Hortzetako pastarekin egin daitezkeen 11 trikimailu
Hortzetako pastarekin egin daitezkeen 11 trikimailu
Hortzetarako lehenengo pasta egipziarrek sortu zuten duela 4000 urte inguru, eta klisterate deitzen zioten. Osagaiak: txikitutako pomez harria, gatza, piperrahutsa, ura, idi azazkalak, arrautza oskolak eta mirra. Gosea eta guzti sartu zait.
Dena den pasta hori aberatsenek erabiliko zuten Nilo aldamenean, zeren eta herri xeheak bestelako bide batzutatik jo izan du hortzak osasuntsu mantentzeko garaian. Nire amonari makina bat aldiz entzun nion ez dagoela sagarra bezalakorik. Hortzetako pasta, jada beste errezeta batekin, XIX. mendean hasi zen apurka zabaltzen, eta XX. mendean iritsi zen etxe guztietara; edo hori diote behintzak hamar dentistatik bederatzik.
Kontua da hortzetako pastak badituela hamaika erabilera hortzak garbitzeaz gain. Hemen zerrrendatuko ditugu; zeuk beste erabileraren bat ematen badiozu jakinarazi:
- Zapatak garbitzeko: zapatak zuriak baziren bota pasta lehenik eta pasa eskuila segidan, ondoren trapu busti batekin garbitzeko. Beste edozein kolorerekin aski dira pasta, trapu lehor bat eta trapu busti bat.
- Altzarietako orbanak: adibide bat jartzearren, demagun egunen batean gonbidatu narratsen batek edalontzia egurrezko altzari eder horren gainean ezarri eta zikingune borobil bat utzi digula. Bada, bota pasta apur eta pasa trapu lehor eta garbi bat.
- Kotxeko argiak: denbora igaro ahala geroz eta elementu gehiagok zikintzen dituzte kotxeko argiak, izan hautsa, eltxoak edo lokatza; horrek eragin kaltegarria dauka argiztatzean. Pasa pasta apur bat eta ikusiko duzu.
- Tinta orbanak erropan: bota pasta janzkia zikina duzun gunean, eta utzi bertan 24 orduz; ondoren ur pixka bat pasa eta bota garbigailura.
- Zilarra: bota pasta apur bat eta pasa eskuila; jarraian erabili trapu busti bat. Zilarrak berri itxura berreskuratzen du horrela.
- Pinportak: puntu beltzak eta pikortak guztioi ateratzen zaizkigu, nerabeei bereziki. Bota pasta aurpegian pinporten gainean, eta segi lotara. Hurrengo egunean garbitu aurpegia eta ezbedintasuna antzemango duzu.
- Azazkaletako orbanak: azazkalak pintatu eta egunetara pasta erabili dezakezu garbitzeko. Ez da esmaltea bezain eraginkorra, baina bai suabeagoa, eta diotenez, distira hobea lortzen da.
- Alfonbrak: zikindu bada bota pasta orbanaren gainean eta trapu busti batekin garbitu, indarrez. Ondoren erabili beste trapu busti bat pasta arrastoak kentzeko. Hau egiteko une onena egun eguzkitsu batean litzateke, ondoren lehortzen jartzeko.
- Plantxa: erabileraren poderioz lisaburdinean arrastoak biltzen dira, eta erropak plantxatzeko unean bertan getazen dira. Hori ekiditeko ere balio du hortzetako pastak.
- Tintea: ilea tintatuz gero aurpegi eta eskuak zikindu ohi dira, eta xaboia bera baino eraginkorragoa omen da pasta.
- Eltxoen ziztadak: ezarri pasta apur bat ziztadaren gainean eta mesede egingo dizu.