Idazkia, bere bizian iraungia
Idazkia, bere bizian iraungia –
Izkiriatzen hasi orduko, jada desgaraiz. Testigu eta lekuko izanarazi nahi genuen horrek, testuratu orduko, zentzu galtze nolabaiteko bat pairatu du jada. Iragan errealitate, iragan bizipen, sentipen, konbikzio edo dena delako ustekizuna norebere edo besteen gogoan tinkotze aldera erabaki ohi dugu idaztea. Are betikotasun bokaziorik gabe balitz ere, letraratutakoak nolabaiteko iraupena sikiera izan behar zuelako uste sendoz, edo gutxienez uste mendrez, konpromitu genuen gure luma, besteon belarri-zuloetara ailegatzeko modukoa, duina, zelakoan, edota agian, denboraren poderioz, guri besteri izan ez balitz ere, guri baino ez, oroitzapen-oiartzun moduan etor zekigun bueltan.
Gerora baina, agian, letra zaitugun horrek, ez duzu irakurri-ulertuko zaituenik izango, honezkero adituko zaituenik ere… Denborak zaitu zentzugabetu, kasik zentzurik batere gabeko letra, hitz, esaldi pilatze huts baino ez izanarazteraino. Hori zaitugu, testu mortu, testu biziaren itxurapean akaso oraindik, baina azkenerako jada hilzorian, edo agian hilik jada, eta testu hil huts baino ez zaitugularik, jada soilik gorpu eta hilotz, zeure baitako letra eta hitzak gorpuzki baino ez ditugu.
Letra hila, ezdeusaren ezdeusenaren zerumugan,
Hartarantz du jaugina une oro letra biziak,
ezdeustuz doan letra oraindik bizia,
testigu izatetik ezdeusaren testigantza soila izaterantz,
urik ez duen eduki ontziara izaterantz.
Horretara da patuz deitua letra-bizia,
bere jaiotze unetik erauzia,
haren iturria atzenduta,
doa urratsez urrats bere izatea ahaztuaz…
eta horrela eta horrenbestez, hiltzen,
letra hil zinez bilakatzen,
patu duen heriotz gunera hurreratzen…
Harik eta letra hil soil eta hutsa den unera arte….
Aurrerantzean hori bazik ez, letra hutsa, letra hil hutsa,
inondik jada etorri ez datorkiguna,
inorantz ere joan ez doana,
letra huts, espiriturik gabeko letra hil hutsa.
Igor Goitia