Gizartearen ate faltsuak
Gizartearen ate faltsuak –
Zaletasunek eta beldurrek eragiten dute gogotsu geure baitan. Eragile sutsuak eta ezinbestekoak ditugu giza izaeran. Zeinahi hezkiketa prozesuren lehen-lehenengo eta oinarrizko baldintzak dira berau eman ahal izan dadin. Ume bat hezibidera makurrarazteko aurrez beldurtu eta zerbaitekiko zaletu behar dugu derrigor. Gerora, direnak direlako zaletasun eta izu horiek, behin norberarengan ondo erroturik daudela eta hortaz bidea urratzen abiarazi gaituztela, ahanzturara edo sikiera kasik erabat inskontzienteak izatera lerratuko dira. Orduan, ohiturak hartuko die lekukoa. Eta behin ohiturak berezko zaionari ekiten hasita, abian dago jada pertsonarenean bizitza osorako kasik ziur geldiezin izango den prozesua, onerako zein txarrerarako: “Bada erraiten duenik, eta egia: haurretik pozoin iaten usatzen dena, azkenean pozoiñez haz ditekeiela, eta mantena” (AXULAR, Gero, 62).
Eskailera sozialean gora egin ahal izateko baliabide-aukerarik benetan eskaintzen ari ote diren jartzen da ezbaian gero eta maziago gure gizartean aspalditxotik. Honek, aurrera, hobera egitearekin estuki loturik dagoen aldetik, badu nolabait-edo loturarik goian aipaturiko zaletasun eta beldurrekin. Gora egin, behera egin ez, edo sikiera, gutxienez, zaudeneko horretan mantendu. Bada, aurrerantz, gorantz, eta betiere ibiltzera, eragiten diguten sentimendu positibo eta negatibo horiek zerbait oso zehatz eta konkretuan hezurmamitzen dira. Zerbaiti izan ohi zaio beldurrik, zerbaiten zale izan ohi da eta hortaz berau gutiziatu. Halere, dena delako hori, gorrotatua, beldur-eragilea, desiratua, gutiziatua… batzuetan lortzeko modukoa izango da, erraz edo nekez, baina bestetzuetan, aldiz, dena delako hori guztiz lortezin eta irudi eragile huts gisa baino ez du jardungo guregan. Irudi huts baino ez ditugun zer hauek ate itsuen irudia ekarri ohi didate beti gogora.
Ate itsua den tranpa baten antzekoak ditugu. Ate itsu batek, hutsarterik ez duenez, hormaren gainean dagoenez, ez du inorako biderik ematen. Ireki ahal izan edo ez, alper-alperrik, horma jarraitu bat baino ez baitugu topatuko. Alabaina, ate itsuak, itsua izanagatik ere, ez dio horregatik bere zereginari betetzeari uzten, inondik ere. Zenbait eta zenbait ate itsu ez dira inonik dekorazio-apaingarri huts, helburu zehatz bat lortze aldera propio egon daitezke kokatuak hor. Itxura guztizko ateak ditugu, bene-benetakoek kanpotik duten guzti-guztia dutenak, bene-benetakoak diruditenak aurrez aurre ditugularik. Eta beren itxura guztizko horren bitartez, zenbaitetan, inoizko batean, hala behar edo nahi izanez gero-edo, beroietatik igarota beste nonbaitera joan ahal izan garela uste ohi dugu. Eta uste sendo horri eusten diogun bitartean, bien bitartean, ziurrenera benetako ateak bailiran, benetako ateak ditugulakoan jardungo dugu, eskueran ditugulakoan, aukeragai, zer gerta ere. Benetakoak ez diren, eta halere itxura guztizkoa duten ateak, atearenak egin ezinda ere, benetakoek gure baitan sor diezazkiguketen itxaropen berberak sor litzakete.
Eta geure bizitzarako zenbait “ate itsurekin” engainatu gaituzte. Horien amarruapen izan ohi gaituzte loturik, maizenean sekula halaxe izan daitekeenik burutik pasa ere egiten ez zaigularik. Baina hor gauzkate. Gertu edo ez horren gertu, baina ate itsu horien aurre-aurrean gauzkate, hor izan ohi gaituzte. Gu, inoizko batean behar edo nahi izanez gero, beroiek zabaltzerik izango dugulakoan, horren uste sendoan. Iñaki Segurolak zerabilen “asto metafisikoa” antzo, hor gaituzte. Astoak langa aurrean duen tema ezin temosoagoan ulertu uste du bere burua. Asto segurolarrak hor dihardu, tema-tema eginda, langara pega-pega eginda, behin eta berriz horren kontra eginez, eta horretara du bere asto-itxaropen guztia husten. Ez du inoiz langa delako hori zeharkatu, ez eta berau goitik behera bota ere, horretaz haraindi egin ahal izateko. Ez bata, ez bestea. Egun guztiak ditu berdintsuak astoak langarekikoan. Esnatu edo egunekoari ekin orduko, badu jada beste behin ere ditxosozko langa harako hura mutur aurre-aurrean, begi bistatik ezin kenduta ez ezik, jomuga moduan ere, eguneko ekinbide moduan ere, ondo ere ondo jakinda horrekiko tema-tematua emango duela beste egun bat ere, gaurko eguna ere.
Bada horren temosoki hesiaren kontra egin eta egin ibili gabe ere, ziurrenik ate itsuarekiko askoz ere beragainagoa, baina gizakiak, astoak langa antzo, baditu bere ate itsuak, inorako biderik inoiz emango ez diotenak, berez-berez ezein aukerarik eskainiko ez diotenak, baina hor ditu, hor ditu beren zeregina ezin hobeto betez. Hor gaituzte lasaitasun edo itxaropen ezin faltsuagoak guregan sortzen dituztela. Ate itsuek, euren faltsutasunaz, ez gaituzte inoratzen baina, astotxoa langak bezala, hortarazten gaituzte, ate aurrera bertaratzen eta hor baino ez gaituzte izanarazten.
Igor Goitia
Gizartearen ate faltsuak