Gure (zoro)etxea [1×02]

Gure (zoro)etxea [1×02] –

Hala Bedi irratirako sortutako ipuina ZUZEUko leihora atalka ekartzeko asmoa daukat, astero bat

 

Igual zuek ahaztuko zenuten dagoeneko zuen etxe barruraino deitu gabe sartu nintzen azken aldia. Nire etxearen heste eta erraiak erakusteko ireki nituen zuen etxeetako ateak, eta horregatik, akaso, deitu gabe sartzeko ausardia izan nuen.

Ez pentsa, baina ni ere memoria bigunekoa naiz, eta ahaztuta izango nuke beste bi hauengatik ez balitz. Beste bi hauek, gogoan izango ez badituzue ere, Telmo eta Labrit dira. Labrit eta Telmo. Nire pisukideak. Haiek ez dute ahazteko irratian famatu nituen eguna.

Gure (zoro)etxea [1×02]
Warhol

Hasieran, dena izan zen laido, haserre eta oihu. Ea nola demontre bururatu zitzaidan gure trapu zikinak inoren bistan jartzea, gure benetako izenak erabilita gainera. Ea zergatik esajeratu nuen horrenbeste, haien arteko harremana nabarmen hobea zela, ez zutela eguna muturtuta ematen, lagun onak zirela eta, behin dena kontatzen hasita, ea zergatik irudikatu ote nuen Telmo zena baino lodiago eta Labrit baxuago. Bai, nik ere uste dut, hainbatetan, gehiegitan, gizakien irudimenak ez daukala mugarik, onerako eta txarrerako.

Nolanahi ere, egun gutxi batzuen buruan, dena ospel eta ilun zena argitsu eta nare bihurtu zen. Jendea haiek kaletik ezagutzen hasi zela esan zidaten, eta hasieran agur lotsatiak zirenak laster bihurtu zirela selfie eskaera. Auzoko pertsonairik ezagunenak dira orain Labrit eta Telmo, zein baino zein; eta nabari da atsegin dutela. Gainera, Labriten nagusiak barkamena eskatu eta ur beroa jarri die fabrikako aldagelan, eta neskentzako buzo bat eman dio, aldaka eta titiak non sartu izan ditzan. Telmori ere arte-galeria batetik hots egin diote, haren lanak erakusteko irrikitan. Warhol gogoan esan dezakegu hori duela irratiak, edo posmodernitateak igual: bere talentua gorabehera, edozein famatu daitekeela lau minutu eskasean.

Eta Telmo, batez ere Telmo, nabarmen berotuta dabil.

-Zera egin behar dugu, Twitter kontu bat, gure etxearena, gure istorioak kontatzeko. Instagram bat ez, e, ze hori argazkigintzari traizio egitea da, baina Twitter kontu bat bai, zer egiten dugun, nola moldatzen garen eta halakoak kontatzeko. Behin olatua etorriko eta surfeatu beharko dugu.

Esanda utzi nizuen aurrekoan. Gutxi behar du Labritek, hodei beltzenek nola, ahotik tximista eta trumoiak botatzen hasteko.

-Twitter zer? –erantzun dio oihu izatetik gertu dagoen tonuan Telmori-. Jakin nahiko nuke nik nork demontre asmatu duen banitate puztuen hilerri gainpopulatu hori. Eta, gainera, ze ostiatarako balio du zikinkeria horrek?

Telmok esan dio lasaitzeko, ez baita itxaropenik sekula galdu behar, eta gauza interesgarri askotxo aurkitu dituela berak ustezko hilerri horretan. Amenazuzko begiradarekin galdetu dio Labritek ea zer aurkitu duen ba twitterren, hilotz hotz eta lur hezeaz aparte.

-Bada, ez dakit, gauza aski interesgarriak, kontu berri asko, ez dakit, estrategiez, edo taktikez adibidez.

Labrit jiratu eta liburuen apalategitik 1969ko Joxe Azurmendiren Manifestu Atzeratuaren ale bat hartu du, tximistaren abiada berean bidaia egin duena bere eskutik Telmoren aurpegiraino.

Liburua hartu dut, eta ausaz irekita geratu den orrialdean irakurtzen hasi naiz:

Gure (zoro)etxea [1×02]

“Baina libre izan nahi dugu,

zer kulpa daukat nik.

Eta txeke zuri faltsu baten antzean

Gernika-ko arbola bat asmatu diguten arren,

libre nahia bekatu balitz bezala,

aitzakiaren bat beharko bagenu bezala,

guk, guztiz xinple, libre izan nahi dugu.

Nahi dugu, besterik ez.

Hauxe baita gure engainu azkenekoa:

libre izan nahia justifikatu behar dugula

pentsarazi digute

lehen kanpotik eta barrutik orain.”

Gure (zoro)etxea [1×02]
Gure (zoro)etxea [1×02]

Idazlea eta itzultzailea