Gure zaratak
Gure zaratak –
Lehen gertakaria. Sei lagun gara mahaian, aspaldi elkar ikusi ez dugunak eta asko dugunak ziurrenik galdetzeko, kontatzeko… Jatetxean dagoen zaratagatik ezin dugu ondo entzun ondokoak dioena ere. Jangelatik aski bere hizkuntzarik gabe dagoen tabernatik ere iskanbila dator. Ohartzen naiz gu ere orruka ari garela, baina ez dirudiela beste inori axola zaionik (ez gure orruak, ez inguruko zarata).
Bigarren gertakaria. Kultur ekitaldi batean nire ondoan mahaian eseriko den politikariak esaten dit bera ezin izango dela bukaera arte gelditu, beste ekitaldi bat duela, edo bilera bat, edo auskalo zer, baina nahitaez joan behar duela presaka eta korrika. Horrela dabiltzala beti, hori ere esaten dit eta, nik galdetzean ea pentsatzeko denborarik gelditzen zaien, erantzuten dit ezetz, ai pentsatzeko!
Hirugarrena. Pedro Sánchezen erretiro egun haiei (Belén Altunaren hitzetan, bost egun arraro haiei) ikusi nien gauza aprobetxagarriena ideia bera izan zen: on litzateke tarteka behintzat politikariak isilik pasatzea egun batzuk, ordu batzuk bederen, bere buruarekin edo bere jendearekin erretiratuta, gogoeta egiten, arnasa hartzen, zertan ari diren konturatzen. Pentsatzeko lehendabizi isildu egin behar da, gelditu, tarte batean behintzat.
Azken aurrekoa. Politikari ez garenok ere presak, erosketa konpultsiboek, benetako edo asmatutako beldurrek harrapatuta bizi garelakoan nago, kanpo eta barne-zaratek zoratuta; ni behintzat bai. Hori dela eta, itsas ur epeletan gorputz animak baretzera joan eta ikusi dut aretoaren berrikuntzaren ondoren desagertu egin direla «mesedez, isilik» zioten kartel gutxi eta txikiegi haiek. Monitoreari galdetu eta hark esan dit, «batalla perdida». Alegia erlaxatzeko lekuetan ere builaka aritzea onartu behar da. Irteeran aspaldi ikusi gabeko lagun batekin topo egin dut. Bere burua eskaini omen du, kontzertuak hasi baino lehen antzez tokitik erakusteko eztul arrunt baten eta musuzapiaz aho-sudurrak estalita egindako beste baten arteko diferentzia. Biba nire laguna!
Zergatik kendu zuen Orkestrak eztul-hotsa apaltzeko aholku hori programetatik? Batalla perdida? Euskadiko Orkestra deitzen zen orduan eta oraindik gaztelaniazko izena ere bazuen. Orain, Basque National Orchestra deitzen delarik, etsi egin al dute entzulegoaren heziketan?
Azkena. Antzerkira joan naiz aspaldi ikusi ez nuen beste lagun batekin. Antzezlana testu askokoa da, elkarrizketak… ez edozeinenak alajaina, Mayorgarenak. Halaz ere behin baino gehiagotan ez dago antzezleek diotena ondo entzuterik publikoaren eztulei «eskerrak». Ez dago ia eztulik gabeko tarterik eta ez dirudi inor saiatzen denik bere eztularen hotsa leuntzen. Laguna ni bezain zapuztuta irten da. Biba nire laguna! Baina gudua galdu dugu? Bost frikiri bakarrik axola al zaigu besteak ez axola izatea, pentsatzeko denborarik ez hartzea, isiltasuna ez zaintzea, geure baitatik at bizitzea? Baten batek esango dit badaudela besteez arduratzeko gai garrantzitsuagoak, gerra, desberdintasun ekonomikoak, eta abar luze bezain triste bat. Bai noski, baina elkar ez zaintzeak, batez ere gure barrenean bakerik ez eraikitzeak ez die kausa larriago horiei laguntzen. Alderantziz ziurrenik. Bitxia da nola gure gizartean arrakasta handiena duen erlaxatzeko bidea alkohola edatea den, maiz gehiegi edatea: zarata ateraarazten diguna eta burua ere zarataz betetzen diguna. Duela asko, oraingo adina zati bi nuelarik edo hor inguru, honela ari nintzela kexaka ni baino zaharragoa zen lankide batek esan zidan zahartzen ari nintzela, zaratak axola ez izatea gaztetasun seinale balitz bezala (askoren sinismen, beldur naiz). Bai noski, ari nintzen, baina orain gehiago, eta denbora izan dut ikusteko nola dabilen jendea lotarako pilulak hartzen, eta pixkor egotekoak, eta goizetik gauera hizketan –zuzenean edo telefonoz–, ozenegi, eten gabe, nerbioek janda… Kezka materialik ez denean zarataz gaixotzea asmatu bagenu bezala, nola edo hala gaizki egoteko baina zarataz ezkutatzeko hori. Irakatsi behar liguketenek amore eman dute, batalla perdida.
…
Galde 45 uda/2024