Gizakia eta dibertsioa

Gizakia eta dibertsioa – 

Aurrekoan jada aurreratuta moduan, bizitza berez bizitzeko baino ez izatea espero izatekoa izanik ere, behin helduarora ailegatuta, horrelakotzat jo ez, eta zerekin eta lan egiteko eta dibertitzeko behar astunekin berau bete eta itoarazten dugu. Diruari eskainitako artikulura ekarritako ideia batekin ere hertsiki lotua dago esandako hori. Izanez ere, artikuluaren azken aldera, honetara laburbildu nuen diruaren oinarrizko logika: “money is time”.

Denbora bilakatu da dirua, huts-hutsik dagoen denbora, hutsik dagoena eta hortaz konputagarria, zenbatzeko modukoa, beti etorkizunezko den denbora konputagarria. Zenbait forma ezberdinetan dagerkigu aipatu denbora konputagarri hau: lan-orduetan, ordaintzen diren lan-orduetan, gerora, supermerkatuko lan-orduak ordaintzeko balio duten lan-orduetan, edota hondartzan igaro beharreko orduak ordaintzeko balio duten lan-orduetan, edo makina txanponjaleetan xahutzeko lan-orduetan… Huts-hutsik dagoen denbora dugu, hortaz, esku arteko denbora hori, huts-hutsik dagoen denbora.

Honainokoan aski errepikatuta moduan, hanka biko dugu geure bizitzen itoarazlea. Lan, lan egin behar izatea, dugu bateko. Lanean behar gaituzte. Aspaldi gogorarazi zigun ongi asko Axularrek, zera aditzera eman zigun-eta:

… alferkeriatik ihes egiteagatik behar zela trabailatu, hau da, ez trabailatzetik alfertzera, eta nagitzera ethor etzedin, eta zein gauza gaixtoa zen, eta den alferkeria, aditzera emaiteagatik…iende alferrez bethea, eta hetarik anhitz malizia eta pensu gaixto sor zitekeiela, deitu zituen guztiak beregana” (AXULAR, Gero, 34, 36).

Halaxe behar gaituzte, lanean, eta, hartan ari garelarik, hartan lan eta lan, lan eta lan lasaitu gabe. Perilos oso zeritzon gure Axularrek aperrik egoteari. Sistemak ere halaxe iritzi dio gaurdaino. Zer gerta ere, hobe lanean. Zer gerta ere! ea, bestela, halako batean… alperrik egonda, despistatzen ote garen, eta ez dagokigun aziendan geure muturra sartzen ote dugun!

Besteko, bizitza-itoarazlearen bigarren zutabea dibertitu behar izatea dugu. Sistemak beste hanka hau ere du ezinbesteko. Behin hutsik dagoen denbora asmatu delarik, berau, lanaren bitartez irabazi badugu, orain gastatu-xahutu behar dugu. Diruaren morroi gara, denbora klase horren morroi ere bagarelako. Geure bizitza entregatuz irabazten dugu denbora hori, eta gero berau dibertsio deritzogun horretan xahutu behar dugu derrigor.

Lana aurreikusita eta aurreplanifikatuta zegoen bezalaxe, dibertitzea beste horrenbeste. Berorretan sartu baino lehen, helburu zehatz batzuk dizkiogu jarriak jada aurrez. Aurrez ondo ere ondo jakin behar dugu zer egingo dugun debora huts horrekin, ondo jakin zer iritsi nahi dugun denbora horrekin.

Halarik ere, lanaren eta dibertsioaren arteko aipatu dinamika honek baditu bere zirriztu eta ahulguneak; ez dute guztiz ete zeharo elkarrekin horren ondo bat egiten. Norbere bizitzaren freskotasuna agertzen da tarteka-marteka, eta oreka kulunkatu. Asperdura dugu bisita horren aitzindari. Aharrausia dugu lehendabiziko bisita-txartela. Antzina, fisikariek hustasunari izu ikaragarria zioten modutsuan (horror vacui), gure denbora suerte garaikideak (hutsik dagoen horrek) asperdurari egundoko beldurra dio. Saldu egiten dugu bizitza, eta bizitza “bete” egin behar dugu, baina, inoiz, sekulan, ezin dugu berau hutsik sentitu. Gehienera jota, bizitza betetako hustasuntzat senti genezake. Lanez eta dibertsioz betetako hori dugu bizitza, beroiez ondo betetako hori. Asperdura, aspertzea, hortaz, mehatxu dugu. Asperdura ezin da zuzen-zuzenean asperdura moduan agertu; zeinek jakin zer gertatuko litzatekeen!, zer egingo ote lukeen baten batek zinez eta luzez asperduraren munduan bete-betean murgilduko balitz-edo! Badaezpada, zer gerta ere, asperdura apurñotxo bat agertu eta segi-segituan berau dibertsioz jantzi-mozorrotu behar dugu. Hau da, asko jota, norbera, “konturatu gabe”, bera “horren ohartun” ez dela, aspertu liteke, aspertzekotan betiere.

Koturatu gabe aspertze honi propio George Brassens-ek erreparatu zion bere abesti famatu batean (Quatre vingt quinze fois sur cent), besteetan beste, bere letran zera-edo zioskunean: “emakumea txortan aspertzen zen” (beste horrenbeste gizona, eratxikiko nuke nik, kontua gaukotze aldera). Bada, horrez gain, aitortutako horri jar lekizkiokeen eragozpenak ere ekarri zituen abestira:  gizona maitatzea (emakumea maitatzea gizonak, gehituko nuke nik), inportanteena tartean sartzea, alegia, maitasuna, laztan bakoitzari eskainitako arreta arretatsuan isla litekeen maitasuna.

Bada, hortik landa, baina aipatu abestiak ekarritako azken ideia horretan oin harturik, zera ere esan genezake, maitasuna zinez mirakulutsua izan daitekeela. Ez da gauza bakarra, baina maitasunak zinez eta benaz mirariak egin ditzake. Behin maitasunean murgilduta egonda, baliteke dena delako “eginkizun horretan” agian plazer-gloriarik batere sentitu ez (edo agian bai), baina, bateratsu, denboraren hustasunaren berri ez izatea.

Dibertitzea eta grinaren bulkadak eramana (edo erakarria) izatea kontu bana dira, gauza bana, guztiz desberdinak eta elkarren kontrakoak. Bien arteko alde-diferentzia hain da benetakoa, ezen nor bakoitzak, berau bihotzez sentitzen duen bitartean, ez baituen sekulan arrazoimenaz ulertuko (bihotza norberarena ez delako, ezta inorena ere).

Gizakia eta dibertsioa

Gizakia eta dibertsioa

Teologia ikasitakoa. Gai filosofiko eta espiritualetan jardunda.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude