Gutxiagorekin zoriontsuagoa izan?
Gutxiagoz zoriontsuagoa izan? –
Gutxirekin konformatzen den hori zoriontsuago omen da asko daukan beste hori baino. Askotasunak zeharkatzen gaitu alderik alde hiperkontsumoko eta ezin konta ahala beharrizanen gizarte mendebaldar honetan. Gutxirekin, oso gutxi-gutxirekin bizi omen daiteke, hala diote, eta hori gutxi ez, eta konformatuz gero, zer eta zoriontsuago izan… Askotasunak eta konforme egoteak, nonbait, ez omen dute elkarrekin oso ondo bat egiten; horretaz ez dago-eta batere aipamenik. Ez dakit nik, bada, hori, guk, gure gizarteak, geure askotasunetik erdi sinetsi ere ote dezakeen hamaika aldiz entzunda badu ere. Izanez ere, askotasunetik nekez ikus daiteke begi garbiz “gutxi” den hori. Behetik goikoa ikustea ez da samurra izaten, behetik, aldiz, ondo asko ikusten da goikoa, berau urrutisko sentituta ere.
Gauzak hala, horretaz zer esan? Zer esan genezake gutxirekin konformatze horri buruz? Beharrizanen geruzetan ahalik eta gehien kentzea al da kontua?, eta zenbat eta gehiago kendu are eta zoriontasun handiagoz disfrutatuko dugu. Hori horrela al da? Ez dut uste nik, kopuru kontu baten aurrean gaudenik. Izanez ere, hiperkontsumoaren gizarte honetan, maizenean norberak produktu eta ondasunekiko duen lotura-menpekotasuna ezin ukatuzkoa izanik ere, eta hauen kopurua gehienetan txikia ez bada ere, hemen kontua, auzia, ez da zenbakizkoa; izanez ere, asko eta askotan produktu-ordezkapena suertatzen da gugan, eta produktu batek “itxuraz” benetako beharrizan bat asetzen du harik eta berriago batek “ustez” hobeto asetzen duen arte. Hartaz, zenbakiko, kopuruko, kontua ez dugu kentzearena. Orduan, zer-nola ekingo diogu, bada, kentze horri?
Nik zera gomendatuko nuke, hasteko eta bat, sumaz besterik ez bada; kentzera animatu dadila jendea, horretan beldurrik ez izateko. Ezin konta ahala geruza horien kontra aritzeko gomendatuko nuke nik. Eginkizun horretan baina, berehala konturatuko gara zertan ari garen eta zertan datzan kentze guztien gakoa. Kentze aldera kentzea erraz eta samur egiten da, hau eta beste erraz utz dezakegu bazter, harik eta harian-harian kendu eta kendu joate horretan zehar ezin kenduzko zerbaitekin topo egiten dugun arte, edo gainetik kentzeko oso nekeza zaigun zerbaitekin topo egin arte. Hor dago gako eta koska. Galdera asko sortuko zaizkigu ezin kenduzko horrelako horien aurrean; hau kenduta, nire niaren oinarri-oinarrizko zerbait lihoake kentze horrek erauzita? Hau kenduta, berorri atxikia ez egotetik hutsune eder bat zabalduko al litzaidake? Gerora, bere lekua okupa lezakeen beste zerbaitek bete ahal izan zezan, agian askoz hobeto egingo lukeena bat nire niaren garapenarekin? Kentze horrekin zinez libreago izango al nintzateke, arinago hegan egiteko, besteengandik gertuago bizitzeko, nire nia hobeto zaintzeko?
Honelako bigarren motatako kentze hauek buruhauste ederrak sor liezazkigukete. Zergatik kendu hau edo beste hori? Merezi al du? Eta hala pentsatuz gero, ba al dut horretarako behar besteko ausardiarik?
Kontua ez da kentze aldera kentze hutsa, kentze horretan asmatzean dago gakoa, kentzeko zinez nekosoak zaizkigun horietakoren batzuk kentzeko ausardia nahikorik izatean edo ez. Esadazu zerk lotzen zaituen eta esango dizut nor zaren; esadazu zer erauz dezakezun zure menpekotasunetarik eta esango dizu nor ez zaren.
Gutxiagoz zoriontsuagoa izan?