Helduok heldu

Helduok heldu –

Helduok heldu
Arg: Brett Sayles

Gurea geroa plataformak gazteen osasun mentalari buruzko txostena aurkeztu zuen aurreko urtearen bukaera aldera. Bertan, Hego Euskal Herriko 16 eta 30 urte bitarteko 3.075 gaztek betetako inkestak aztertu eta ikerketak emandako emaitzak aurkeztu zituzten. Aurkezpenaren ondoren, hedabideetako lerroburu nagusiak honako datu honek bete zituen: hamar gaztetik seik pentsamendu suizidak izan dituzte. Izugarria. Hala ere, ikerketa berean ikus zitekeen beste datu bati erreparatu nahiko nioke gaur, seguru asko aurrekoarekin lotura zuzena duen bati: gazteen %55ek antsiolitikoren bat hartzeko beharra sentitu dute inoiz.

Datu hori irakurri nuenean, azken boladan hainbat frontoi eta futbol-zelaitan ikusten ari naizen argazkia etorri zitzaidan gogora: partida galdu berri duen umea bekozko beltzez eta haserre bizian, baita negar malkotan ere. Eta ondoan edo inguruan bere guraso bat (gehienetan, gizonezkoa), partida osoan umeak berak baino gehiago sufritu eta sufrikario hori umeari transmititu ondoren, haurra baino atsekabetuago. Zaldieroa-ren tira baterako moduko irudia: umea eta gurasoa triste, kopetilun, elkarren ondoan, haurra “sentitzen dut, aita, hurrengoan irabaziko dut” esanez.

Azkenaldian, asko hitz egiten da gazteek frustrazio sentimendua kudeatzeko duten zailtasunaz eta horrek sortzen dien estresaz; baina, agian, kudeaketa oker horren kausei erreparatuko bagenie, helduok ere agertuko ginateke argazkian. Beraz, izan gaitezen helduok heldu, ez daitezen, gure erruz behintzat, gazteak antsiolitikoetara heldu.

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioa, ‘Minutu bateko manifestua’, 2025eko urtarrilaren 21ekoa]

Helduok heldu

Pilotari ohia; gaur egun, euskara irakasle IRALE

2 pentsamendu “Helduok heldu”-ri buruz

  • Bai, ados, baina susmoa dut partida galdu berritan ikusten direnak baino larriagoak ez ote diren lau asignatura suspenditutakoan ikusten direnak. Edo, besterik gabe, ikasi nahi zena ikasi ahal izateko behar zen notaren ateetan geratutakoan. Kirol munduko lehiakortasuna garratza da batzuetan (ez beti), baina eskolakoa garratzagoa izan daiteke, eta izaten da, kasu bakan batzuetan izan ezik, gehiago dagoelako jokoan.

  • Mikel Haranburu 2025-02-10 12:34

    Zoritxarrez, eta ikusten denaren arabera, helduak gero eta umeagoak gara, zentzu txarrenean. Umeak zoriontsu bizi omen dira, jan, lo eta kaka egin. Mundua deskubritzen omen dute, ikasi egiten dute. Baina umeek ez dakite zertarako bizi diren, zertarako bizi garen.
    Eta helduok ere, gazteengandik hasita, zertarako bizi garen ez bide dakigu, oso ongi ez behintzat.
    Ez bada, ongi pasatzeko…
    Frustrazio edo zapuztea ongi kudeatzen ez dakigula eta… umeak, gazteak ere holaxe dabiltza omen… esango nuke “garaipena” ERE kudeatzen ez dakigula… onenak izatea beste xederik (xede ankerra inondik ere) ez dugu. Lehenak izan, “number one”, Horra Trumpen MAGA lelo ergela… zertarako ez baita esateko kapaz… hor dugu bide galdua, hor aurkitzen dut bizitzeko -bizirik segitzeko- zailtasunen iturri (bat). Hor dugu, esate baterako, superazioaren ikur goren bilakatu Verdeliss delakoak egin duen balentria… alferrikako balentria. Haren zortzi seme-alabek espektatiba aski izanen dute bizirik segitzeko, suizidio ideiarik ez erabiltzeko behintzat? Ala “zertarakoren bat” faltako zaie?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude