Gorrotoa

Gorrotoa –

Ez dut inongo beharrik, baina tira askatuko dut: gorrotoaren ideologiatik sistema suntsitu nahi dut. Ez hori bakarrik, gorrotoan oinarritutako feminismo ankerra jarraitzen dudanez, askatasuna mugatu nahi dut ere. Baina bulegotik egingo dut: feminista progrea naizelako, ze nahiago dut Euskal Herri progrea euskalduna baino.

Gorrotoa

(Gustatuko litzaidake jakitea zer ulertzen den euskaldun bezala eta zergatik ez nauten bertan sartzen, baina tira).

Ba hori, esandakoa, genero ideologia Euskal Herriarekin amaitzeko eraginkorrena denez, eta edonon deabrua ikusten duen inkisidore eta sermoiak botatzen dituen apaiza naizenez gero, heterosexualitatea suntsituko dut. Eta familiarekin ere bukatuko dut.

Beraz, kontu handiz ibili zuen seme alaben etorkizuna ni bezalako iluminatu sektario zoroetan utziko baduzue, Euskal Herriko unibertsitate publikoko makineria martxan da eta heterosexuala den oro gorroto dugu!

Gorrotoa

Jakin izan banu Paul B. Preciado aktibista eta filosofo queer-aren artikulu bat Zuzeura ekartzeak hainbeste su piztuko zuenik, ez nuke egingo. Era berean, ez nuke hau bera ere idatziko, lerro horiek  tankera honetako komentario bakarren bat bakarrik jaso izan balute, baina erantzun guztien tonua hau izan zen. Gorroto, gorroto eta gorroto, hori izan zen gehien irakurri nuen hitza.

Eta dezente kezkatu naiz, ez baitzen nire helburua batzuek horrelako disgustua hartzea. Ulertuko duzuen bezala, ez nekien heterosexualitatea kinka larrian zegoenik ere.

Baina nik oraindik sinisten dut, eskolak, sistemako beste instituzio batzuk bezala, normatik at dagoen edonori biolentzia sinbolikoa eragiten diola. Heteroaraua zentro nagusitik desplazatu eta etorkizunera, errealitate guzti-guztiek tokia izango duten gizarte euskaldun justuago bat eraikitzea da nire xede utopikoa. Eta horretan eskolak eta irakasleriak duten eragina funtsezkoa dela sinetsita nago, borondatea eta baliabideak direla medio, lortu ahal dena.

Bien bitartean, Mikel psikologoarenera bidali zuen irakaslearen jarreraren kontrako mezurik jaso ez izanak are gehiago kezkatzen nau.

Gorrotoa

5 pentsamendu “Gorrotoa”-ri buruz

  • Imajinatzen dut lehengo paragrafoak ironiaz idatzi nahi zenituela, baina zure (eta zure kastaren) erretratua atera zaizu, bejondeizula!

