Hezkuntza aldaketarako, (de)formatze ederra

Hezkuntza aldaketarako, (de)formatze ederra –

Hezkuntza aldaketarako, (de)formatze ederra

Globalizazioa dela, hiper-teknologizazioa dela, krisi klimatikoa, baliabideen agortzea, azpikoz gora jarritako piramide ezin aguretuagoa dela…, etorkizun beltz, ezin belztuago izango dugula aurrez aurre digute ondo sinestarazten etengabe. Tristeena ez da baina iragarpen beltz, edo agian gero eta belztuago, hau mahai-gaineratzea; penagarri-penagarria ez da hau, zeraxe baizik, alegia, iragarpen hauek beren baitan daramaten belztasun gradu-maila hori inpugnatze aldera, edo puska batean bederen gutxienekoz ur-ardotze aldera, inpugnazio txiki-txikiren bat-edo besterako zirrikitu ñimiñoenik ere uzten ez digutela. Horrek bai horrek nau guztiz eta zeharo amorratzen…

Geroa begiztatzeko norbere betaurrekoak ondo uzten dizkigute alperrik galduak, ondo galipotez belztuak.

Baina lasai har dezagun! Lasai-lasai, ezinbestez eta halabeharrez, aurrez profilaktikoki ondo aurre-prestatuko gaituzte-eta! Ondo otzandu, are agian zikiratu-edo ere! Lasai har dezagun, edota, batek jakin, ezin urduriago akaso, deusez ohartuz gero, edo ezin urduriago gure halabeharrezko patu zikiratu honen ohartun izanez gero. Izan ere, nahiz eta, galipotez antiojoak ondo zipriztinduak edukita, deusik ere ikusi ez, jada iragarpenez baino ezagutzen ez dugun etorkizun beltz horretaz ohartun eta seguru, mundu zabalean, horretan barrena, samur eta erraz ibili ahal izateko, atergabe mugimenduan dagoen munduan geure burua (de)formatzeko egingo digute dei etenik gabe, eskolatik hasi, erretiro arteraino. Aldaketarako, etengabeko aldaketarako, ikasbidera erakarri nahi izango gaituzte une oro; goiz-lehenean geunden honetantxe arratsalde partean guztiz bestela izango den horretantxe ederki asko molda eta ari gaitezen.

Belztasunerako fede berrira bihurtutako fededun berri gaituzuen hauek, lasai asko har dezagun dena! Lasai, edo urduri, norberak ikusiko, zerk bilakarazten duen funtzionalago. Lasai edo urduri, baina gauden ondo bridatuak!, zeharo zikiratuak ez bada, etengabeko mugimenduan dagoen, eta areago ere egongo den, cyber mundu sobera superguay beltz-beltz honetan. Eta gauden etengabeko mugimenduan hara eta hona, hara eta hona eta inon ez. Hara eta hona, betiro beltzetik beltzera. Alabaina, kontuz!, kasu!, pentsamendu edota gogo beltz propiorik ez dakigula sor!; izan ere, finean eta buruan horrek esan nahi izango luke-eta itxaropenerako (beltz, zuri edo griserako) lekutxo bat aurkitu dugula, eta hori ez da posible, dena dago-eta mugimenduan, eta gu ez gaude inon, eta, beltz-beltz esanda, zurira jada bakarrik ametsetan jolasten gara.

Igor Goitia

Hezkuntza aldaketarako, (de)formatze ederra

Teologia ikasitakoa. Gai filosofiko eta espiritualetan jardunda.