Geure herrian bizitzeko eskubidea

Geure herrian bizitzeko eskubidea –

Ertz ugari eta arantza askotarikoak dituen gaia da hau eta artikulu labur honetan, funtsean, ideia bakar hauxe azpimarratu nahi nuke: euskaldun gisa, lehenesten dut gutako bakoitzak geure herrian bizitzeko dugun eskubidea, norberak nahi duen herrian bizitzeko duen eskubidearen aurretik. Munduko herrialde populatuena den Indiakoa banintz, edo bigarren populatuena den Txinakoa, agian, nonahi bizitzearen alde egongo nintzateke, baina herri ttiki batekoa naiz.

Jadanik badira hiru hamarkada boteretsuenek -multinazional zuzendariek, gobernu indartsuenek eta lobby garrantzizkoenek, oro har- politika antinatalistak eta immigrazioaren aldekoak bultzatzen dituztela, funtsean, salgaiak merke lortzeko eta haien salmentarekin mozkin handiak ateratzeko. Multinazional eta enpresari handiak, erabat harturik, immigrazioaren alde!

Geu ere, boteretsuak ez garenok, maila batean, migrazioaren onuradun izan ohi gara. Esaterako, eraikin berrikuntzak sarri askotan gizon errumaniar eta portugesek egin ohi dituzte bertako gutxi batzuekin batean; adineko ajeatuen zaintza, batez ere, hispanoamerikar emakumeek egiten dute -nikaraguarrak hamar mila inguru ba omen dira horretan ari direnak- eta beste hainbat lan itsusi, bertakook nahi ez ditugunak. Kalteak ere jasaten ditugu. Proportzioan, delitu gehiago egiten omen dute -biztanleen kopuru osoa hartuta ez, baina atzerritarrak bakarrik hartuta, bai!-; eta hilketa matxistak ere bai, proportzioan, baina ez dugu apenas gisa horretako informaziorik jasotzen; eskuin eta ezkerreko ideologiek estaltzen dituzte datuok euskal hedabideetan, eskuin muturreko ahoberokeriak gorabehera.

Geure herrian bizitzeko eskubideaGauza jakina da euskaldunok ere migratzaile izan garela azken bi mendeetan. Batetik, XIX. eta XX. mendeko gerrak zirela eta; bestetik, baserrietan ume asko izaten zirelarik, baserria maiorazkoari utzi behar zitzaiolako osorik… Bereziki bizkaitar eta baxenabartar eta zuberotarrak XIX. eta XX. mendearen zati handi batean migratzaileak izan dira, Ameriketara eta Australiara, eta Parisera eta Madrilera, eta beste hainbat lekutara. Eta orduan, Ameriketako Far West, edo Argentina-Uruguai eta Australia-eta, oso ere urrun zeuden, eta gehienetan neke eta estualdi gorriak pasatu behar izan zituzten hara heltzeko eta han lan egiteko. Ipar Amerikako mendebaldean, kasu, koiote eta pumen erasoetatik babestu behar zituzten ardiak; kriskitin-sugeak ere baziren; muturreko eguraldia, bestetik: sekulako beroak eta hotzak. Bakardadea ere etsai gogorra zuten. Artzainek ganadu-zale cowboyekin liskarrak (erailak ere izan ziren) izaten zituzten. Eta etorkinak, gutxi edo gehiago, beti pairatu behar izan du xenofobia: Far Westen, dirty bascos eta black bascos deitu izan zieten euskal artzainei. Alde batera, beraz, egungo migratzaileek pairatzen dituztenen antzekoak, diferentzia historikoak alde batera.

Alabaina, hizkuntzari dagokionez, emigratzen zuen euskaldunak bazekien lehenago edo beranduago joandako tokiko hizkuntza ikasi beharra zeukala. Esaterako, Argentinara Espainiako gaztelerarik jakiteke joaten ziren batzuk: “vos, che, ustedes”-ka etortzen ziren, eta hemengoek barre egiten zieten. Pello Mari Otaño bertsolari famatua hiru aldiz joan zen Ameriketara eta han hil zen. Ez dakit hango kutsuz mintzatzen zen gaztelaniaz, baina gaztelaniaz idazten ere ikasi zuela bai, haren gutunak lekuko. Jeneralean, bigarren belaunaldiak galdu egiten zuen euskara, eta hirugarren belaunaldian, batzuek berreskuratu dute.

