Gizakia eta lana
Gizakia eta lana –
Arin eta azkar doakigu bizitza. Arin eta azkar, besteetan beste, gain-gainean ditugun “egin behar izatea”, edota “izan behar izatea”, zein “sentitu-probatu behar izatea”, eta beste ez dakit zenbat denetariko “behar izate-k” tartean presioa gogotik egiten digutelako. Astuntxo eraman ohi ditu nor bakoitzak “behar izate” horiek guztiak, ez beti baina asko-askotan. Finean, behar izatearen izatez, bizitzarako, zinezko bizitzarako, tarte txikienik ere ez zaigu geratzen geure bizialdian. Akordura datorkit behin eskolako ume bati galdegin niola ea bere ustetan zer ote zen bizitza, zer ote zen bizitza deitzen dugun hori. Berak,umeek artean ohi duten naturaltasun ezin handiagoz, zera egin zuen arrapostu: “bizitza bizitzeko da”. Ederra gero erantzuna!, itzulinguruka, alperrikako teorizazioetan galduta, ibili “beharrik” gabekoa. Normala erantzundako hori, normala eta espero izatekoa, artean zikiratu gabeko umetasunaren freskotasunetik ari zitzaidan eta. Etorriko zaizkio, ondo etorriko ere, ziostan horretatik urruntzeko garai-unea, alegia, bizi ahal izateko bizitzatik derrigor urruntzeko “beharra”, guztiz kontraesankorra badirudi ere. Artean, baina, ume zela, bizitzan zegoen bete-betean murgilduta, bete-betean bizitzan, ezein tarteko kontraesanik gabe.
“Bizitza bizitzeko dugu”, ebidentea, bista-bistakoa, nonbait. Maizenean, baina,ez dira hortik joan ohi geure bizitzak. “Behar izate” denetariko horiek guztiek lausotzen dute segi-segituan eta ederki asko ustezko ebidentzia hori. Aurren-aurrena, lan egin behar izatea dela, eta, bestetik, dibertitu behar izatea dela, nekez geratu ohi zaigu jada denbora apurñorik ere beste deuserako. Badirudi hori, zinetan, heltzea baino ez dugula, hau da, helduaro deritzoguneko estadio horretakoa izatea. Ikusiko duzu, ume, heldutakoan, zeinen azkar joango zaizkizun burutik tonteria horiek guztiak! eta antzekoak entzutera ezin usatuagoak ginen umetan, bai eta orain ere, lekuko moduan geure balizko-ustezko heldutasunetik. Orain, aldiz, eskuartean dugunari begiratu txiki bat emanda, ulertu beharko genuke zertaz ari zitzaizkigun orduko haietan. Dena den, maizenean ezertaz ere ez gara konturatu ohi; ezta gogoan izan ere, geuk, umetan, harako haur hark antzo, horrelatsuko erantzunak ere ziur asko maiz emanak ginenik ere. Guztiz bestela arituko gara, baina, behin helduta, automata huts-hutsak baikinan, bizitza lan egitea eta dibertitzea baino ez dela arrapostu egingo dugu oraingoan, hau da, harako ume hark guztiz-guztiz ez bezala.
Lan egitearen eta dibertzearen arteko horretan, ekin diezaiodan gaurko lerro hauetan lan kontuari. Zer ote dugu benaz lan egitea? Jada eginda dagoen hori, edota, aspertzerainokoan egin eta egin izan den hori beste behin egiteari deitu ohi zaio lan. Lan egitearen bitartez gauzatzen den hori badago, bazegoen, jada aurreikusita. Hein horretan, berri askorik ez, zaharrak berri. Hortik segitzen dena zera baino ez da izango; berez eta izatez aspergarri samarra izatea (edo izan behar izatea) lan egitea. Aspergarri behar du izan ia derrigor. Hori gutxi ez, eta ez luke plazerik eman behar izango, ez eta ezein etekin ez-ekonomikorik ere. Ematekotan, dirua baino ez du eman beharko, gero ez dakit zenbat gauzaren truke xahutu ahal izango dugun dirua. Hori da gutxi-asko lana edo lan egitea. Aintzina tripalium (hau da, oinaze-zaldia) deiturik, egun, dena askozaz litght-ago denez gero, hortik normalean oso urrun egongo gara, noski, baina betiere gogoaikarri edo, sikiera, nolabait edo beste aspergarri izatetik ezin libratuta gure lana. Kontuak horrela, hezkuntza alorretik lana goraltxatzea guztiz espero izatekoa dugu, gertatu ohi denez, hezkuntzatik zein bestelako hezte prozesu ofizial eta insituzionaldu guzti-guztietatik, lana goraltxatu behar izatea eta bere “ustezko” duintze-eragina lau haizetara zabaldu eta zabaldu ibili behar izatea. Normala da, lanak, berez, inondik ez duen hori, kanpoko estametuetatik eratxiki beharko dio sistemak derrigor.
Lana behar dugu. Hori ez dizu inork ukatuko. Baina zintzo izan gaitezen, eta beti kontuan izan dezagun “behar” dugula. Hor, berez, ez dugu inongo dramarik. Dena den, lanarekiko harremana beharrarena da eta ez, aldiz, nahiarena. Hori argi eduki beharko genuke. Harako ume hark bizitza bizitzeko zela ziostan modutsuan, helduok, “lana zer ote den” galderari, “lana lana baino ez dela” erantzun beharko genuke, geure sen onean badin bageunde behintzat.
Lanarekikoan faktoreen hurrenkerak inporta du. Honako honetan “ordenaren” garrantzia nahi dut azpimarratu. Lan egin behar duzu, noski, inondik inora ere nahi ez duzulako, horregatik hain justu behar duzu. Eta… zeure kolkorako eta besteen aurrean “lana lortu nahi dut” badiozu, horrelakorik hortik esaka bazabiltza, izan kontuan, ondo izan ere, “nahi behar” duzulako nahi duzula, eta ez, aldiz, bere soilean nahi duzulako edota “behar nahi” duzulako. Hurrenkerak inporta du, guztiz inporta du! Eta… nahi baduzu, jakizu, nahi gabe nahi duzula, horretarako behartu zaituztelako hain justu, nahi izatera behartu zaituztelako. Aipatu sentipenak, nahia eta beharrarena, egia esatera, bien artean arrunt bestelakoak dira, elkarren kontra-kontrakoak ere esango nuke nik; “behar nahi” izatea eta “nahi behar” izatea guztiz desberdinak dira elkarren artean eta ez da gauza bera “beharra nahi izatea” eta “nahia behar izatea”.
Hortaz, zintzotasun gutxieneko, minimo, batetik arituta besterik ez bada ere, aitortu beharko genuke gure homo sapiens sapiens honek ez duela ezein nahiren beharrik, ezta hurrik eman ere. Badu-eta ondo ere ondo barneratuta, aurrez, eta deusik egin aurretik, hastapenetako, jatorrizko, nahi bat, nahikari bat, batere beharrik eskatzen ez duena, eta batere beharrik ez duena, beharrik ez izateko nahi ez behartu bat alegia. Hau da ugaztun hanka biko 2.0-arentzako ezinbesteko argitzapen espiritual aurrena eta inportanteena. Gerora etorriko zaio, etorri, txukun eta egoki hitz egitea lanarekikoan, oso bestela aritzea berorri buruz, eta, kasurako, agian, segidako honako hauxe botatzea: “Lana aurkitu behar ez izana nahiko nuke”!
Gizakia eta lana