  • Normatiboa, norma… Gizarte honetan normak era askotarikoak daude. Ezagutzen ditut gazteak, berez herriko elizara joango liratekeenak, baina ez dute joan nahi beste gazteek ez ditzaten seinalatu. Hori errealitate bat da eta denok ulertuko duzue horrela dela, kasurik ezagutzen ez baduzue ere. Hara hor norma, gizarte normatiboa! Demagun orain, gazte musulman batzuk mezkitara joaten direla eta horregatik isekak jasotzen dituztela: berehala ezagutuko genuke kasua komunikabideetan, erligio askatasunaren aldarriak, Arartekoa ere atera beharko luke gazte hauen defentsan eta agian Urkulluk ere parlamentuan azalpenak eman beharko lituzke. Eta horrelako zenbat adibide egon daitezke Gizartean…pila bat. Gazteek norma zein den agudo ikasten dute eta inon adin-tarte alprojarik badago normatik ateratzen denari iseka egiteko, hori nerabeak dira. Eskolan, besteriik gabe, inori isekarik ez egiten erakutsi behar da, hau da, ditxosozko bulling horri ateak itxi behar zaizkio. Baina Amaiak berak dioen bezala, “gizarte euskaldun justuago bat eraikitzea”… denek diote gauza bera, denak ari dira hobeago baten bila, gizartea aldatu nahian. Eta denek nora jotzen dute? Eskolara! Gizartea aldatzea ezinezkotzat jotzen dute nonbait eta denek eskolara jotzen dute. Historian zehar ikusi besterik ez dago. Ume gajo horiek manipula daitezke txikitatik gure gustura, hori bai, denek diote beti hobetzeko dela. Nola ukatu behar diozu komunistari bere mundua hobea dela? Nola ukatu feministari berea hobea dela? Eta horrela denekin. Eta horrela dago eskola… pozilga bat eginda, besterik gabe. Baina umeak ez dira tontoak, isilik egoten badira ere. Umea zerbaitetan ona bada, grabagailu bat dela da, eta grabatzen doa, eta nagusi izatera iristen denean filma grabatuta dauka berriz ikusteko. Eskolak ez ditzagun gure ideologia ereiteko erabili, “hobetzeko” bada ere, denek diote beti hobetzeko dela. Errazera joan beharrean zergatik ez zarete zuzenean gizartea aldatzera joaten? Aldatu gizartea, eta albo ondorio bezala eskola ere aldatuko da. Eskolan zientzia, hizkuntzak etab irakatsi behar dira maila ona izan dezaten, eta ez orain dagoen pozilga. Eta beste guztia soberan dago. Edo zer? Azkenaldian eskola umeen parking modura hartu da, dena eskolaren ardura da, dena egin behar du eskolak. Ba ez! Eta umeak errespetuarekin tratatu eta ez norberaren ideologia zabaltzeko tresna bezala. “Queer filosofaria” aipatu duzu… eta zergatik aipatu beharra duzu “Queer”? Inork filosofariren bat aipatzen duenean ez dut inoiz entzun heterosexuala, homosexuala edo zer denik. Esan zenezakeen “Paul B. Preciado filosofaria” eta kito. Niri zer axola dit bere orientazio sexualak? Uste dut normalidadetik aterata zuek zaudetela, baina erabat. Heterosexualen aurka jotzen duzu, ez hori bakarrik, gizon zuria aipatzen duzue!! Eta gero esan besteak direla gorrotatzaileak. ZUZEUn inoiz ez dut irakurri ezer homosexualen aurka, baina bai heterosexualen aurka, eta ez gutxi. Aurrekari hauekin, normala irudituko zaizun bezala, nire umeengana hurbiltzen ez zaituztet utziko pederasta bati hurbiltzen utziko ez niokeen bezala.

  • “…ze nahiago dut Euskal Herri progrea euskalduna baino.” diozu. Ez, ez apropos gaizki interpretatu. “Euskal Herri feminista” eraiki diote batzuk, “Euskal Herri sozialista” diote beste batzuk, “Euskal Herri feminista eta sozialista” beste batzuk… Barkatu, baina ez! Eta hori esan nahi du jendeak, ezetz! Euskal Herria euskalduna izango, ez besterik. Euskal Herriak parlamentu bat izango du eta han erabakiko da zer gehiago izango den, baina eraiki baino lehen jada konstituzioko letra txiki guztia idatzi nahi hori… Imaginatu norbaitek “Euskal Herri kristaua” izango da edo ez da izango dioela norbaitek, edo kristaua ordez katolikoa. Laster altsako litzateke jendea aurka, ez? Ba horixe… “Euskal Herria euskalduna izango da edo ez da izango” eta punto. Bai?

  • Ah! Eta goiko irudi hori, bi behatzekin egindako hori, heterosexualitatea iraintzeko eta lotsagarri uzteko asmo garbiarekin eginda dago. Pentsa horrelako zerbait egiten dela homosexualekin… ZUZEUk berak kendu beharko luke bestela itxi egingo lukete.

  • Amonamantangorri 2020-11-22 15:16

    Nik dakidala, gorrotoa-eta, mendebaleko gizartea suntsitu nahi izatea-eta, erabiltzaile bakarrak leporatu dizu.

    Nik, esaterako, igual erantzunen nizuke, alderantziz, zure diskurtso ustez apurtzailea (erakunde zientifiko-alademikoen eta hezkuntza-sistemaren kontra, alajaina) ez dela inolako arriskua sistemarentzat. Baina nik ez dut aipatutako artikuluan batere iruzkinik jarri.

    Iruzkinik idatzi izan banu, beharbada honelako zerbait idaztera ausartuko nintzatekeen: Igual oso inuzentea eta sinesbera naiz eta egungo eskola-erakunde “zapaltzailean” diharduten hezitzaileen gainean iritzi hobea dut. Irakasle batek ikaslea psikologora bidaltzen badu, baliteke irakasle hori jakinaren gainean egotea edo susmoa izatea mutil horrek osasun mentaleko arazoak dituela. Beharbada, ez zuen ikaslea gelatik aterarazi eta psikologora bidali, zehazki, gona janzteagatik, baizik eta susmo justifikatuak zituelako mutilaren osasun mentalari buruz.

    Anekdota hura aditzean, horixe bururatu zitzaidan lehenengo, ez Preciado, Butler eta Foucaulten oinarrituriko diskurtsorik.