Hondar ale bat, munduaren bozeramailea

Hondar ale bat, munduaren bozeramailea –

Hondar ale bat, munduaren bozeramailea

“Den oro GUZTIAN dagoen bezalaxe, GUZTIA diren gauza guztietan dago. Honako hau egokiro konprenitzen duena ezagubide handirako jauzia emana dago” (El Kybalion)

Den guztia, txiki-txikia izanik ere, ezin zedarritu eta mugatuagoa izanik ere, bera ez den beste guztiarekiko dago zuzen onez elkarlotuta. Hondar alde txiki ñaño ezin hutsalago batek, asko, dena, barnebiltzen du bere baitan, sakon-sakonean, bera ez den gainontzeko errealitatearekin dago ezin hobeki lotu-lotua. Den-dena, nolabait edo beste, gainontzeko guztiaren eroale da. “Bere sakonean ale bat ikusteko gauza den horrek, mundu osoa, errealitate osoa ikusi du alde delako horretan” zioskun Xavier Zubirik bere errealitatearen teoria garatu bidean. Hori zen hain justu ere berak deituriko “errealigazioa”. Errealitate guztiak errealigatuak daude, errealak izango badira. Halaxe da, egia aitortzera, pixkatxo batez pentsatzeari sakon ere ekiten badiogu. Ale tixikiño bat, bere ezdeus-ezdeusean, umetoki duen hondartzaren iragarle dugu, arroka zuen jatorri zaharraren iragarle, betidanik bizilagun dituen ezin konta ahala itsaso-tantatxoren lekuko, pasiatzaile hondartzazale guztien oin-azpien leungarri, beste ezin konta ahala hondar aleren artean, berauek trinkotuz eta gogortuz gero, etorkizunean balizko harrizko etxe horren hormaren parte ñimiño, haizete boladaren batean, haizearekin bat eginez, bere kasik parte, geure begi betsarera ailegatuta, berau erauzi arte nahikotxo ezinegona sor liezguekeena inoizko batean, eta, berau ezin erazuzirik, seguruena oftalmologoarengana bultza gaitzakeena,… eta delako hondar ale txikiño bezainbat erreal horretatik tira eta tira eginez gero, oraintxe puntuan nezkez imagina ditzakegun ez dakit zenbat bestelako gauza eta errealitatera arte ailegatzeraino.

Den-dena, erreala den guztia, gainontzeko errealitate guztiekiko loturan, lotura perfektuan dago. Den guztiaren artean elkar-bilbatze bat dago. Errealitatea ez da erreal diren gauza guztien arteko bat-egite bat, batuketa bat, oso besterik da-eta kontua, askoz harago doana; errealitatea errelitate guztien arteko bilbe biribila dugu, gauza guztien arteko elkar-lotura biribilaz sorturiko mihise urraezina dugu errealitatea. Gainontzekora garamatza den-denak. Denean dago guztia izkiriatua. Den ezerk, nahi adina txiki eta ezdeus izanik ere, mundu eta errealitate osoa darama bere baitan ezin hobeki idatzirik. Sinfonia perfektua dugu errealitatea, non den-dena, guzti-guztia, den eta existitzen den aldetik, baitu eta izan baitu betidanik bere zentzu guztizkoa. Guzti-guztiak beretzat propio dagoen txokitxo besterendu ezina darama bere baitan izkiriatua, bere-berea, bera den eta izango den aldetik.

Tanta bat dakusat, tanta bat.
tanta batek zipriztindu nau, tanta batek.
txiki-txikia, tanta bat.
buzti-buztia, tanta bat.
muga-mugatua, tanta bat.
atzeman-atzemangarria, tanta bat.

hori baino ez, antza, tanta bat baino ez.
hori bai!… nola ez!, tanta bat!
ez baina, hori baino ez!
asko, baina, tanta horren atzean…
asko, baina, tanta horrez harago….
… ubideak, ur-lasterrak, itsasoak…
mugatuenetik mugagabeenera….
tantatik…

Ekaitz beltzaren aurrekari, akaso.
Egarrialdiaren etenaren igarlae, apika.
Mugatutik mugagabera…
Errealitate ñimiñoenetik zer zabalenenera
Tantatik…

Igor Goitia

Hondar ale bat, munduaren bozeramailea

Teologia ikasitakoa. Gai filosofiko eta espiritualetan jardunda.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude