Hezurrak eta gezurrak
Hezurrak eta gezurrak –
Jaiotzen garenean gure gorputzak 300 hezur inguru dauzka, bigun, esnezko, estreinatu berri. Urtaroak eta urteak igaro ahala hezur horiek formaz aldatu eta helduaroan 206 hezur bueltan izatera pasatzen da gizakia.
Justu kontrakoa gertatzen da gezurrekin. Mundura sortzez garbi heltzen gara, iruzurra zer den jakin gabe, malizia arrastorik barik, dena instinto, guztiz zintzo, oro maitasun. Uneren batean ohartzen gara gezurra alderrai ibili dela dantzan gure garunean, gertukoenek sartuta, usu: Olentzero aldameneko mendian bizi dela, zure herrian astean zehar ez dela gozokirik izaten, eta marrazki bizidunetako pertsonaiak lotara joaten direla ordu zehatz batetik aurrera. Engainatua sentitzea baina oinaze garratzagorik ez da munduan, gezurrak hezurretaraino ematen baitu min.
Hezurrak sano eta indartsu mantentzeko behar dira kaltzioa, fosforoa, D bitamina… eta istripu batean puskatuz gero, berau sendatzeko hamaika bide daude. Gezurrak egunero irensten ditugu, eta barruan puskatzen digutena ez da erraza konpontzen, traumatologoak ez baitira traumak konpontzera dedikatzen.
Ama, zure belaunetara itzuli nahi nuke, bizitza 300 hezur eta gezurrik gabe abiatu eta 206 hezur eta gezur bakarrarekin amaitzeko: gizakia dela bere burua atxilotzen duen animalia bakarra, eta hori aldatu ahalko dugula sinestea.