Gibela, nortasunaren ispilu?

Gibela, nortasunaren ispilu? –

Gibela, nortasunaren ispilu?

Non daude gure nortasun, grina, nahikari-desio, maitasun, gorrotoen… iturri-sorburua? Buru-burmuinean ditu kokatzen gure mendebaldar kulturak zein berorren baitan garaturiko oraintsu arteko zientzia-medikuntzak. Horien aurrean, sarritan agian era figuratuan, eta hortaz eskatu beharreko gutxieneko zientifikotasun horren fataz-edo, bihotzarekikoak ere ozen eta argi aldarrikatu dituztenak ere hor izan ditugu betiro, gehien-gehienetan logika arrazoidun zenbatzaile eta oro-sailkatzaileaz haraindiko emozioen eremua aintzat hartze aldera errebidikatuz. Hein horretan, egiptoarrena izan omen genuen antzinate zaharrean kultura bihotz-erdigune-tar (cardicentrista) lehendar bat. Gurean ere, medikuntza aurrerazaleenean, buruarenak gainezka eginda, bihotzak ere bere lekua lortzeaz bat, hesteek eta berorien mikrobiotak hartu dute hirugarren lekua gogo sorburu era hirutariko horretan.

Eman lezake heste-bihotz-burmuin hiru polodun eskema horretan hartzen dugula jada oso-osorik eta alderik alde gorputz osoa. Baina ez, eta horretara dator propio lerro hauen zergatikoa. Hor dugu ahaztu behar ez genukeen gibela, gure laugarren polo-gunea, gure euskarak, eta batez ere gure euskara zaharrak, hain presente eduki duena bere hizketan. Sabel barrunbeko goialdean eta eskuinean dagoen organoa dugu gibela, behazun jariatzen duena eta odoleko zenbait osagaien aldaketen eragilea. Hori dugu Euskaltzaindiaren Hiztegiak luzatzen digun gibelaren lehendabiziko adiera. Bigarren adieraz, atzea, atzealdea dela esango digu.

Interesgarria gero, aipatu bi adiera hauek. Ez dakit hiztegiko adiera hurrenkera delako hori jatorri edo zinezko zentzu-hurrenkera bati ote dagokion… ez dakit nik bada! Horrela balitz-edo, gibela organo gisa gorputzaren atzealdean dago eta horretatik letorkiguke bigarren adiera… bestela balitz, atzealde eta gibela edo gibelalde elkarren sinonimo-baliokideak lirateke, eta horregatik gibelaldean dagoen organo horri gibela deitu zitzaion… joan ta jakin!

Nolanahi ere den, gizakiaren portaera zein nortasunaz ari garelarik, bere gibelari legozkiokeen adjektiboek zeresan askorik dute. Atzealdeak badu asko gorde, ezkutu eta erakutsian jartzen ez den horretatik, noiz preziatua, intimoa… noiz are ezkutukoa, itzalpekoa, sekretua, iluna ere. Gizaseme baten gibela baliatzen dugunean bere nortasunaz aritzeko, sarri askotan zentzu berdintsu samar batean generabilke; horrela gizaki gibelkortzat joko genuke bere buruarentzat barne-gordeta asko edo nahikotxo duen bat; norbaiten gibelasmoak ere ez dio ihes egiten zentzu berekoi eta negatibo bati…

Dena den, eta Iñaki Segurolak zenbait euskarazko hitzekin esaten digun moduan, euskaraz askotan hitzak ez dira ez positibo ez negatiboak, eta harien testuinguruak eta erabilerak ebatziko dute haien zentzuaren alde batera edo besterakoa. Gibela oso ere oso garrantzitsua izan da euskaldunontzat; zorionekoa gibela!, hara biltzen ziren-eta amodio eta gorroto guztiak. Euskara zaharrean batik bat, zenbait hitz nondik begiratzen ziren, halakoxea ere euren zentzu positibo edo negatiboa.

Oraingoan baina, gibelaren kasuan, grina guztien elkargune den aldetik, batetik zein bestetik zenbat bildu, honelakoxea edo halakoxea ere gibela. Eta horren segida baino ez dena, nolako gibela, halako gizasemea. Hori horrela, nork edo nork gibela zuria zuela zioten zintzoa zenean, eta gibela beltza, krudela zenean… Horiekin batera, zerrenda luze samar bat ere osa genezake gibelaren ezin konta ahala kalifikaziorekin: gibel gozokoak ditugu, gibel beldurtiak, gibelondo onekoak, gibelaundiak erdarazko calzonazos adierazteko… Bestealde, gibelmina herra edo gorrotoaren baliokidetzat jo liteke. Gibel-asmoa ekintzen edo esanen zeharbidezko edo bigarren asmo bati legokioke (ageriko asmoak bere asmo osozkotik gordeta-edo utzi duena).

Ikusita moduan, gibelak, atzealdeak bezala, alde ilunxe batekin lot badezakegu ere hasiera batean, honek euskararen munduan ez du horrela zertan izan. Euskara-euskaratik pentsatuta, bestela ikusi behar dugu. Euskaldunon ikusian, gibela giza grina eta pasioen elkargune gorena baino ez dugu. Gure garaiko gizarteak, gainpisua, alkohola eta elikadura direla-eta, gibel gero eta gantzatsuagoa omen du, hala diote medikuntzatik kezkaz eta larriduraz. Odolaren kalitatean zein honen fluxuan zeinen garrantzitsua den ondo ere ondo dakite eta.

Halere, badago zerbait ez dakitena, agian euskarak eta bere jakinduria zaharrak jakin uste duena edo aurre-jakin duena, eta zera eta hauxe da; grinek gibelean, edo gibelak grinetan, edota akaso bi-biak elkar eraginka, batek jakin!, baina biak ditugu elkarren gertu-gertukoak, jaki eta ogi.

Zientziak honen gainean zer edo zer argitu artean, euskararen jakinduria zaharrari eutsita, zain dezagun gibela, batetik, eta, zain ditzagun gure gogo, grina eta emozioak bestetik, beti zer gerta ere.

Gibela, nortasunaren ispilu?

Teologia ikasitakoa. Gai filosofiko eta espiritualetan jardunda.