Gure denboraren expropiazio-desjabetzeaz
Gure denboraren expropiazio-desjabetzeaz –
“Kotxeek kolore ezberdineko matrikulak zeramatzaten. Horretara, ordua zein zen zirkulatu zezaketen edo ez. Aurrez zehazturiko orduetan idatz zitekeen eskutiz bat, edota dutxatu… Denboraren ministroa eta bere programdoreak hirian jaun eta jabeak ziren. “Cronopolis” denbora, zerumuga zabal gisa, edota ezin konta ahal aukeratarako eremu zabal gisa, jada ez zen existitzen” (BALLARD, J.G., Habiter le temps, Fayard Ed., 16. or.)
Fikzioa dugu hau, agian jada ez horren handia. Halere, irudika al genezake honelatsuko ezer? Hiriren bat, gizarteren bat, non norbere bizitzaren guzti-guztia “agenda” soziala den horrekin sinkronizaturik egongo den, izan lana, izan aisialdia, izan bazkariak, izan besteekin topaketak egiteko aukerak…
Momentuz muturrera eramandako fikzioa, ezin uka. Baina, fikzioak fikzio, irudikatuak jada zer pentsaturik ematen du, eman, egun bizi dugun errealitateaz. Teknologiak, informatikak, produkzio molde berriek fisikoki jo eta ke ibili behar izatetik libratu gaituzte, eta, horrekin batera, denbora libratu digute, ustez eta teorian behintzat. Beste horrenbeste etxeko lanei dagokienean, landa munduko lanei dagokienean… Hortaz, denbora-tarte handi samarra askatua geratu zaigu. Askatua, baina ez zinez askatua. Izanez ere, ustez, itxuraz, aske geraturiko denbora-tarte horrek, aipatu egitezko eremu zedarritu eta hertsi horietarik libre geratu bada ere, eta, denbora hori itxura batean geure-geuretzat eman badezake ere, ez da zinez hala. Denbora hori teorian, itxura batean, guk geuk dugu, geuretzat, eta betiere gure nahieran erabili ahal izateko. Besterik da kontua baina. Bene-benetan ez da guk geuk, geurez eta geuretik, pentsa dezakegun denbora. Merkatuak, ekonomiak bere orokorrean, zein beroien mesedetan diharduen politikak berak, ebazten ditu, finean, denbora libre horren nondik norakoen aukera-posibilitateak. Lauso bezain tinko, ziurrenik objektiboki guk prozedura horiek ezer askorik hauteman gabe, baina hor dihardute, atergabe, gu geu, den-denok, bizimolde oso berdintsuetara lerraraziak.
“Geuretik kanpo-edo” bizi garelako irudipenak denok zeharkatzen gaitu gutxi-asko. Geuretik, eta geure nahieran ari garelakoan, merkatuarekin nolabait edo besteko loturarik duten ezin konta ahala eskaintza aukeragai ditugularik, haututik hautura bizi gara, itxura batean gure denbora ezin hobeto okupatuta (zentro komertzialak direla, gimnasioak direla, bidaiak direla…), uste eta sinetsiak gaude geure denbora librearen jabeak garela. Hori aurrez aurreko errealitateari dagokionean, baina zer esango mundu zibernetikoaren errealitate ez-korporal horrez guztiaz? Bizitzan zehar geure burua pregrinotzat jo ahal izatetik, narkortizauak baikeunden internet eta sare sozialetako errestan eramandako somnambulo alderraiak izatera pasa gara. Intimo izatera deitua izan beharko lukeen denbora gero eta bahitu-sekuestratuagoa du sistemak.
Geure bizitza xahutu eta xahutu gabiltza, hamaika hilabetez itolarrian itota, lan deritzogun horrek, eta lana ez denak ere, zamatu-itota, eta beti korrika batean hau egitetik beste hura egitera, horrela gabiltza ezin gehiego emanda, gerora, hilabete eskas bateko oporraldi ustez lasaigarri batean urteko zama guztia konprentsatzeko itxaropenaz. Ustez, diot, ezen sikiera oporraldi hori zin-zinez gurea balitz, gaitz erdi, baina, tamalez, are ustez libre-libre izan uste dugun denbora tarte labur hori guretzat ondo aurre-zehazturik duten kontsumo-planek dago zernolakotua.
Xahutu eta xahutu egiten dugu denbota, edota, area larriagoa dena, jasan-pairatu egiten dugu denbora. Hurren, nor harrituko, “denbora falta zait” eta antzekoak entzun eta entzun ibili behar izateak. Ez al zaigu falatako! Noski! Benetako denbora, kasik jada arrotz eta guztiz ezezagun zaigun denbora intimo autentiko eta zinez gurea, falta dugu. Horren falta sumatzen dugu, sumatu, ezen jada suma-usna baino ez dugun, jada kasik intuizio huts baino ez zaigun, finean eta buruan jada ezagutzen ez dugun horrena. Eduki eta edukitze aldera daukagu denbora kondenatua. Eta hortik hain justu segitzen da “denbora falta zait” delakoa. Hein horretan, bizitza aktibismo huts bilakarazi dugu. Are “gauzak egitea” bera “edukitzeraren” galbahetik pasarazia dago aurrez. Egin eta egin ibili behar gara, hortaz. Egin eta egin. Eta egin eta egin jardute horren ondorenez, egotea bera ere bilakatu zaigu gauzaezin, egotea bere denetariko erapean, famiarekin egonda, herriko plazan egote aldera baino ez egonda, lagunartean egonda, edo are “denbora galtzen” ere egonda…
Paradoxa gogorra da gero! Lanaldiak murrizten dira eta gero eta gehiago murriztuko dira hemendik ez oso gutxira. Areago ere, adimen artifizialak gure egiteko askotik libratzear gaituen honetan. Hortaz, gero eta denbora libre gehiago eskuratzear gaude aurki. Halere, ez dezagun geure burua engaina, bide beretik jarraituta, ez da inondik ere zinezko denbora libre izango, ez da “denbora askatzaile” izango, ezta hurrik eman ere. Ez da ezta “otium” ere izango; “negatio-otium” (“ne-gocio?”) izango da, izatekotan. Zinezko denborarako, denbora intimorako, geure-geurea baino ez litzatekeen denbora horrerako, jada denborarik ez, pena:
“… ez dugu bizitza laburra hartzen, geuk egiten dugu labur; ez gara
haren eskeko, hondatzaile baizik” (BIZITZAREN LABURTASUNAZ, Seneka)“Ne differas de die in diem…” (GERO, Pedro Axular)
…
Igor Goitia
Gure denboraren expropiazio-desjabetzeaz