Gure (Zoro)Etxea [2×09] – Argia
Argia –
Hala Bedi irratirako sortutako ipuina ZUZEUko leihora atalka ekartzeko asmoa daukat, astero bat. Hasieratik irakurri nahi baduzu jo nire erabiltzaile profilera.
Mozolo aurpegia geratu zaigu hasieran, zertarako ukatu. Eta esango nuke elkarri begira egon garela, zer egin jakin ezinda, tarte luze batez. Ni, behintzat, Labrit eta Telmo pisukideak eserita zeuden sofaren aldera begira egon naiz, piperrik ere ikusten ez banuen ere. Izan ere, iluntasunak hori dauka, balio izaten duela metafora zinez argigarriak egiteko, baina ez dela ostiarik ere ikusten.
Telmo izan da ahoa irekitzen lehena:
– Nork demontre itzali du argia?
Ockhamen labanak, batzuetan, kilikiak egiteko ere ez du balio. Labritek eman du argi pixka bat:
– Ez al duzu ikusten telebista ere joan dela? Hau kontu serioa da, inondik ere.
Ez dut jakin zer zen kontu serioa: argirik gabe geratu garela etxean, horrela, bat-batean, inolako abisurik jaso gabe, ala ezin izango dugula telebista ikusten segi.
Nik ez dut ezer esan, baina sofatik altxatu egin naiz, horrela, automatikoki, zertarako altxatzen nintzen pentsatu gabe. Ez al zarete inoiz ohartu? Etxean argirik gabe geratzen garenean, altxatu egiten gara derrepentean, zergatik edo zertarako ondo jakin gabe, norbaitek heriotza aipatzen duenean, automatikoki erlojuari begiratzen diogunean bezala.
– Telmo, berriro ahaztu al zaizu argiaren faktura ordaintzea?
Gurean Telmo arduratzen da horretaz. Ilusioa egiten zion gizonari ordainketak berak egiteak. “Aurrez sekula ikusi gabekoa: artista bat fakturak ordaintzen”; izen horixe jarri zion performanceari. Edozer txikikeria performance bihurtuko dizu Telmok.
– Aizu, gu jende serioa gara!
Argi dago jende serioa izan beharra dagoela fakturak ordaintzeko, ezen jende alaia bagina, aspaldi utziko genion gure diruarekin basakeria finantzatzeari. Egon behar baitu beste moduren bat, derrigor, gure gauak argitzeko, are argi gutxiagoren beharra izateko ere bai. Eta horretaz jardun dugu hirurak gure etxeko egongelaren itzalpean, denbora luzez, argiaren beharrik batere gabe.
Ez, lasai, ez dugu mundurik aldatu ilunpetan. Nekez aldatu daiteke horrela ezer, pausu bat eman eta altzariren batekin estropezu egiten duzunean. Baina ilunak balio izan digu guk erabakitzeko zer egin, eta ez telebistak. Eta hori asko da, aulkien kontra hanketan hartu ditugun ostia guztiak gorabehera.