Hotz geratu naiz
Arazo handi bat daukat: ez dakit idazten. Interesa sortzen didan egoeraren bat ikusi eta gerturatzen naizenean argazkiak ateratzen ditut. Gero testutxo batetan pentsatzen hasten naiz, hemen idazteko.
Arazoa pantallaren aurrean esertzen naizen unean hasten da: bat batean desagertzen dira buruan bueltaka zebiltzan ideiak. Erdi eraikita neuzkan esaldi eta kontzeptuetatik hitz solteak besterik ez zaizkit geratzen gogoan eta ahalengiduta ere ez dut 10 hitzeko hurrenkera bat egitea lortzen. Ez da eskuak ez duela buruak pentsatutakoa idazterik lortzen, burua da behar bezala funtzionatzen ez duena. Itzali eta piztu egiten da, argia joan eta ordenagailua itzaltzen zaizunean bezala, grabatu gabeko guzia galtzen denean uzten dizun sentsazio berarekin gerazen naizelarik.
Orduak pasa ditzaket letrei begira, deus ere bururatu gabe, damutu, idatzitakoa ezabatu eta argazkia karpeta batetan gordetzera ere ailegatu izan naiz behin baino gehiagotan; baina oraingoan ez nuen halakorik egin nahi. Argazkia erakutsi nahi nizuen, zer kontatzekorik okurritu ez arren.
Nik ez dakit ezer lasterketetez. Irten eta heldu egiten direla, hori bai, irteera eta helmuga idatziak izaten dituen pankarta banaren azpitik korrika igarotzean eta pasatzen lehena izaten dela irabazlea ia beti.
Hotz izugarria egiten duenean ur hotzez garbitu behar izateaz ere ez dakit gauza handirik, eskolarteko kirolari garaiak aspaldi utziak ditut eta atzean, baina sentsazio hobeak, egon, badirela badakit.
Nik argazkiak ateratzeaz dakit. Egoera interesgarri bat ikusi eta begira geratzeaz, argiari nondik datorren erreparatu eta buruz kalkulatu nahi izateak sortzen duen sentzazioaz. Kamera begi aurrean paratu aurretik, jende artean ikusia eta sumatua izatearen beharraz, onartua izatea bilatzeaz edo onartua izan ezean sortu edo ekidin beharreko tentsioa neurtzeaz. -Eta zu zeinena zera?- galdetzeaz, entzuteaz, esplikatzeaz, begiratzeaz eta batez ere ikusteaz. Ni zeinena naizen kontatzeaz, sartu izanagatik begiekin eskerrak emateaz, errespetu nahikorik eduki ez izanak lajatzen duen gustu mikatzaz. Argazki bat lortzeak sortzen duen barne pozaz eta ez lortzeak uzten duen amorru eta ipotentzia sentzazioaz. Bizitzeaz eta kontatzeaz.
Horregatik ateratzen ditut argazkiak, eta zuei erakutsi; baina hemen testutxo baten kopainiaz nahi izaten ditut jarri eta horrek izoztu egiten nau.
Aupa zu! aspaldiko. Oso argazki politta eta testu ederra!
Hi artixta haiz argazki kamerarekin, eta idazten ederki dakik, baña ulertzen diat testua idazteko arazoak izatea, baldin eta testua argazkien mailakoa izatea bilatzen baduk, hori ez bait duk erreza. Nik etzekiat neurtzen testu baten kalitatea, baina nire ustez, jakin nahi baduk, dezente ondo lortzen duk hire argazkien hizkuntza berezia eta testuaren estiloa elkarren lagun izatea. Zorionak.
Lehengoan Zubietan bazegoen beste argazki eder bat: beste argazkilariek harrapatuko ez zuten argazki haren peskizan jo eta kea zebilen argazkilari-arrantzale katiuskadunarena.
Bejondeizula.
Mila esker iruzkinengatik!
Sinetsiko ez badidazue ere, testu honen helburua ez zen lausengu eta losintxak jasotzea, sentsazio bat luzatu eta ariketa hutsa egitea baino. Hala ere, bota dizkidazuenez, gustura jaso ditut. Auskalo zenbat ur beharko dudan xaboi guzi hau gorputzetik kentzeko…