Gurera, Espainiatik 1950etik 1970era etorritako laurehun bat mila etorkinetako askok, aldiz, ez zuten ideia hori ekarri, eta ez dute ikasi hainbat arrazoirengatik; beraz, ezin dira gure emigrazioa eta izan dugun immigrazioa berdindu, arlo linguistiko-kulturaletik behinik behin. Ez eta egungo immigrazioa ere, askok bai baitakite gaztelaniaz. Mende-bueltan hasita gaurdaino Hego Euskal Herrira etorritako atzerritarrak 400.000tik gora dira jadanik (EAE: 275.000; Nafarroa Garaia: 130.000), eta emari horrek ez du etenik.

Bestalde, Europan oro har, eta gurean bereziki, ume gutxiegi jaiotzen den bezala –instituzioek laguntza gutxiegi eman dute azken urteetan–, Afrikan eta Asian eta gehiegi jaiotzen direla guztiek bizitza duin bat izateko –gerra ugari ere badago– eta hango gobernuek eta ez dituztela politika kultural egokiak abian jartzen, eta horren ondorioz, askok erabakitzen dutela, bizia arriskuan jarriz, euren jaioterrietatik migratzea nola edo hala, ondorio tragikoekin. Miresten ditut migratzaileen elkarteetan engaiatzen direnak baina ez horren inguruan maiz sortzen den hipokrisia. Zein jatorrak garen azaltzeko zenbat teatro egiten dugun! Garbi dago, herri txikia garela eta ezin dugula munduko miseria suntsiarazi.

Migrazioak, lehenik, zailtasun eta gabezia ugari ekartzen dizkie migratzaileei. Beti da zaila egokitzapena, bereziki ekonomikoki behartsua bazara, gehientsuenak diren bezala. Eta halaber, arazoak sortzen dizkiete estatu sendoa duten herrialdeei ere, eta, jakina, gurea bezala herri zatikatu eta erabakimen gutxikoari are gehiago. Lehenik eta behin, migratzaileak garbi ikusten du hemengo hizkuntza nagusia zein den, eta zein ikasi behar duen lehentasunez. Haien seme-alabek zer egingo duten ikusteke dago, baina haiengan ere ezin dugu esperantza handirik izan, gurasoak erdaldun sozializaturik.

Euskaldun iraun nahi badugu, lehenik, erabakimen politiko gehiago behar dugu noski, eta hizkuntza-politika eraginkorragoak eta herritarron babesa eta erresistentzia, eta, politika natalistak. Asko baino lehen, komunitate gutxiagotua izatetik hondartxo bat baino ez izatera iritsi nahi ez badugu, gutako bakoitzak geure herrian bizitzeko dugun eskubidea bermatzeari eman behar diogu lehentasuna, eta horixe galdegin politikari euskaltzale-abertzaleei.

Geure herrian bizitzeko eskubidea

Idazlea, irakaslea, hizkuntza-normalizazioko teknikaria (Azkoitia)

17 pentsamendu “Geure herrian bizitzeko eskubidea”-ri buruz

  • Eskertzeko artikulua, behingoz argi hitz eginez.

  • Baratxe-baratxe, zerbait baino gehiago bota duzu gure hil ala biziko afera honetan. Eskerrik asko.
    Besteok erabe eta beldur gara hainbat arazoz hitz egiteko. Gizarte honetan nausi dabiltzenen beldur, eta hori tristea da, lau lagun eta horrela bizi behar izatea

  • Alegia, euskaldunak migratzaile hobeak izan garela Argentinan espainieraz eta Estatu Batuetan ingelesez ikasi dugulako? Ejem… ejem… tujum tujum tujum!!!

    Zenbat euskaldunek ikasi dute argentinan maputxeraz, Mexiko nahualeraz, AEBn navajoeraz?

    Eta ez ahaztu jatorri euskalduneko amerikar aberatsek hango herri indigenen suntsipenean izandako ardura.

    Berariaz ahazten duzu gure bizi maila afrikar eta hegoamerikarren pobreziaren gainean eraikia dagoela, gure gobernuek hangoei ezartzen dieten baldintzapen estuan mantentzen dena (begira Venezuelan nola egotzi nahi den gobernu demokratiko bat Europak eta AEBk bultzatu eta finantzatutako estatu kolpe batez, bakar-bakarrik petrolioa nazionalizatu izanagatik), eta errua Afrikako gobernuen politika kultural faltari egozten diozu, ume asko izatea eragozten ez dutelako. Ejem…

    Diskurtsoa nahi duzuen guztia finduko duzue, baina mesedez, behintzat zeuen buruari aitor ezaiozue desberdin begiratzen diozuela euskaraz eskatzeagatik erantzun txarra ematen dizuen tabernari erdaldun bertan jaiotakoari eta hegoamerikatik etorritakoari.

