aurkako inolako funtsezko arrazoirik eman gabe!
Egoera triste eta tamalgarri hartan gelditu zen eskailera zakar hura, inongo konponbiderik eman gabe, konponketa erraza zuenean, baina nahirik eta borondaterik ez zen izan Poloren aldetik, eta huraxe gertatu zen, hain justu ere, oztoporik okerrena eta zailena, kasu hartan.