Hobe da oilaskoa erreta
Hobe da oilaskoa erreta –
AEBtako mendebaldeko kostaldera joan nintzen duela urte bi, beste pilotari batzuk lagun, San Francisco eta Los Angeleseko euskal etxeetan pilota partida bana jokatzera. Partida batetik besterako tartea hiru egunekoa zela aprobetxatuz, bizitzan behin nahitaez bisitatu behar dela dioten hiri batera egin genuen osteratxoa: Las Vegasera, lorik egiten ez duen hirira. Kuriosoa iruditu zitzaidan hiria, basamortu baten erdian sortutako eraikin multzo erraldoia; dena argiz betea, nola egunez hala gauez. Eta guztiaren oinarrian, jokoa. Bada, Euskal Herrian ez dugu Las Vegasik, baina bai, bertan dabiltzan askok bezala, arazo handi bat: jokoarekiko menpekotasunarena. Atzo bertan irakurri nuen Nafarroako populazioaren %1ek, 6.500 nafarrek, jokoarekiko menpekotasuna dutela. Hari horretatik tiraka, gai beraren bueltako EAEko datuei erreparatu nien, eta are kezkagarriagoa da kontua, ehunekoak gora egiten baitu: %2aren bueltakoa da. Ipar Euskal Herriko daturik, aldiz, ez nuen aurkitu. Datuoi buruz hausnartzen nenbilela, Nevadahko basamortuko egonaldi hartara joan zitzaidan gogoa; bertan, diskoteka bateko sarrerako ilaran, Oinatz Bengoetxearekin izan nuen elkarrizketa batera. Guk ez baikenuen jokorako interesik Las Vegasen, baina bai lorik ez egitekoa. Honakoa bota zidan lagun leitzarrak: “Jokoa ez da errenta, Ibai; hobe da oilaskoa erreta”. Eta horrela da, bai, pilotari izandakook ere makina bat pertsona ikusi baititugu frontoian, apustuen munduan, direnak eta ez direnak galduz; baina aberasten inor ez. Jokotik aberasten diren bakarrak, jokatzen ez dutenak baitira.
[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioa, ‘Minutu bateko manifestua’, 2024ko irailaren 20koa]