  • Ez dut sekula pentsatu migratzaile hobeak garenik. Kontatu dudana ebidentzia bat da.

  • Benat Castorene 2024-09-22 17:33

    Trankil zaite Pako, modu biziki ñabarmenduan edo orekatuan mintzatu zira.
    Ezin gara alabaina gure arbaso emigranteen iraganeko ardura eta egiteengatik itsu egon behar gaur imigrazioak ekar lezakeen kalte komunitate linguistiko zapaldi tipi batean, Baietz nunbait hobendun garela etorkinei egin nahi ez duguna eginaraztea gatik. Hortan da gure kulpa kolektiboa.
    Kuraia duzu zeren eta gaur ez bazara imigrazioaz mintzatzen segituan errateko bertan dena ondo, justu eta beharrezkoa dela, eskuin muturra baino haratago sailkatzen zaituzte. Erridikulua bilakatu da.
    Azken ohartxo bat Pako, hemen Uztaritzen “gutako bakoitzak geure herrian bizitzeko dugun eskubidea” inork ez dit ukatuko baina geitzen badut “euskal komunitate batean” orduan hasarrea edo irria eraginen ditut.
    Adeitasunez

  • Eskerrlk asko ebidentziak kontatzeagatik. Hori bai migratzaile (zehatz) batzuek proportzioz delitu eta bortxaketa gehiago egiten dituzte (eta ez “omen” idatzi duzun moduan) baita hilketa matxistak ere bai (proportzioz). Eta bai, idatzi duzun moduan ez dugu apenas horrelako informazioa jasotzen.

  • Agur sinpatiko bat Benat!

  • Ziriñerentzat Atzo

    Ziriñe:
    Immigrazio masiboa=eskuin muturraren gorakada. Hori nahi?

    Arazoei aurre egiteko lehen urratsa, arazoa ikusi eta onartzea da.

    Immmigrazioarekin eta jaiotza tasa baxuarekin euskarak arazo oso-oso larria du (konponbidea ez da dirua, mentalidade aldaketa baizik).

  • Ziriñe Atzo

    Aitor S., ez dakit datuak nondik atera dituzun. Dena den, datu horiek beste hauekin irakurri behar dira: pobreziak delituen kopuruarekin duen harremana, migrante kolektiboek pobreziarekin duten harremana… Eta zenbait migrante kolektibok matxismoarekin harreman nabarmena baldin badute, horri heldu beharko zaio, delitugileari beste edonork jasango lukeen zigor bera jartzeaz gain.

    Sinadurarik ez duzun horrek, zinikoa behar da izan “inmigrazio masiboa=eskuin muturraren gorakada” botatzeko. Arazoa ez da eskuin muturra bere horretan, baizik bere diskurtsoa gailentzea, ezkerreko jendearen artean ere zabaltzen ari dena.

    Pako, Amerikara joanako euskaldunek ez zuten hango hizkuntzarik ikasi, kolonoen hizkuntzak ikasi zituzten, hona datoztenek egiten duten modu berberean.

    Migranteak euskarara erakarri behar dira, bertako erdaldunak erakarri behar diren neurri berean. Zergatik batzuekiko tema handiagoa??? Euskararen etsaiaren kontrako ezintasunak baldin bagaramatza arazoaren jatorria gaizki identifikatzera, alfer-alferrik gabiltza.

  • Ziriñe Atzo

    Pako, eta zure tesi nagusiari erantzunez, ez da norberak “nahi” duen herrian bizitzeko eskubidea.

    Nik lehenesten dut inor inoren lepotik bizitzeari aurre egiteko eskubidea. Eta gu haien lepotik bizi gara.

    Gomendatuko nizueke irakurtzea “Las venas abiertas de América Latina” eta “Patas arriba. La escuela del mundo al revés”, Eduardo Galeanorenak biak. Eta euskaraz, “Moroak gara behelaino artean?”, Joseba Sarrionaindiarena. Liburu bikainak den-denak, gauzak ulertzen laguntzeko paregabeak.

  • Euskaraz bizi eta irakurri Atzo

    Eduardo Galeanoren “Las venas abiertas de América Latina” liburuak badu euskarazko edizio bat “Latinoamerikaren zain urratuak” bezala ekarria, UEUk 2021. urtean argitaratua.

