Heriotzari buruz
Heriotzari buruz –
Hemen heriotzaren inguruko hitz batzuk. Ahots altuan elkarbanatzeko sentimentu zailak, minetik askapenera.
Norbait hiltzen denean, bere bizia eteteaz gain, desagertu ere egiten da. Bizi-hil eta egon-desagertu prozesuak hain dira finak eta hain dira ulertezinak, ama hilik zegoela, mugitzen sentitu nuela. Bapatean desagertu zen, bere alabari agur hitzik ere esan gabe. Bapatekotasun horrek, ama egon-ez egon prozesua ez graduala izateak, ama behin eta berriz bilatzea kondenatu nau.
Min fisiko bat dudanean, oraindik bilatzen dut ama. Amak, beti babestu izan nauelako. Konpondu ezin ziren gauzak onartu arte heltzen ninduelako.
Huts egiten dudanean, oraindik bilatzen dut ama. Amak, beti babestu izan nauelako. Nigan sinesten zuelako, hegalak josten zizkidalako.
Oreka galtzen dudanean, oraindik bilatzen dut ama. Amak, beti babestu izan nauelako. Funanbulisten kontrapisua zelako bera.
Ama burura konszienteki ekartzen dudan guztietan lainotzen zaizkit begiak eta aurpegiko gihar danak gogortzen zaizkit. Ustekabez nere burua topatzen dut hortzak estutzen. Negarra eutsiz azken finean.
Orain arte ez nuen ulertu amak, bizi zenean zuen mina. Berak ere galdu zuelako bere ama, eta ondoren aita. Eta bizi izan zela lehen aipatu ditudan guztiak sentitzen.
Amaren heriotzatik bi urteetara, nere barrena goxotasuna sentitzen hasi da. Aita daukat nerekin. Eta irrafarre bat ateratzen zait, gogoratzean, aita dela amak ni babesteko aukeratu zuena.