Gure kontraesanak

Ez gara jainkoek –halakorik balitz– seinalaturiko belaunaldia. Ez da gurea  guraso, lehengusu zahar edota aiton-amonena baino hobea, ezta kaskarragaoa ere. Ez gara hain bereziak. Hain justu hargatik, guk ere badugu –besteek egin zuten gisan– gure berezitasunak aldarrikatzeko eskubidea, kexatzekoa, aurrekoak gaitzestekoa eta zergatik ez, baita nahi adina kontraesanetan erortzekoa ere.

Nahikoa da gure biografiari erreparatzea. Nola ez gara izango kontraesankorrak?

Gabeziaren gabezian hezi gara, gugan bakezaletasuna errotu duten berberek historia liburuetan zerrendatu dizkigute borroka heroikoak eta informazio tsunamiak desinformatu gaitu. ‘Zortedun’ jaio denaren zoritxarrara da gurea: dizdira berezikoak garela sinestarazi nahi izan digute, bikaintasuna eta arrakasta –ekonomikoa, profesionala edo dena delakoa–erdiesteko erdituak. Baina muturren aurrean itxi digute atea, zapuztu da konturatzerako horren koloretsu zirudien besta. Ederki atondutako gure kurrikulumak ez omen dira zorion eta gogobetetzearekin trukagarri.

 Aldebikoa da gurasoek –nahigabe izanagatik– helarazi diguten mezu oro ere. Mundua aldatu nahi izan zuen gazte ameslariarena da haien aurpegiaren erdia, lortu ez izanaren frustrazioa konformismoz eta ondasunez mozorrotu duenarena bestea. Seme-alaboi (ia) dena eskura ezartzeak soilik lasaitzen dituen, trantsizioak –politikoak zein gaztarotik heldutasunerakoak– azal bakarraren azpian bitan banatutako arimen oinordeko gara. Eta guri, lagundu baino, eskua mozten digu besteen eskuari helduta ibili beharrak. Baina inutilak gu, sormenean eta sormenerako hezitako antzuak, ez dakigu besterik egiten.

Badira (gutxi gora-behera) gure belaunaldia denaren inguruko gogoeta interesgarriagoak, ez hain kontraesankorrak –edo bai– tarte bat merezi dutenak:

 

 

NIRE KONTRA ESANAK