  • Ziriñe Atzo

    Eta azken gauza bat ere esango dut ixildu aurretik.

    Guk guztiok ere hainbat gauza jartzen ditugu euskararen aurretik. Denda batera joan eta, euskaraz artatzen ez gaituzten arren, erosketa burutzen dugunean, euskararen aurretik bestelako interesak jartzen ari gara. Erdaraz egiten digun poliziari men egiten diogunean, gure ongizatea lehenesten ari gara, euskararen aurretik. Zenbait lagunekin erdaraz egiten dugunean, euskaraz ez dakitelako, ez gara euskara lehenesten ari, lagunari errietan egin arren. Eta abar, eta abar, eta abar.

    Egoerak eramaten gaitu horretara, eta egoerak ekarri ditu hona etorkinak eta lehenetsi arazi die erdara.

    Euskararen egoera espainiar eta frantziar estatuen inposaketaren ondorioa da, eta hor jarri behar dugu fokoa.

  • Iñaki U. Atzo

    Zorionak Pako!
    Garai honetan errealitate gordina eta xumea azaltzea ausardi ariketa ezohikoa da.
    Diplomazia handiz eta galga jarrita azalduta ere.
    Askok nahiago dute mundu magikoan bizitzea (“No borders, no nations, just people” – “Emigratzea (nahi den lekura) giza eskubidea da”), eta gero errealitateak eztanda egiten du (beti).

  • Ziriñe Atzo

    Guk ez daukagu gure herrian bizitzeko eskubidea, guk gure herrian eta daukagun bizi mailarekin bizitzeko luxua daukagu.

    Munduko biztanleriaren %99k ez dauka luxu hori. Pentsatzen dut horiek guztiek nahiago luketela euren kezka handienetakoa izatea beraien hizkuntzaren galera etetea.

  • Mikel Haranburu Atzo

    Ziriñek: “Euskararen egoera espainiar eta frantziar estatuen inposaketaren ondorioa da, eta hor jarri behar dugu fokoa”.
    Estatu horien inposaketa orain mende batzuk direla hasi zen, baina formazio handirik eta munduaren berri ez zuten haiek, aldiz, eutsi zioten hizkuntzari neurri batean. Orain, berriz, formazioa badugu, izugarri ongi bizi gara, ongi diozunez, eta munduaren berri ere sobera dugu.
    Euskararen egoera euskaldunon egoera da; Euskara bost axola hiztunak axola ez bazaizkigu.
    Jende asko gara euskaldundu garenak azken bost hamarkadan, zeinahi den estatu horien inposaketa, baina beste askok ez dute ezer egin. Etorkinek aurkitzen dutena hartu, besterik ez dute egiten, baina bertako jende gehienak ez du deus egiten hizkuntza berreskuratzeko. “Euskaraz bizi nahi dugu” atorra daramaten jende askotxok ohekidea erdaldun hutsa dute. Euskaraz egiteko gai diren jende batzuk erdaraz ari zaizkigu lotsagabeki. Eta nolatan nahi dugu etorkinek geure hizkuntza hautatzea geuk sarri askotan bazter uzten badugu?

  • Arratsalde on,

    Eztabaida honetan parte hartu edo ez hartu ibili naiz, hausnarketa batek beste bat dakarrelako atzetik eta azkenean… zertarako? Hori da nire galdera. Hemen inbertitutako denbora eta energiak emango al digu aurrera egiteko indarra? Edo ezinegona azaleratzeko bide bat baino ez al da izango? Urteak daramatzagu Zuzeun eta beste esparru digitaletan gure nahigabea erakusten. Eta gogoak? Aurrera egingo al du? Praktikarik sortuko al da hemendik? Denborak esango du, baina guk badaukagu horretan zeresanik.

    Ez diot iruzkinaren luzeerari begiratuko. Interesa daukanak irakurriko du, ez daukanak ez du egingo. Bapatekoaren garai honetan aurrera egiteko bapatekoari aurre egiten ikasi beharko diogu.

    Pakoren artikuluarekin hasiko naiz eta, bide batez, eskerrik asko zure hausnarketa partekatzeko denbora eta arriskua hartzearren.

    Lehenbizi, eskubide kontzeptuaren izana bera problematikoa da, eskubidea eskubide natural moduan ulertzen dugun momentutik. Gure gizarteak eskubidea entitate metafisikotzat hartzen duelakoan nago, emana eta ukagaitza den zerbait bailitzan. Ez, ez eta ez! Eskubidea hitzarmen sozialaren zati bat da, ez da zeruko argitik eratorritako zera bat. Eskubidea eman eta ebatsi daiteke, erraz, botere harremanek ezartzen dutenaren arabera. Hau da, niretzat, abertzale moduan egin beharreko hausnarketa sakonetako bat, metapolitikoa zentzu batean, boterearen eraginaren gainekoa, alegia; finean borondatearen gainekoa den hausnarketa bat.
    Beraz, eskubide bat (zilegia den borondate arautu bat) bestearen gainetik ezartzeko bide bakarra, botere harremanen eragite horretan, gure herri(et)an bizitzeko eskubidea den borondate zehatz horren gailentzea da. Batetik, lehentasunen hierarkia bat ezartzea. Bestetik, eskubide kontzeptua berriz ere bere inguruabar historiko, sozial eta zuzenbidezkora itzul dadila haretaz hitz egiten dugunean.
    Beraz, tamalez, ez daukagu eskubiderik borondate hori ez delako gizartean gailendu. Gure betebeharrik behinena ez da eskubide hori eskatzea, baizik eta ESKURATZEA. Horretan datzalako sakonean politikak, borondatez eragitean. Geroago, agian, hitz egin genezake eskubide hori lortzeko gobernuz gaindiko bide batzuetaz.

    Migrazioaren kalte kulturala ez datza migrazioan berez, migrazioaren zenbakietan baizik. Zentzu teorikoan, sistema ireki baten egonkortasuna kanpo eragina saihesteko duen gaitasunean datza. Ikusteke dago zenbat migratzaile jaso ditzakeen eskualde batek, herrialde batek, hiri edo herri batek bere oreka zentzu horretan aztoratuta ikusi gabe. Zer behar den giza harremanak etorberriek ez ditzaten eraldatu, nola ekidin daitezkeen txirotasun-poltsak eta getoak, nola ekidin kulturarteko talka… gauza gehiegitxo dira ikertu beharrekoak.

    Erdiko parrafoetan diozuna zentzuzkoa iruditu zait, beharrezkoa ere bai. Ez diot iruzkinik egingo, ordea, horretan sakontzeak, nire ustez, ez diolako eztabaidari askoz gehiago eskaintzen eta besteen iruzkinen bidez sakontzeko parada izango dugulako.

    Azken parrafoan egindako aipamen batek, ordea, hainbat buruhauste sortzen dizkit. Demografia madarikatua ageri zaigu begien aurrean. Politika natalistak aipatu dituzu. Ongi. Ados nago. Gure gizarteak ordea ez du nahi eta zaila izango da lortzea. Baina ezkutuan zegoen egia bat bistarazu duzu, maneiatzen diren diskurtsoentzako deserosoa dena… Jaiotzak gauza bat dakar berekin: leinua.
    Leinurik gabeko herri bat ez da herri eta ez ezer. Ziria sartu nahi digute ez dakit zenbat milaka pertsona euskalduntzearekin herria bizirik mantentzeko nahikoa izango denaren ideia horrekin. Baina milaka pertsona horiek badaukate haien leinua, eta hizkuntza leinuaren zati bat baino ez da, haien leinua ez da gurean diluituko, kontrakoa agian bai. Hor ageri zaigu beraz batzuetan ona eta besteetan txarra den hitz bat: etnia. Eta ezdakitnongo herrialdeetako emakumeek EAEko jaiotakoen herena erditzen dutenean (espainiar hiritartasuna dutenen artean euskal haurrak izateko borondatedunak zenbat diren ere ez dakigu), denborarekin, talde etnikoaren ordezkapen bat gertatuko da halabeharrez, baldin eta etorri berriak diren leinuak hemen ohikoa den ugalkortasun tasara jaisten ez badira. Baten batek esango luke: ez, lasai egon, eskolak bertakotuko eta euskaldunduko ditu. Eta nik: Zuk uste? Euskaraz alfabetatuko ditu, gehienez, estatistiketan polit-polit agertzeko, maileguzko euskaldun bihurtuak. D ereduan eta erdal eremuan hazitako honek ongi daki.
    Gure etnogenesitik ona, euskaldun egin gintuen zera horren hasieratik ona, leinua izan da, nabarmen, euskaldun biziraunarazi gaituena. Odolaren mintzoa, aitaren etxea, ama Euskal Herria… Euskal jaiotzarik gabe Euskal Herririk ez. Honek ez du eztabaidarik onartzen. Leinu bat euskalduntzea (zentzu etniko eta ez soilik hizkuntzazkoan) zaila bada imagina ezazue zer izan daitekeen EAEko jaiotzen herena den leinu arrotzen saldo hori euskalduntzea, bertako arrotzen leinuei gehituta.

    Sekulako endekapena pairatzen ari gara eta sortu gintuzten bertuteetako batzuk berreskuratu gabe desagerpenera goaz zuzenean. Familia, komunitatea eta sinesmena elementu arras garrantzitsuak dira eta izan dira. Deseraikuntzaren maisu asko horrelakoak irakurtzean izutuko dira, atzerakoikeriaren zeinu omen baitira. Baina herri batek bere oinarrizko egiturak behar ditu bizirauteko. Gezur erosoetan ezin gara babestu baldin eta herria, benetako herria eta ez hiztun erdipurdikoen nahas-mahas bat, bizirik mantendu nahi badugu.

    Iruzkinei dagokienean:

    1) Paulo: beldurrari aurre egin behar zaio, baina baboa izan gabe. Arerio baino azkarragoa izan beharko gara eta borroka esparrua zentzuz hautatu. Ongi neurtutako arriskuak hartu eta noizbehinka, bai, erronkaren bat bota.

    2) Ziriñe, arrazoia daukazu, mendebaldeko herrialdeetako aberastasuna heren munduko herrien ustiapenetik etorri da. Guk ordea, ez dugu horretan inolako erantzukizun zuzenik izan. Herri gisara euskaldunok ez dugu inoiz beste herri bat zapaldu, horretarako egitura politikorik izan ez dugulako, gure historia politikoa Erdi Aroarekin batera bukatu zen baldin eta inoiz euskaldun gisara izan bagenuen. Euskaldunon partaidetza zuzena izanagatik ere intzidentala izan da, beste estatu batzuek hasitako prozesu baten menpekoa. Bestetik, historia bere kontestuan jartzea eskertzekoa litzateke. Ez da kolonialismoak hasitakoaren ukapena egiterik, horrek gauzak nolakoak diren ulertzea dakar berekin. Baina bestetik horrek ez du guk daukagun errealitate berri hau ukatzen, inondik inora ere.

    3) Aitor S.: are larriagoa dena, delitu mota zehatz batzuk, sexu bortizkeriarekin harremana daukatenak esaterako, ugarigoak dira herrialde batzuetan beste batzuetan baino. Okerragoa dena, haietako askotan guretzat delitu direnak eguneroko ogia dira. Delitugileak delitugile izateagatik jarraitu behar dira, baina kontuz etxera nor gonbidatzen duzun… ez ditzagun denbora luzez saihesten ibili garen disfuntzionaltasunak inportatu.

    4) Espainiar eta frantziar estatuek haien erantzukizuna daukate, nola ez, eta milaka faktorek eragiten diote egunerokotasunean gure hizkuntza hautuari. Kontrol batean gelditzen nauen poliziari agian ezin diezaioket euskaraz egin, baina taberna edo denda batzuetara joateari uko egin diezaioket eta beste batzuk hobetsi, ahal denean. Ongi diozu, gauzak ez dira zuriak edo beltzak eta horregatik aipatu dut ongi hautatu behar direla borroka eremuak. Bide batez, kafea merkeagoa da etxean hartzen bada. Eta honi lotuta, zenbat balio lezake hiri batean soziedade gastronomiko bat ireki eta mantentzeak? Hor alternatibak.

    5) Guk bizitzeko luxua izango dugu, bai, eta hizkuntzaren galera baino kezka gehiago ditugun arren ez gaude gosez edo gerragatik hiltzen. Gu, ordea, ez gara munduko arazo guztien erantzule eta neronek behintzat ez dut nire erantzukizunaren partea ukatzen, egokitzen denean. Daukaguna, ordea, besteek ez daukatenaren arabera baloratzea, batez ere balorazio horrek moralkeria kutsua badauka, ez da nik babestuko dudan zerbait.

    6) Bai, Mikel, gure erantzukizunaren partea handia da eta hausnarketa hori egin beharrekoa da, lotsa eta gezurrik gabe. Ohekidea erdalduna… agian endo(etno)gamia hobetsi beharko da.

  • Eskerrik asko Eneko bAt.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude