Gogo falta izateko gogo-eskubidea
Gogo falta izateko gogo-eskubidea –
Gogorik gabe, edo zinez norbere baitatik ernatutako gogo zintzo eta egiazkoa den gogorik gabe, zerbait egin agian bai, ez baina luzetxo iraun egiteko delako horretan, ez baina egin beharreko horri txukun eta arduratsuki ekin.
Itxura batez, hala lirudike eta halaxe beharko lukeela esango genuke. Alabaina, errealitatea besterik da, egunerokoak bestelako errealitatea jartzen digu erakutsian. Mundua, gaizki, ondo, edo erdipurdi, baina ibili badabil, indarrez ibili ere, gizajendearen gogoak ondo bultzatuta, hain justu, are demasekoa ere den gogo horrek gogotsu bultzaka diharduelako.
Gogorik, egon, soberan dago, ez dugu horren eskasiarik, inondik ere. Ez akaso gogo jator bat, nor bakoitzarena, eta norbere baitatik ondo ernatutakoa. Baina, egon, gogorik, soberan dago. Giroan ez dugu bere faltarik. Izan ere, gogorik ez bazeneuka, horren eskasian bazenbiltza, etorriko zaizkizu, etorri, eskola-, gizarte- edo dena delako denetariko polizia, ardi larruz etorriko, eta entzungo dizute eztitsu eta arreta handiz, eta goxo-goxo laguntza ederra eskainiko ere, zure honetarako, horretarako, ezdakitzertarako, edota guzti-guztirako desgogo horretan, jada alderik alde zeharkatzen zaituen desgogo guztizko hori erauzteko.
Lagunduko dizute, ulertuko dizute, zure apatia goragaletsuan. Zeuk zeure burua baino askoz hobeto ulertuko zaituzte errealitate porlanduaren zaintzaile instituzionalek. Hainbesteraino ulertu ere, ezen sor eta lor utziko zaituztela; zurean dagoen galbana zeurez inoiz ezagutuko ez zenukeen gisan ulertzera eramango zaituzte; bene-benetan ez zarela, ezta zure gogo falta erabatekoaren jabe ere, aurrenik ikusarazi, hurrenik zure baitan ondo sentiarazi, eta azkenik zure konbentzimendu zureenean zaudelako uste sendora bultzatu.
Orduan bai izango zaituztela gogo-homologatua!. Orduan bai. Orduan bai ondo erauzita izango duzula zure baitatik are gogo-falta izateko gogo apurñorik ere. Ezta gogo falta ere izatera ez zara animatuko!