Gora anestesia!
Gauza asko dauzkat eskertzeko jaio nintzen garaiari. Iruditzen zait oso aspaldiko munduak ezagutzeko aukera eman didala nire garaiak eta, esaterako, gauza eta kontu batzuk duela bi eta hiru mende ziren bezalaxe ezagutu ahal izan ditudala umetan, batez ere, natura eta gizakiaren harremanari dagokionean.
Ez naiz filmeko erreplikante bat, baina ezagutu dut jendea telebista aparailuari begiratu eta benetakoa zela ukatzen zutenak; ezagutu ditut —Cervantesen liburuetan bezala—, gutxien espero zenuenean, euren ohoreagatik labana poltsikotik ateratzen zekiten gaztelau arriskugarriak ; ezagutu ditut ohe gozoan baino, lasto eta garo lehor gainean lo egitea nahiago zuten morroiak, sekula dutxa bat hartu gabeak; ezagutu ditut abereekin mintzo ziren jendeak edota udaberriko zizak sudurrarekin aurkitzen zituztenak, basurdearen ibilerak gizakionak baino errazago segitzen zekitenak (neuri egokitu zait haiekin katamixar eta arranoak bizirik harrapatzen ibiltzea); ezagutu dut Poloniako gatz mehatzeetako sarrera estuetatik mando txikiak sartzera behartu zuten Sarako preso bat —handitutakoan sekula pasabide estu haietatik atera ezingo ziren abereak—; oraindik praka motzetan, gizona ilargira nola iristen zen ikusi nuen taberna bateko monitore zuribeltz dardarti batean, eta nire atxitxaren lagunekin akordatzen naiz, txikitoa eskutan, hura guztia “amerikanuek asmautako gezurra dok, rusueri propaganda kontuetan irabazteko egindakua” esaten; ezagutu ditut olagarroak ahoarekin akabatzen zituzten arrantzaleak eta duela 40 urte uztai handi bat belarrian eta beste bat sudurrean zeraman arrantzale zahar-zahar ondarrutar bat; zerri gantzarekin zartaginak paratzen zituzten ehun eta gehiago urteko amonak ezagutu ditut, eta zartaginetan trikuak, katuak, katagorriak, astakumeak… beste garai bateko jakiak gozogorritzen; ezagutu ditut, batere errezetarik gabe centramina eta dexedrina ematen ziguten farmaziak; ezagutu dut orga egokirik ezean, bizitza guztia egurrezko aulki berean egindako andre oso zahar bat, Sansonen besoak zituena; ezagutu ditut pelotari jantzita ehortziak izan nahi zuten jendearen kontuak eta, besterik ez zegoelako, fraide jantzita sartzen zituztenean zerraldoan, altxatu egiten zirenak; etxean daukat oraindik ere Pellot kortsarioak oinak garbitzeko erabiltzen zuen ontzi zaharra bere etxetik neronek bildua, eta hark Irungo dama bati ohostutako kafe goilaratxoaren oihartzuna ere bai, badaukat etxean gordea… Ezagutu ditut sekulakoak.
Horiek denak joanak dira, ordea. Eta zenbat halako ez ote ditugun ezagutu ibiliaren ibilian. Eta ez naiz hain zaharra, ez pentsa, mende erdia oraintsu pasata baino ez. Baina hala ere iruditzen zait egokitu zaidan tartetxoan, bizimoduaren abiadura biderkatu egin dela aurreko mendeetako ziztuarekin alderatuta hamaika bider. Edo hamabi.
Literaturak ere horixe erakusten dit: XIX. mendeko liburukote haietan hezi ginen, mundu guztia bezala, Strogoffen balentrietan lezioak ikasirik, edota Nemo kapitainaren ontzi itogarrietan ezin deskantsua aurkiturik… baina gaur ez dugu halakotarako pazientziarik, normala denez: funtsezko mezuak eta osagaiak ez dira asko aldatu, baina desberdinak dira formak, zeharo bestelakoak dira erak.
Ez beza inork pentsa, baina, nostalgiaren zamarekin etorri naizenik gaur lerro hauetara, bai zera. Aitzitik, eskerrak eman nahi dizkiot nik ezagutu dudan garaiari, orain arte aipatutako kontu zahar guztiegatik baino, ekartzen jakin duen berritasunagatik, bereziki aurrerapen itzel batengatik: anestesiagatik. Bai, anestesiagatik.
Iaz hil zen gure lagun batek esaten zuen beti —arrazoi galantarekin—, ea sekula jarri ote garen pentsatzen zer ote zen hagin bat kentzea anestesia baino lehenagoko garaietan. Edota ebakuntzarik txikienaren min jasanezina gorputzeko edozein bazterretan. “Gora anestesia” egiten zuen oihu mozkortzen zenean, eta neuk ere oihu horixe ekarri nahi dut honaino, aste honetan bainaiz zazpigarrenez kirofano batean sartzekoa.
Ez, ez ei da larritzeko ezer, ez zaitezela nigatik kezka, garrantzirik gabeko ebakuntza arin bat baino ez. Baina eskerrak eman nahi dizkiet munduko anestesista guztiei eta bereziki neuri egokituko zaizkidanei. Onenean ez baitut minik sentituko ebakuntza egin bitartean, eta txarrenean nobela batean kontatu nuen huraxe nagusituko baitzait anestesiatik itzultzean: “Bertan geratu izan banintz betiko lotan, zer? Ikusi ere ez nion egingo aurpegia hainbeste beldurtzen gaituen Heriori. Hil naizela konturatu ere ez”.
Txarrena ere ez baitu hain txarra, anestesiak, ez bada haren altzotik esnatutakoan, berriro bizitzen asmatu beharra.
Gora, beraz, munduko anestesia guztiak eta geure garaia! Gora!
Besteetan ere ez haiz kamuts ibiltzen, baina oraingo honetan testu benetan kojonudoa atera zaiala idazteko beharra sentitu diat, hi. Animo kirofanorako bisita horrekin eta bai, gora munduko anestesisten amak!
Pelloten ontzi zaharra, oinak garbitzekoa?? ez da egia izango!
Espero dot ondo urten ixana Hasier, itzala testua, itzala! Behin irakurri eta gero barriro geldi geldi irakurtzen dozunetarikua. Besarkada 1