Geurea zuritzen hasita, ezin zurikerietatik guztiz libratu

Geurea zuritzen hasita, ezin zurikerietatik guztiz libratu –

Geurea zuritzen hasita, ezin zurikerietatik guztiz libratuZuriari egin nahi diot kontu, zuri koloreari euskaldunen artean. Ezin baina horrelakorik zuzen-zuzenean egin, edo hobe ez egitea. Izanez ere,gurean, aspaldiko gizarteetan antzo, hirutasun moduko batean agertzen zaigu zuria, gorria eta beltzarekin batera. Zuria, gorria eta beltza, hiruek ala hiruek osatzen dute, elkarrekin, balioeste unibertso modutsuko bat. Hiruek, noiz adiskide, noiz kontrario eta lehiakide, ekarrekiko amodioa edo elkarrekiko gorrotoa tarteko ere, bizi gaituen ingurune bat irudikatzeko balio izan dute. Moralaren eremuari ere, bere on eta txarrei ere, kontu egiteko ere balio izan zaizkigu kolore hauek, batzuetan gorria zuriaren kontra, bestetzuetan, beltzak zuriari kontra egiten ziolarik.

Hiru kolore horietariko zein bakoitzak ez dio beti esanahi edo zentzu berberari eutsi; egoeran egoera, hizketan hizketa, baina, batik bat, zein errealitate klase kalifikatzen duten, zentzuz aldautz-edo joan daitezke aipatu koloreak. Berauek zein errealitateri kontu egin, halakoxea ere euren adiera eta zentzua. Gisa horretan, denetariko hitz-jokoak izan ditugu, izan; “bizar zuriak”; kaskazuriak (“kaskagorri” eta “kaskabeltzak” bekoz beko zituztelarik); “ganadu edo hazienda beltzak”; “haize xuria” (“haize beltzaren” kontrast) eta “hego xuria”…zein, are libro geratzen ez den ura ere, “urtxuri” bilakatuta (“urlbeltxaren” kontra, eta ur burdintsua izendatzeko erabili ohi den “ur gorria” ere, hor, aurrez aurre, zuelarik)… Modu batez zein bestez, beroiek sarri agertzen zaizkigu inguratzen gaituen natura eta zenbait eta zenbait errealitate kalifikatze aldera: haizgorri, hatxuri eta haizpeleta, landazuri, landagorri eta landabeltz, hormazuri, hormagorri eta hormabeltz, mendibeltz, mendizuri eta mendigorri, larragorri, larrabeltz eta larrazuri, hegibeltz, hegizuri eta hegigorri…

Zuriari, baina, bere bakarrean erreparatzen badiogu, baina, oroz gain, gure jarrerei, ekintzei eta giza kontuei loturik erreparatzen badiogu, zentzu arrunt desberdinak hartzen dituela ikusiko dugu, are adiera kontraesankorrak ere hartzen dituela, are elkarren guztiz aurkakoak ere direnak sarri askotan. Adiera txar edo, gutxienez, igurtzi txarra hartu du maizenean, gehienetan, tranpa, amarrua edo engainagarri samarra den hori adierazteko erabili ohi da “zuri” hitza: ahoxuria, mihixuria, mingaintxuria… Faltsukeriarekin lotu ohi da zuria, besteok faltsuki laudatzearekin, engainatzearekin. Izuna eta egainua du hor, bere baitan, zuriak. Zurikerietan jardunez gero, izunkerietan ibiliko ginateke, alegia, gezurretan, faltsukerietan. Norbera “zuri bat” izatea ere ez dugu kontu ona.

Nolanahi ere den, giza kontu hauekikoetan ere, zabala dugu oso zuriaren eremu semantikoa, eta, esate baterako, inor zuritzeak berau jusitifikatzetik edo desenkusatzetik izanik, berau konbentzitzetik ere izan lezake. Kontuak garbitu ere egiten dira, berauek zurituz gero. Inor zurikatuz gero, berau lausenguz hartzen arituko ginateke. Onean egonez gero, hau da, bake betean, zurialdian geundeke, eta, zuribidea bilatuta, aitzakia bilatzen. Hona hemen, esaterako, azken adiera horrekin bat egiten duen Txomin Agirreren pasartetxo bat, adibide gisa: “Au izan da geyenetan beintzat, becatua garbiro ez aitortzea, baicic gaiñchuritzea… Onelaco itz gaiñ-churituac calte geyago egiten due aciera ona duenen artean”. Zerbaiten aitzakian aritze honek nork bere burua justifikatzearekin ere izan dezakeela zerikusirik ikusita, era engainagarri eta faltsu batean baina; ez, hortaz, zinetan eta zilegikiro bere burua justifikatuaz, zuribidean edo zuribidea bilatuta baizik.

Halere, badago, bestalde, justifikatze “onarekin”, “zilegiarekin”, edo, beste gabe, justifikatze hutsarekin loturik legokeen zuritzearen adiera bat, Orixeren honako bi pasarte hauenak, esaterako:

“Elduango Parroakiak zerbait lagun bera zion; baño gañerontzean berak ba zun zerekin zuritu Seminariokopaga-bearra” (ORIXE, Santa Kruz Apaiza, 16. or.) “Diputazioak batzarra egingo du Gernikako aritzaren pean eta Fueroak agindu bezala, ekarriko du, gerrako gastuak nola zuritu (ORIXE, Santa Kruz Apaiza, 28. or.).

Alabaina, beraren berorren beste pasarte batean zuritzeak ez du justifikatze zilegi delako horrekin loturarik, eta, bai, aldiz, aitzakia faltsu, engainagarri eta merkeekin aritzearekin:

“Liberal gizagajoak asi ziran zurikerian eta koipekeritan bizkaitar karlistakin, atsekabe ematen zitela ango zabaldien eta lurren ondatzeak, eta Bizkaiaren airrerapena galerazi bearrak” (ORIXE, Santa Kruz Apaiza, 27. or.).

Ez dakit nik, hortaz, euskadunontzat ezer justifikatu behar izatea ez ote den faltsukerietan ibiltzea, hein batean bederen, ez ote duen betiere izuna izateko arriskua mehatxuka. Eta hala ez balitz ere, justifikatze huts eta soil bestetan ez den ikusitako kasu horietan antzo, ez dakit nik bada, gure jarrerak, ekintzak eta kontuak “zuritzea” benetan merezi ote duen/digun. Ez dakit merezi ote duen, jakinda zer muga lausoa dagoen, “justifikatze on” eta amarruetan erortzea baino ez den beste justifikatze zikin horren artean. Hobe agian justifikazioekin ez ibiltzea, ahal dela behintzat, ezen, eginez gero, gurea zuritzen arituko gara-eta.

Geurea zuritzen hasita, ezin zurikerietatik guztiz libratu

Geurea zuritzen hasita, ezin zurikerietatik guztiz libratu

Teologia ikasitakoa. Gai filosofiko eta espiritualetan jardunda.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude