Gure (zoro)etxea [1×05]
Gure (zoro)etxea [1×05] –
Hala Bedi irratirako sortutako ipuina ZUZEUko leihora atalka ekartzeko asmoa daukat, astero bat. Hasieratik irakurri nahi baduzu jo nire erabiltzaile profilera.
Gosaltzea ia-ia fede-ekintza bat da. Betazalek hormigoi armatuak baino gehiago pisatzen duten desordu horretan, lo luzearen ondoren ahoa, eztarria, urdaila, den-dena berriro bere lekuan egongo ote den ala ez jakin gabe mahaian eseri eta galletak, madalenak, ogi txigortua edo zernahi irensten hastea, zer nahi duzue esatea, baina ekintza arrazionalegia ere ez da. Hobe genuke tarte bat hartzea, arnasa sakon hartu, eta, lozorrotik bueltan, dena bere lekuan dagoela egiaztatzea, melokotoi-marmelada igurzten edo kafe beroa eztarriratzen hasi aurretik.
Eguna oraindik argitu gabe, mahaiaren punta batetik zorrotz begira daukat Labrit, laneko buzoa jantzita, kafea bukatu bezain laster lanera alde egiteko pronto. Nire belarri oraindik lokartuak torturatzeko erabaki irmoarekin esnatu da, ez dago zalantzarik.
-Badakizu zer? –hasi da metraileta desarratzen-. Nazkatuta nago borrokarekin –ahoskera berezi hori berea da, ez nirea-. Zenbat eta zenbat urte fabrikan kea eta olioa irensten, nagusien irribarre zinikoak entzuten, sistema honen miseria puta guztiak agoantatzen. Eta borrokatzeari utzi gabe, e! Honen alde, beste haren kontra, beste harako haren alde gaur eta kontra bihar… eta sistema hau aldatzearena beti geroko. Lasai ibiltzeko eta lasai ibiltzeko, etorriko direla garai egokiagoak, urratsez urrats joan behar dela, dena ezin dugula egun bakarrean irauli… kaka zaharra! Nazkatuta nago! Eta, begira, zain eta zain eta oraingo gazteak zer? Jaia eta parranda besterik ez dute buruan!
Badakit ez didazuela sinetsiko. Badakit gehienok pentsatzen duzuela gure etxearen, barka, gure zoroetxearen istorio hauek guztiak asmatu egiten ditudala. Baina, ez da hala, benetan. Eta denik eta kasualitaterik handiena irudituko bazaizue ere, hara non, une horretantxe bertantxe Telmo sartu den sukaldera, bisiguaren moduko begi-gorriekin, peluka eta auskalo zein super-heroiren maskara jantzita, santa agedari kantatzeko makiltzar bat eskutan eta zientoka sanblas kordoi koloretsu lepotik zintzilika. Bistan da gaupasan datorrela, eta nahasi egin zaizkiola jai eta santu guztiak. Mingaina espartzu siku baten modura astintzen hasi da berehala.
– Gora san…
Zer esan jakin gabe geratu da; santu gehiegi eta listu gutxiegi. Hori, edo Labriten sugarrezko begiradak kikildu du.
– Lasai, Labrit, bihar ere argituko du –eta lehenengo argi-izpia sukaldean sartu aurretik bere logelara alde egin du Telmok.