Gimeno, zerbait gaizki egin duzula onartzen ari al zara?

Gimeno, zerbait gaizki egin duzula onartzen ari al zara? –

Gimeno, zerbait gaizki egin duzula onartzen ari al zara?Gogorarazi nahi dugu, 2019an, autonomia bakoitzak deialdietan atzerriko hizkuntzen titulazioa eskatzeko eskumena izan zezan ahalegindu zela Gimeno, araudia aldatzeko saiakera guztiak eginez. Baina, Hezkuntza Ministerioa honen aurka agertu zen, baita sindikatuen gehiengoa ere. Horregatik erabaki zuen PAIren Legea egitea, nahiz eta jakin legeriak xedatzen duela Nafarroako ikastetxe publikoetako irakasle funtzionarioek estatuko kidegoetakoak izan behar dutela. Hau horrela, egonkortze prozesua aprobetxatu zuen Hezkuntza Departamentuak PAIko 352 lanpostu ateratzeko, Nafarroako funtzionario bihurtu nahian. “Asmakizun” hau aurrera eramateko Navarra Sumaren babesa baino ez zuen izan.

Hau guztia legez kanpokoa izan zitekeela salatu genuen hainbat alderdik, sindikatuk eta taldek. Horretaz gain, STEILASek helegite bat jarri zion prozesu honi, baina Gimenok arriskuen jakinaren gainean zegoela, aurrera jarraitzea erabaki zuen.

STEILASen borroka ildo nagusienetakoa da PAI programa atzera botatzea. Urteetako borrokaren kanpaina eta idazki guztiak ikusgai daude gure webgunean. Gure jarduera publikoa izan da, eta ez dugu inoiz borroka hori ezkutuan eraman.

Gimenok, azken agerraldian STEILASen aurka izugarrizko astakeriak esan eta gero, errekurtsoa kentzeko eskatu zigun, baina ez da behin ere saiatu STEILASekin elkartzen irtenbide bat bilatzeko. Helegitea kentzea omen da irtenbide bakarra. Zeren irtenbide? Zergatik dago Gimeno hain urduri? Hain argi badu prozesua guztiz legezkoa izan dela, zeren beldur da orain? Ziur badago gauzak ongi egin dituela, ez du urduri egoteko inongo arrazoirik.

Prentsaurrekoan, Ane Apezetxea Gorrotxategi, Raul Lopez Ekai, Angela Campo Lumbreras eta Miren Ustarroz Goñi.

Ez dakigu helegite honek zertan bukatuko duen. Auzitegi batek erabakiko du. Guk argi utzi nahi dugu, gure borroka ez dela langileen aurkakoa. Badakigu Nafarroako Hezkuntza publikoan irakasle bikainak ditugula eta ez dugu inoren lana zalantzan jartzen.

Prozedura judizialaren amaieran zenbait eszenatoki ager daitezke. Guretzat hoberena 352 irakasle hauek estatuko kidegoetako funtzionario bihurtzea izango litzateke. Baita beste egonkortze deialdi bat egotea ere, atzerriko hizkuntza profilik gabeko lanpostuak egonkortzeko. Horrela, irakasle guztiak irabazten aterako lirateke eta ez litzateke biktimarik egonen, PAIk biktima asko sortu baititu. 352 hauek dira azkenaldian gehien aipatzen direnak, baina gehiago dira egonkortze prozesuaren ondorioz prekaritatean edo langabezian gelditu direnak, ingeleseko espezialista postuak galdu dituztenak eta, zer esanik ez, PAIren erruz kalitatezko hezkuntza jasotzen ez duten ikasleak.

Eta amaitzeko, Gobernu honi datuak hainbeste gustatzen zaizkionez, beste datu bat ekarriko dugu gogora. Maria Chivitek, 2014an, senataria zenean, beste batzuekin batera sinatu zuen Balearretako PAIren antzeko programaren aurkako inkonstituzionaltasun helegitea. Hango gobernuak ingelesaren betekizuna eskatzen baitzuen eta katalanaren ikaskuntza kaltetzen zuelako. Balearretarako txarra dena, ona ote da Nafarroarako?

Beraz, Gimeno, ez bota errua STEILASi eta azaldu zertara datorren zure urduritasuna, agian oraindik ez dakigun zerbait gordetzen duzu eta egin duzun bidean uste baino hankasartze gehiago daude.

Gimeno, zerbait gaizki egin duzula onartzen ari al zara?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude