Helburuak ongi zehaztuta bidean ez galtzeko.
Duela bizpahiru aste aurre-ikerketaren garrantzia nabarmendu nuen, erranez neurri handi batean komunikazio on baten giltza dela. Eta horrela pentsatzen jarraitzen dut. Oinarrizko urratsa da jakiteko non dauden ahuleziak eta non aukerak. Baina gaurkoan aurre-ikerketa ondoko beste urrats garrantzitsua aipatu nahi nuke: Helburuen adostea, komunikazio planaren helburuak adostea, hain zuzen ere. Aurre ikerketarekin jakin dugu non garen, eta orain jakin behar dugu nora joan nahi dugun, zer lortu nahi dugun. Begi bistakoa ematen du, eta batzuek pentsatuko dute hau denbora alferrik galtzea besterik ez dela. Baina helburuak ondo zehaztuta edukitzeak dirua, lana eta denbora aurrezten lagunduko du, besteak beste indarrak zentratzea ahalbideratuko duelako. Ezin da hasi bat-batean alde guztietara joka. Lortu nahi diren helburu nagusiak anitz baldin badira, agian, denboran sailkatu egin beharko ditugu.
Normalean helburu nagusi bakarra izaten da komunikazio plan bakoitzeko, gehienez pare bat. Gehienetan enpresak ideia bat izanen du lortu nahi duenari buruz, baina aurre-ikerketaren emaitza ere erabakigarria izanen da helburuak finkatzean, agian enpresa edo erakundearen ideia ez baitu bat eginen aurre-ikerketaren emaitzarekin. Orduan egokitu egin beharko dira. Produktu edo eskaintza berri baten kasuan, bere publikoan aldeko jarrera baikor bat sortzea izanen da helburua, baina arazo baten kasuan?
Helburu nagusia edo nagusiak adostuta, azpi helburuak finkatuko dira, dozena erdi bat gutxi gora behera. Hauek, nagusiak ez bezala, neurgarriak izan beharko dute baitezpada, alegia, bakoitzari neurtzaile bat jarriko zaio gerora komunikazio plana eraginkorra den ala ez jakin ahal izateko. Ahal den neurrian, neurtzaile hori osatua izan beharko du. Horrek erran nahi du beste datu batekin egindako konparaketa izan beharko duela. Adibidez, museo baten kasuan, neurtzaile aberatsagoa da urte batetik besterako sarreren gora beheren ehunekoa, sarrera kopuru hutsa baino. Sarrera kopuru huts batek ez digu erraten ongi goazen ala ez, museoaren arabera izanen delako. Gauza ageria honako hau ere, baina adibide hori eraman daiteke, web orri baten eraginkortasuna neurtzeko existitzen diren neurtzaile guztietara, inkesta batzuen emaitzetara, akziodunen batzarreko partaidetzara edo langileen artean dagoen baja kopurura. Gisa berean, ahalak eginen ditugu neurtzaile horietariko batzuk kualitatiboak izateko, eta ez denak kuantitatiboak. Azkenik, eta neurtzaileek ikuspegi orokor bat eman dezaten, neurtzaile adierazle bat ere sartzen saiatuko gara. Hau da zuzena ez den neurtzaile bat, egoera baten sintoma dena.
Jarritako helburuak betetzen ari garen jakiten lagunduko digute, batetik, baina baita bestetik, gauzak gaizki egiten ari garen ikusten ere. Kasu horretan neurriak hartu beharko dira eta aurreikusitako komunikazio planari zuzenketak egin. Azkenean, komunikazioa gurpil bat da: helburuen adostea, plangintza, akzioak, neurketa, eta berriz hasten da. Gainera, gizartea hain azkar aldatzen denez, ziklo horien iraupena gero eta laburragoa da. Duela hamar urte bezala komunikatzeak ez du balio, eta ziur aski gaur bezala komunikatzeak ez du balio izanen hemendik beste hamarrera.
Kaixo.
Badago ulertzen ez dudan zerbait. “Azkenik, eta neurtzaileek ikuspegi orokor bat eman dezaten, neurtzaile adierazle bat ere sartzen saiatuko gara. Hau da zuzena ez den neurtzaile bat, egoera baten sintoma dena.” Azalduko zenuke beste modu batian mesedez?
eskerrikasko eta ondo izan.
Aupa Amaia,
Adibidez, baja kopurua lantokian, akziodunen batzarreko partaidetza, … Galdetzen badiezu jende hauei zergatik bajan dauden edo zergatik ez diren akziodunen batzarrera joan, politikoki zuzena izateko erantzungo dizute, gaixo naizelako eta beste bilera bat nuelako ordu berean. Baina benetako arrazoia izan daiteke, laneko giroa jasanezina delako eta elkarteko akziodunen batzarra bost axola zaielako.
Kontua ez da jakitea egia ala gezurra erraten dizuten, baina neurtzaile adierazle edo informal horien bidez jakinen duzu gai zaren laneko giroa hobetzeko eta akziodunen batzarraren interesa areagotzeko.
Neurtzaile horiek ez dira ez iritzi, ez jarrera zehatzak, baizik eta balizko arazo baten zeharkako ondorioak.
Ez dakit argitu naizen…
Hala, egon pixkor