Herria eta diruaren amarrua
Herria eta diruaren amarrua –
Aurreko artikuluaren azken aldera jada aurreratutako gomendioari emango diot segida honako honetan; honelatsukoa zen emandako gomendio-iradokizuna: eta zer gertatuko litzateke “beldur publikoa” galduko bagenu, “beldur publikoari” uko egingo bagenio? Zer gertatuko litzateke? Hortik zer segiko litzateke? Instituzionalki onestu eta babestutako artearekin hasi ginen entseatzen, horrekin hasi ginen zerbaitekin hastearren, baina, berez, gizarte mailako zenbait eta zenbait arlo ditugu “ukoaren praktika” aurrera eraman ahal izateko, beldurrik batere gabe ukoaren praktika abian jartzeko.
Orain, jada beldurrik gabe, animatu gaitezen diruarekin. Dirua, jada denok ezin hobeto dakigunez, azken Egia edo Egia gorena dugu. Dirua dugu jada zeinahi praktika edo erabakiren atzean dagoen azken logika edo logika bakarra. Hartara, horren arabera izango dugu beti zerbait logiko edo ilogiko. Zentzurik daukana, onargarri dena, diruaren logikak ebatziko digu beti. Azken batez, benetan zebakiz zenbatzen den guztia dirua dugu. “Ume, diruari buruz, ez da hitz egin behar” agindu delako hori bertan behera gelditutako aspaldi zaharreko kontua dugu. Gaur aldiz, diruaz hitz egin eta hitz egin gabiltza une oro. Diruarekiko fedea ez da inondik edotarikoa, fede potolo-potoloa dugu berau. Lehen ezinago lotsagarri uzten zintuen lukurreria deitutako hori, exekutibo ohoragarriaren goretsitako praktika dugu gaur egun.
Bestetik ere, zenbat kontzeptu, dogma, sineskizun, eta bete beharreko arau ditugun dirua hizpide dugularik! Denetariko kontzeptuak, zein beroien arteko kateatze irentsi ezinak, asmatzen dituzte urterik urte dirua burutan hartzen dutela, atergabe, guztizko “paralengoaia” bat sortzeraino: “Kuota Okupazionalaren Pizgarriaren Mailakako Hazkundearen Tasa” dela, “Holding Okupazionalaren Operazioen Merkatuaren eta Enpresa Aurrezki-kutxaren Koefizientearen Salbuespena” dela, edota, “Transferentzia Ekonomikoen Eskaintza Politika”… Horrekoak eta beste geure belarri-zuloetara ailegatu eta berehala, txiki eta ezdeus geratzen zaigu Hegelen Espirituaren Fenomenologia bera-berau.
Ezin, baina, erretolika horri iskintxo egin. Jende-masa dago propio deitua festa honetara. Hiritar xehea nondik eta nola harrapaturik ondo baino hobeto dute pentsatuta. Diruaren kosteaz hitz egingo diote, ez dakit zein bankuren arteko bat-egiteaz, ekonomia gehiegi berotzeaz eta, hori tarteko, hartu beharreko hozte-neurriez… Horri guztiorri ezin muzin eginda, zera pentsatu ohi da maizenean; zenbat eta hobeto jakin horrelako berbontzikerian sartzen, orduan eta nor bakoitza errealitatetik gertuago dago, eta, harako han, goialdeko prozesu ekononomiekoetatik inoizkorik gertuenik dago.
Bada, egia esatera, oso besterik da kontua. Horiek guztiak, guretzat, behaldekoontzat, gezurrak, gugan sorturiko ilusioak, baino ez dira. Beraientzat ezin egiazkoagoak dira, noski. Guretzat, aldiz, benetakoak dira, baina benetakoak benetako ilusioak diren aldetik, lozorroan, otzan eta esaneko mantentzen gaituzten benetako ilusioak. Zin-zinetan, eta bizitzari aurrez aurre begiratzeko ausardi pixka bat edukiz gero, airea arropatzat zuen errege biluztuaren antz handia izan dezake diruaren ilusioak. Nor ausartuko baina eraikitako fede potolo horri uko egitera? Fede potolo horri uko eginez gero, zer izango ote dugu zain-esperoan? Egun ere, egungo katedral handiak ere baditugu, erlijioarenak baino askoz handiagoak diren diruaren katedralak. Katedral egungo hauek, lehengo erlijio-katedralak ordezkatu ez ezik, are antzinako merkatari eta dendariak ere ezdeus utzi dituzte. Finean eta buruan, egungo egunean dirua saldu-erosten duteneko horiek baino ez dira benetako dendak, horiek dira jainko berri bakarraren benetako tenpluak.
Diruarekikoan, artearekikoan aurreko egunean esanda moduan, erregea ere biluzik dago eta horrela, horren argi eta klar, esan beharko litzateke gero eta maizago herriko plazetan. Animatzen hasi behar dugu, ez “ez dut ulertzen esaten”, baizik-eta “ez da ulertzen”, edo, “erretolika hau ulertuko duen gizakirik ez dago”. Eta behin horrelako aitorrak eginda, segi-segidan, gaderak, aimaigabeko galderak egin beharko dizkiegu ekonomistei, bankariei, politikariei, edo berauen edozein formapeko ordezkariei, berauek gogoitzeraino, atergabe galdegin eta galdegin. Galdera horien aurrean onik ateratzen ikusiko ditugu, onik ateratzen hasiera batean. Alabaina, geure galdegiteari utziko ez bagenio, eta jasotako erantzunari hurrengo galdera batek jarraituko balio, orduan zera baino ez genuke ikusiko; egia-egia esanda, eurek ere dioten horretan duda asko daukatela, nahaste borraste dexente daukatela. Dena den, ur bareegi hauek sikiera pixkatxo bat harrotzeko badago urre-arau bat beti ere beti aplikatu beharrekoa; nolabait edo beste herri mailako mintzairara itzuli ezin daitekeen hori guztia (bulgarizazioa sahiestu beharraren aitzakia merkeari ez! faborez) gezur hutsa dela eta berorren disimulua baino ez.
Denetarikoak dira desmontatu beharreko egainuak. Diru guztia diru berbera delako sineskizuna da horietan lehen-lehenik desmontatu beharreko bat. Eurek burutan hartzen duten dirua eta guk kafetxo bat ordaindu ahal izateko txanponena bat eta bera dela sinestarazi nahi izan digute beti. Horrentan hartzen du oin ekonomiaren Fede Potoloak. Guztia dela diru bera, hori da aurren-aurrenik sinetsi beharrekoa. Hartara, behin horrelakorik sinetsita, hurren, beste zera sinetsi-irentsi beharko da; behealdekoon kontribuzioen pilaketaz sortzen dela estatuek edo munduak duten kapital handi hori.
Bada, diru garaikide eta benetako bakarra eurena da, eta ez behealdeko nor bakoitzarena. Behealdekoak xahutzeko duen diru apur hori antzinako diru aspaldiko horren aztarna baino ez da, iragan garaiko diru harako horren imitazio bat baino ez, egun zin-zinez deus askorik inporta ez duena. Behealdekoon entrenigarri baino ez da sasi diru hau. Entretenituak jarrai dezagun uzten digute, eta, hartara, eurek, bien bitartean, zinezkoa eta benetakoa den diru bakar hori hara eta hona mugitu ahal izango dute erraz asko eta ezein trabarik gabe. Diru benetako eta potolo hori, zer gerta ere, hasteko eta behin, ez da inorena, bere kaxa eta bere kautan dabil hara eta hona, dituen xedeak berak berorrek aurre-ezarriak baileuzkan.
Diru garaikide benetakoarekin diru gehiago baino ezin da erosi. Eta hortaz, diruak gauzak erosteko balio zueneko garaia gero eta aspaldikoagoa zaigu. Egungo egunean, gauzak, izatekotan, diruaren formak baino ez ditugu. Gauzek jada ez dute kasik erabiltzeko edo disfrutatzeko balio ere, soil-soilik diruz erostekoak izateko balio dute. Behaldekoari, genienera jota, ukigarria-dastagarria izan litekeen zertxobait erosten uzten diote, oso-oso noizean behin, noski. Hartara, engainua pixkatxo bat-edo disimulatu dezakete. Hartara, behealdekoak ez du antzematen dirua zerbait hutsik denik, dirua erosteko baino balio ez duena, eta finean, berorren atze-atzean huts-hutsik dauden trukeak baino ez daudela. Ezereza (ezerez handia?) mugitzen eta mugitzen ari dira, atergabe mugitzen, horretarako propio sortutako erakunde goren ezin abstraktuagoak baliatzen dituztelarik.
Azken finean, honetara laburbil liteke kale mailako diruaren oinarrizko logika: “money is time”. Dirua, finean, gutiziatutako azken nahikari bilakatu da, alegia, denbora. Denbora bilakatu da dirua, huts-hutsik dagoen denbora, hutsik dagoena eta hortaz konputagarria, zenbatzeko modukoa, beti etorkizunezko den denbora konputagarria. Zenbait forma ezberdinetan dagerkigu aipatu denbora konputagarri hau: lan-orduetan, ordaintzen diren lan-orduetan, gerora, supermerkatuko lan-orduak ordaintzeko balio duten lan-orduetan, edota hondartzan igaro beharreko orduak ordaintzeko balio duten lan-orduetan, edo makina txanponjaleetan xahutzeko lan-orduetan…
Ikus dezakegu, dena den, ekonomia arloaren amarruei herritik (behealdetik) aurre egiteko ekinbide batzuek, proposamen formapean, finean, “ukoari” ondo heltzea dutela xede. “Ez” publiko hori samur-samurra, izan, ez dela ikusi dugu. Hortik dator askotan honelatsuko aholkuei jarraitu behar izatea. Gauzak diren direnean ikusi behar dira, halakotzat jo eta halaxekoak direla esan, aho bizarrik gabe. Dirua dute jainko bakarra, hutsa baino ez den diruaren jainkoa. Hortaz hutsik ere dute euren tenplua. Sekretua, baina, esandako hori ez esatea da. Honen jakitun ez izatean, edo, halako batean, sekretua dakiten gutxi horietariko bat izanez gero, txintik ere esatean, hor datza kontu honen guztiaren gakoa.
Herria eta diruaren amarrua Herria eta diruaren amarrua