Identitateen merkantilizazioa
Identitateen merkantilizazioa –
Z belaunaldiaren ezaugarri bereizgarrietako bat identitate pertsonalaren eraketa da eta berau sozializatzeak dakarren autokonplazientzia da bizitzeko lehengaia. Bertatik datozkie ezagutza eta ikasketa autodidaktarako joera, esperientzia pertsonal errepikaezinak bizitzeko nahia eta sare sozialetan identitate pertsonala gurtu eta eskarmentatzeko partekatzen diren argazki, tweet eta erreflexio pertsonalak.
Hamarkadetan atzera eginez gero, identitate eta nortasunak kolektibizatzeko joera izaten zen, antzeko pentsamoldeen indarrak metatu eta ehundaka pertsonak identitate baten lelopera atxikitzen ziren kolektiboak eratzen ziren. Hauen mezua saretzeko tresna bakarrak euren aho-belarriak ziren eta orduko ideologia korronteak hegemonizatzeko beharrezkoa zen militantzia aktibo bat egitea, gero eta pertsona gehiago batu, orduan eta handiagoa zen hedapena.
Langile klasea galdu eta erdi mailako klasea deritzon kontzeptu hutsal batengatik ordeztu zenean, identitateak ahuldu eta indibidualizatu egin ziren merkatu kapitalista eta liberalismoaren gorakadaren onerako. Norbanako eta kolektiboaren nortasun galera honek etiketa – identitate esatea gehitxo iruditzen zait – txikiagoak sorrarazi zituen, ahulak, azalekoak eta merkatuarekiko dependienteak zirenak, erabat aldakorrak. Hoien artean aurkitzen dira egun entzuten dugun musikak, jaten edo jazten dugunak edota lanean dugun postuek gainerazten dizkiguten etiketa edo ezaugarri ezberdinak.
Kausaren ondorio da XXI. mendearen lehen eta bigarren hamarkadetan sare sozial digitalek izan duten gorakada. Errepresentazio-eredu kolektiboak ahuldu eta elementu diferentzial materialetan eraikitako figura identitarioak biderkatu dira. Hauek produktizatu eta kapitalizatzeko espazio egokia aurkitu dute sareetan eta honek merkatu libreak inoiz izan duen espresio gorenean kokatzen ditu egungo belaunaldiak.
Hortaz, tesi hau ondorioztatzerik badut, egun ezagutzen ditugun sare sozialak eta bertan publikatzen diren eduki eta pertsonen bizitzak identitate materialen merkatu direla esan genezake; eta beraz, bertan gertatzen diren salerosketen (harreman kapitalistak) eskuetan geldituko da belaunaldi berrien identitate eta izatea. Zer gertatuko litzaioke egungo gazte bati sare sozialak kenduko bagenizkio? Nor litzateke? Ez al litzateke gizartetik apartean geldituko?